Sisifori izkin

Hedabideetan-eta idazten dugunontzat nahiz hedabideen jarraitzaileentzat, errealitatearen alderik neketsuena da eguneroko martxak ez duela atsedenik hartzen. Inoiz ez. Ezta udan ere, albiste gutxi ematen omen duen sasoian: guk atseden hartzen baitugu, munduaren ibilaldiak ere har dezala atseden. Alferrik, ordea. Hartan ere errealitateak uko egiten dio oporrak hartzeari: ez da falta izaten gerrarik, istripurik, eskandalurik, estimutan genuen norbaiten heriotzarik. Errealitatea ez da nekatzen, mendian gora eta mendian behera dabilen Sisifo nekagaitza da, eguneroko gertakarien harri tzarra garraiatzen.

Ez, errealitatea ez da nekatzen. Baina hedabideetan-eta errealitatea deskribatu nahian dabilena, bai, nekatzen da. Eta nekatzen da eguneroko gertakizunak arretatsu irakurtzen dituen lekuko interesatua ere.

Bada, errealitateak oporrik ematen ez digunez, norberak hartzea onena. Zuek, nik.

Kontra-etiketatik

Bere senean dagoen inork ez du zalantzan jarriko sareak munduari ekarri dion onura. Babel mugarik gabea txiki utzi duen unibertso are mugagabeago bat sortu da (sortu dugu) oso denbora laburrean eta ia oharkabean. Denetik dago, denetik aurki daiteke bertan. Baita kritika latzak, gustu txarreko komentarioak, inoren kontrako isekak eta laidoak ere, askotan anonimotasun koldarrenenarekin babestuak. Onurak txalotzen baditugu ere, kezka da nola arriskuak eta galerak saihestu. Baina ez da auzi erraza. Google irabazle irten da

Zahar zahartua

Europako herri zaharrena izateaz gainera, herri zahartuena bihurtu omen gara, zioen orain gutxiko albiste batek. Nahita edo nahi gabe, herri zaharrena izatearen indar sinbolikoa eta gaurko errealitatearen kezka haragizkoa uztartzen/kontrajartzen zituen titularrak. Tamalez, ez nuen albistea gorde, ezin mintza naiteke titularraren intentzioaz. Niri otutzen zaidana da bi elementu horien batura ondo ekarria dagoela: batetik herri batek izaten segitzeko behar duen mitoen, sinboloen, historiaren ehundura dago, eta, bestetik, bertako herritarren une jakin bateko egoera erreala, herri zaharrena zahartu gehienen herri izatearena.

Ordutik, bi ideia darabiltzat buruan. Bat, ez genukeela formula txarra herri zaharrena izatearen poz kementsu bera aplikatzea herritar zaharrenekin ere. Eta bi, nola eta noiz arte iraungo dugun Europako herri zaharrena izaten, herri zahar eta zahartuena izaten gero eta adindu gehiagorekin.

Haserre

Milango denda batzuek ateak itxi dituzte hiru egunez. Chiuso per indignazione (Itxita haserrearengatik) zioten sarreran zintzilikatutako txartelek. Nor ez dago haserre, nork ez du krisiaren urka-bilurra sentitzen zintzurrean, nork ez dauzka gaitzitzeko motiboak? Itxita haserrearen giltzarrapoekin! Iniziatibak ia-ia ematen du iraultzailea ere: ez gara kikilduko, munduak jakin beza zein gauden haserre!

Hain txartel orijinala jarri duten dendak Dolce & Gabanna moda etxearenak dira. Italiako Ogasunak diru-ihesa egotzi zien eta ia bi urteko kartzela-zigorra jarri diete. Eta Dolce eta Gabanna, modaren ikonoak, haserre daude. Fiskoa aurka jarri zaie, azala behar da! Chiuso per indignazione, bastardi!

Jokatuko nuke bi ikonoek erraien korromio haserrean egin dituztela itxialdiko egunak, enpresa sortu zutenean Espainian erregistratu ez izanaren damuz. Kartzela-zigorra izan ordez, gaur amnistiatuta leudeke.

Prentsamendua

Teklei ematen hasi eta pentsamendua idaztera nindoala, prentsamendua atera zait. Eta histripuak airera botatako dado baten emaitzak bezalakoak izaten baitira, prentsamenduari begira gelditu naiz dado bati begiratu behar zaion eran: alde guztietatik. Zoriak oparitutako hitz berriak zer prentsatua ematen du, aukera aparta da informazioaren eta pentsamenduaren arteko loturak gure kabutako prentsan sartu eta sagarrak dolarean bezala sakatzeko, zenbat zuku eta nolakoa ematen duen ikusteko.

Pentsamendua, prentsamendua ez bezala, kritikoa da: iristen zaion informazioa zalantzaren eta juizio kritikoaren galbahetik pasatzen du. Baina koska da gaurko munduaren pentsamendua prentsaren