Letrajaleak beren bakardadean

Oporretan gozatu beharreko jarduera atseginenen artean, hau eta hura irakurtzeko asmoa agertzen du jende askok, mikrofonoen aurrean batik bat. Baina asmook egia bilakatuko balira, letrazalez eta letrajalez gainezka ikusiko genituzke hondartzak, terrazak, parkeak: jendeak esaten duenari sinestera, udak irakurketaren festa behar luke.

Baina koska da uda batetik bestera gero eta letrajale gutxiago ikusten dela gure eguneroko bizitzaren plazan. Agian, ordea, udako berotan ere jendeak nahiago ditu etxe barruko bakardadea eta itzala, liburu bat zabaltzea beti baita festa intimua: idazle batek bakardadean idatzi zuena, bakardadean jasotzen du irakurleak. Hori izango da.