Abel, abel!

Abel, abel!, egiten zaie dei erleei. Baserriko nagusia hiltzen zenean, oinordekoren bat etxeko abaraskaraino joaten zen, abisua ematera erleei: abel, abel, etxeko nagusia hil da! Eztiaz gainera, erleek ematen baitzieten kandelak egiteko argizaria ere, gure aurrekoek errespetu erlijioso halako bat gordetzen zieten.

Erleak galtzen ari omen dira, asko eta asko pestiziden eta antzekoen erruz. Imajinatzen genuen. Gehiago harritu gaitu beste arrazoi batek: gero eta lore gutxiagorekin omen dauzkagu gure leiho eta balkoiak.

Gurean beti izan da loreak jartzeko ohitura eta loreei hitz egitekoa. Ene, ia ito zaitut! Gaixoa, zomorrotxoak egin zaizkizu! Tamalez, loreekin aritzen den kalakaria ez naiz ni, nahiago nuke halako sentiberatasuna banu. Gaur, ordea, erleei buruzko albisteak loreei begira jarri nau, eta ez bainuen erlerik ikusten, abel!, abel! hasi naiz oharkabean eta balkoipean inor ote zebilen ikusteko neurririk hartu gabe.

Krimen perfektua

Aspaldian ezagutu dugun krimen lardats baldarrena da, ebidentzia ugarienen mundu marka duena, krimena burutu duen egile materialaren aitorpena ere baduena. Krimenaren historian gertatu diren kasu elementalenetan elementalena izaki, krimenaren arrastoek, markek eta oinatzek Suizarainoko uhara utzi dute beren atzean. Esaten ari naizen bezala, krimena bera oso da lardatsa, baina ondorengo ikerketak eta prozedurak ez dira aratzagoak izan, zein baino zein lardatsagoak baizik. Hala ere, ez dago krimena argitzeko modurik, ezin da ezer egin kriminalen kontra: Hitchcockek inoiz asmatuko ez zukeen perfekzioa lortu du krimenak, zinegileari inoiz bururatu ez zitzaion modus operandi batekin.

Rajoik bere ohiko praktikotasun estoikoarekin laburbildu du mirariaren handia. Telebista amerikar batek Barcenas kasuaz galdetu ziolarik, Espainiako presidenteak: “Badira frogatu ezin diren gauzak”.

Elkar bazkatzen

Egungo kazetari entzutetsuek, kastako kazetari deitzen dieten horiek, punta-puntako politikariekin bazkaldu eta informazio pribilejiatua lortzen dutenek, isiltzen dutenarekin lortzen omen dute beren zakur zahar estatusa, ez esaten dutenarekin. Hala dio Manuel Jabois kazetari galiziarrak. Ez dabil oker. Kazetari askok dakien guztia kontatuko balu, makina bat politikari galduko litzateke, alderdi politiko asko joko luke kakeriak, eskandalu bat baino gehiago lehertuko litzateke bazter politikoetan. Baina dakitena kontatzea dute lanbide: zergatik gordetzen dute mingaina txuloan?

Auzia da puntako politikariek ere kontu asko dakitela kastako kazetariez: bazkariz bazkari eta konfidentziari konfidentzia, elkar bazkatzen dute, kazetariek ere politikarien erantzukizun berdintsua hartuz hainbestetan salatzen duten politikagintzaren gainbeheran, politikariek kazetarien neurri bertsuko ardura hartuz kazetaritzaren lotsan.

Satorraren zain

Satorrak oso kaltegarriak baitira baratze eta zelaientzat, gizakiak satorren aurkako tranpa eta pozoi eraginkor asko asmatu ditu. Ezin zitekeen beste modu batera izan, logikak agintzen du. Eta asmakizunok eraginkorrak dira, jakina, baina inola ere ez sator-meta baten aurrean aitzurra airean duela orduak eta orduak zain eta zain dagoen baserritarraren irudia baino esankorragoak. Baserritarra geldi-geldi dago, ia arnasik hartu gabe, lurra noiz mugitzen hasiko, lurrak harrotzen ari zaion sator madarikatuaren lurrazpiko mugimendua noiz antzemango, aitzur-buruarekin kolpe lehor bat eman eta sator malapartatua akabatzeko. Satorra, itsua izanagatik ere, ez da ergela, eta usaimena eta entzumena garatu ditu etsaiaren hurbila zaintzeko. Baserritarrak, ordea, ez du presarik. Irabaztekotan, pazientziak irabaziko dio satorraren senari. Baina pazientzia modu horretan biltzeko, zer pasatzen ote da baserritarraren burutik, zertzuk okurritzen ote zaizkio, zer imajinatzen eta asmatzen ote du itxaroa arintzeko?

Buñuelen El discreto encanto de la burguesía filmeko eszena batean, soldadu aldra bat bazkaltzen ari da landetxe batean. Harmonia oneko jan-edanaren erdian daudela, militarburuen mezulari bat agertzen zaie etsaiaren kontra tiroka hasteko aginduarekin. Mezularia erretiratzen denean, mahaikideek ez dakite zenbatekoa den aginduaren larritasuna, eta, soldadu-buruak bere azken ametsa kontatzeko agintzen dio mahaikideetako bati. Soldadua hiztun aparta baita,Mila eta bat gauko miraria gertatzen da eta denak ahazten dira mezulariak ekarritako aginduarekin, tiroka hasteko betebeharrarekin, etsaiaren hurbiltasunarekin. Fikzioak tiro-hotsak itzali ditu, soldaduaren kontakizunak gerrarena ez den beste denbora bat inauguratu du.

Azken urteetan arrakasta handia izaten ari dira gure gizartearen presa neurrigabea eta patxada falta kritikatzen duten iniziatibak, liburuak, filosofia. Slow (mantsoa) mugimenduaren haritik datoz. Uste genuen teknologia berriek lana arinduko zigutela, lan-orduak gutxitu, aisialdia aberastu. Ez da horrela gertatzen ari, aitzitik baizik: lana duenak, orain berrogei urte baino berrehun ordu gehiago sartzen omen ditu urtero lanean. Ordu libreetan ere piztuta dauzkagu mugikorrak, emailak begiratzen ditugu, zeregin sortu berriei erantzuten diegu. Online bizi gara lanarekin, atzorako omen diren zeregin larriekin, ordulariarekin, gure erritmo kardiakoarekin. Lanbide guztietan, hala ez bada, halatsu, lanbide guztiek dute beren estresa: anbulatorioetako medikuek minutu batzuk doi dituzte gaixo bakoitzarekikoak egiteko; asko dira lanaren ondorioek erantzukizun penala izan dezaketen ofizioak; gero eta gehiagok egin behar du lan konpetentziaren edo audientziaren ezpatapean…

Askotan pentsatzen dut azkarra ez ote geniokeen deitu behar mantsoari, pazientzia hartzen duenari, aitzurra gora jaso eta bere baitako kabutan satorra noiz agertuko dagoen baserritarrari: deskuiduan satorrak izkin egingo balio, etxean beti izango ditu gazta-mutur bat eta sagardo pitxar bat zain. Honainokoa oso nostalgikoa izango da, eta ezinezkoa ere bai, baina kontsolamendu amesti pixka bat aurkitu beharra dago hain mundu presati neurotikoaren atzaparretan.

(Joan zen igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua).

Itsusi amorratuak

Euskal Telebistaren sareko informazioetan koordainketa deitzen diote gaztelerazko copagoari. Berripaper honek, ordea, berrordainketa. Hitzok, koordainketa eta berrordainketa, bi-biak dira itsusi amorratuak. Baina lehenak gezur ofiziala zilegitzat jotzen du, aditzera emanez Estatuaren eskuzabaltasunak egiten duela botiken lehen ordainketa, ez gaitezela zekenak izan, ez zaigula guk bigarren partetxo bat ordaintzea besterik eskatzen. Bigarren hitza, berrordainketa, hurbilago dago egia berdaderotik: bi aldiz ordainarazi nahi dizkigute botikak, zerga orokorrekin lehendabizi, botiken premia izandakoan bigarrenez.

Koordainketak neurriaren atzean dagoen filosofia tranpatia onartzen du: Estatuaren kontura da parte bat, guk ordaintzen dugu bestea. Berrordainketak, ordea, dio: bi aldiz ordainarazi nahi digute zerbitzu bera.

Hitzen zehaztasuna botika ona da  —eta dohainik daukagu!— osasun mentalarentzat.

OHARRAK (Post scriptum)

Beste batean ere jardun nuen gai berari buruz:

http://paperekoa.berria.eus/iritzia/2011-07-24/005/001/odolkia.htm

Oheburukoa

Gaztelaniak oheburuko medikua espresio ederra baliatzen du mediku familiarra esateko. Sendagileak, gaixoaren ohebururaino hurbildurik, pultsua hartu dio, eskua jarri dio kopetan, animozko hitzak eman dizkio.
Espresioa neurera ekarri eta oheburuko liburu-dendari deitzen diot aholkuak, nobedadeen albisteak, sarean aurkitutako perlatxoen berriak ematen dizkidan nire ohiko liburu-dendariari. Oheburuaren ondoko mahaitxo gaina ez daukat ba liburuz gainezka? Gauero egiten ez dut ba denboratxo bat, egunaren nekeak oparitzen didana, burua oheburuaren kontra atsedendu eta libururen bat irakurtzen?

Oheburuko liburu-dendariaren azken aholkuarekin ari naiz egunotan. Jorge Carri

Etxeko zoroa

Irudimena edo imajinazioa. Gizakiok badugu nork bere ganbaran gure eskarmentutik abiatuz inoiz ikusi gabeko irudiak edo pentsatu gabeko ideiak sortzeko gaitasuna. Avilako Teresak etxeko zoroa deitzen zion. Irudimenik gabe, Altxerriko marrazkiak egin zituen gizaki hura ez zen honaino iritsiko. Ez, behintzat, iritsi den moduan, telefono mugikorra patrikan eta Zinemaldiko filmaren bat ikusteko sarrera eskuan. Pedante jarrita: zibilizazioa irudimenaren fruitua da.
Iragarri dutenez, zientzialari talde bat imajinazioaren barrunbeak deskubritzeko zorian omen dago, laster jakingo omen dugu nola funtzionatzen duen, nola lortzen den astoa eta konfitea bezalako bi kontu muturrekoak lotu eta astoaren konfiteak! asmatzea.

Beldur naiz imajinazioaren barrunbeak ezagutzeak ez ote digun jostailu maite bat puskatu zaion ume batena bezalako frustrazioa ekarriko; behin tripak ezagututakoan, etxeko zoroak ez ote duen xarma guztia galduko.

Argiztatzailearena

Nabarmendu nahi diren pertsonaiak, tokiak, egoerak argitu eta bigarren lerroan utzi nahi diren kontuak ilundu: argiztatzaile batek horixe du bere egitekoa. Argi dauka obra batek, ona izango bada, osotasuna behar duela, zehetasun