Liberala

Liberal hitzak ez du prentsa onik, arriskutsua da. Tentu mingaina erre eta kontuz bazterrak nahastu, gauza bat adieraz dezake-eta esparru jakin batean, arras desberdinen bat beste eremuren batean. Gaur egun hitzak zernahitarako balio dezake. Baita irain gisa ere. Politikak eta ekonomiak aspaldi lokaztu zuten jatorrizko esanahia, eta ditxosozko hitza galtzen joan da garai bateko adiera positiboa.

Baina erreka zikinen iturri garbira jotzen badugu, hitzak oso ederra du han-hemengo hizkuntzetako hiztegiek ematen dioten lehen adiera: eskuzabala, eman onekoa. Pentsamenduz nahiz egintzetan eskuzabala denari deitzen zaio liberala. Hurkoaren askatasuna errespetatuz, berea sendotzen duenari.

Hitzaren adiera jatorrizkoak ezin zuzenago definitzen du Jean Haritschelharren izaera: eskuzabaltasunezko liberaltasun hori zuen Haritschelharrek munduan izateko modua, kultura ulertzekoa, harremanak zaintzekoa.

OHARRAK (Post scriptum)

Haritschelhar ala Haritxelar? Akademikoak Haritschelhar sinatzen zuen, eta egunotan berari buruz mintzatu garen askok berak zerabilena erabili dugu. Beste batzuek, tartean berripaper honek, Haritxelar erabili du. Hala da euskara batuan, baina ez da berak zerabilena errespetatu behar?

Nire hautua garbi dago nire zutabean.

2 thoughts on “Liberala

  1. Euskaldun on eta zintzo bat joan zaigu, denok geratu gara umezurtzago. Nik baino gehiago dakitenek egin bitzate gorespen-hitzaldiak.
    Eskerrik hanitx Haristchelhar jauna.
    AGUR JEAN, AGUR ETA OHORE!!!!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude