Gilarena

Etsaiarekin? Pareko lubakitik. Trepeta berriak ailegatu zaizkit; entzungailuak; lorontziak ere bai lore-itxurako grabagailuekin; eta ordenagailuetako disko gogorrak irakurtzeko kindler bigunak… Material guztia teknologia gorenarekin egina, dohainik noski, zertarako gara ba aliatuak?, lubakien arteko zona neutralean elkartuko gara, ederki, sastraka-koloreko betiko zakutoarekin joango naiz ni, eta, ohi bezala, zuek hartu lasai behar duzuen trepeteria guztia, eta segi jator-jator nire nagusiak espiatzen, bestela mortal abailtzen dira, egunotan ikusi egin behar zenuten Rajoy kirioak airean eta beldurrez ez ote zegoen mendebaleko hemezortzi presidente espiatuen zerrendan, baina nik esaten dudana, aliatuen artean zer zintzoago elkar espiatzeko elkartasuna baino, guk bermatzen ez baditugu aukeren berdintasuna eta den-denok espiatuak izateko eskubidea, nork?, ez dizut entzuten, zer?, kaka zaharra, moztu egin da…

Giltza duena

Apenas mintzatzen garen Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko joan-etorri kulturalez; gure harremanez; han-hemengo iniziatiba kulturalen arteko dinamikaren urriaz, absentziaz, mortuaz; muga zenbateraino zen gaindigarri frankismoan, guardia zibilak, kontrolak, konfiskatzeak zeudenean; gure eguneroko praktikak ez ote duen gaurko muga, Europak desegin-edo zuena, ikusezin bihurtu; ikusezintasunak ez ote duen gotortasuna areagotzen.

“Giltza duenak ere nekez zabaltzen ditu maiz (ateak)”, dio Aritz Mutiozabal zarauztarrak Gorren dantzalekua poema-bilduman. Zarauztarra dela markatu dut, segidan esateko liburua Maiatz argitaletxeak kaleratu diola; aditzera emateko Hegoaldeko batek Iparraldean argitaratzea zenbateraino den harrigarri (Aritzena ez da kasu bakarra, baina bai arrunt bakana); galdetzen hasteko giltza dugunok zergatik dugun hainbeste neke geure etxeko ateak zabaldu eta bertan atzera-aurrera ibiltzeko…

OHARRAK (Post scriptum)

Frankismoaren garaian bi muga zeuden, mugara hurbildu baino lehen ere denok ikusten genuen gotorlekua batetik, eta muga ikusezina bestetik. Gotorlekua kenduta ere, muga ikusezinak hor segitzen du, agian orduan baino ikusezinago, sibilinoago, arriskutsuago…

Minaren errenta

Sufritzen ez duenarentzat zaila bada bihotz oparo izatea, zer esanik ez sufritzen ari denarentzat. Zer kulpa dut nik?, galdetzen du. Zergatik tokatu zait niri?, galdetzen du. Eta zerura —edo infernu-trazako zeruaren aldagairen batera— jasotzen ditu begiak. Baina sufritzen ari denaren oinazea ez baldin bada halabeharrak eragina, baizik bihotza organu nagusi duen batek sortua? Ulergarri da halako baten biktimaren mina mendeku gose bilakatzea, errebantxarako gogo, leize beltzenetik irtendako gorroto.

Leungarri bakarra —zaila bezain beharrezkoa— sufritzen ari denaren bihotzean ukendua banatzea eta ez ozpina: zaurian gorrotoa isurtzen duenak nekez du zaurituaren onura bilatzen. Atzo bezala gaur. Minari mina eransten dion bilaukeria da inoren mina bilatzea, inoren mina baliatzea. Atzo eta gaur.

Odolaren gorriak, minaren sorrak biktima guztiak ditu berdintzen. Minaren errentak desberdintzen.

OHARRAK (Post scriptum)

“Balirudike minak, agian konpentsazio legeagatik, eskubideak ematen dizkigula. Minaren eskutik, adibidez, gaixo larria edo terminala tirano triste patetiko bat bihur daiteke (…) Danielen heriotzak egun batzuetarako inpunitate zirkulu batez inguratu banindu bezala da. Baina botere hori irrigarria da, faltsua da, alferrikakoa da. Hori izateko, garestiegi ordaindu behar izan dut”.

Piedad Bonnett idazle kolonbiarraren hitzak dira bere Lo que no tiene nombre nobelan (Alfaguara argitaletxean). Seme baten suizidiora bitarteko samina eta semearen suizidioak ingurukoengan eragindako samina kontatzen du bertan.

Permalink-a

Gurdi ardatza

Ez dakit akordatzen zaren, baina orain urte batzuk Batista Bazterretxe bertso ezagunari buruzko lagin bat aurkeztu nizun fakultatean. Gurdi ardatz lapurtuaren gaia euskal kantagintzak asmatua eta genero berri baten hastapena zela demostratu nahi nuen nire tesian. Ez zenidan kasurik egin: bertsoak, baserritarkeriak, gurdi-ardatz baten auzi auzoko bat! Nire laginak ez omen zuen literatura konparatuak gaur egun duen mailarik erakusten; nire asmoa hurbilago omen zegoen folklorekeriatik, literatura desberdinen arteko konparazio eta kontrastetik baino…

Urteak joan dira, Espainiako koplari handi bat hil da. Nire asmoa onartu izan bazenu, orain hor ibiliko ginen biok telebistaz telebista eta garbi uzten kantari hil berriaren kopla bateko gurdi lapurtuak gure Batista Basterretxeren gurdiaren ardatza izan zuela inspirazio-iturri. Ohartzen zara zer nolako aukera historikoa zapuztu zenuen ezjakin horrek?

OHARRAK (Post scriptum)

Gaurko ganberradatxoak ganberradatik gutxi du ohartzen bagara testuaren azpian ageri den unibertsitate (ustez) jakintsuaren hantusteak nola mesprexatzen duen herri kultura. Zutabeak Konpainia noblean ipuin ipuin bilduman garatu nuen kontakizun bat du abiapuntu eta inspirazio-iturri.

BAUTISTA BAZTERRETXE

Errektore jaun txit gorena:

A.L.E. ikaslea nauzu, eta, denborarik lapurtu nahi ez dizudanez, zuzenean ekingo diot gutun hau idaztera ekarri nauen gaiari.

Oraintxe bukatzen ari naiz antropologiako ikasketak, eta karrera bukaerako lana egitea falta zait. Lagin bat eskatzen didate titulua eskuratzeko. Nire asmo zientifikoenak hartara eramanda, Batista Bazterretxe bertso ezagunari buruzko lagin bat aurkeztu dut fakultatean. Ez didate onartu: bertsoak, baserritarkeriak, gurdi-ardatz baten auzi auzoko bat! Nire laginak ez omen du antropologiak gaur egun lortua duen mailarik erakusten; nire asmoa hurbilago omen dago folklorekeriatik, gizartea eta gizakiak ikertzen dituen zientziatik baino; ezein idazle tristek ondu ohi duen oinarri zientifikorik gabeko espekulazioa omen du bazka nire laginak; ezerk ez omen dio antropologiari kalte gehiago egiten sasi-kazetaritzak edo sasi-literaturak baino…

Ez zaitut nekatu nahi fakultatekoek oparitu dizkidaten astalarrosekin: astoa nabarmenago salatzen du arrantza bakar batek, arrantza egiterakoan ikusten zaion hortzeriak baino.

Segidan, bada, nire lagina aurkeztuko dizut. Juzka ezazu zerorrek.
Aztertu nahi nukeen bertso nagusiak dioskunez —bertso anonimo horretan oinarritutako gainerako guztiak, Pepe Artolak asmatu zituenak, ez ditut aztergai—, Batista Bazterretxe lapur pijoa da. Lapur trebatu bat alegia, eufemismorik gabe jokatu nahi badugu. Itxura guztien arabera, ez da Batistak lapurreta egiten duen lehendabiziko aldia. Oraingoan gurdiaren ardatza ostu badu, auskalo zer lapurtu dituen lehenago: oiloren bat, sega, sagarrak, lasto-bala, behiren bat…
Horra bada, antropologiaren arreta merezi duen ikerketa-bide bat: baserri giroko auzo-liskarretan, metari meta, munta gutxiko lapurretek sortu ohi dituzten elkar hiltzerainoko sestrak. Baina antropologia zorrotzenari bost axola, antza, gure gizartearen jokabide asko —gehiegi!— argi litzakeen ikerketa-bide horrek. Itsukeria? Interes politikoak daude jarrera horren atzean? Ez dagokit juzkatzea, deskribapen ahalik neutroena baita nire zientziaren lanabes behinena.
Bertso anonimo bakar horretan agertzen den indarkeria-giroak ere ez du, antropologiaren ikuspegitik begiraturik, garrantzi gutxiago: gurdiaren jabea hesteez beste egiterainoko trantzean dago hainbeste lapurretekin, eta mehatxu egin dio Batista Bazterretxeri: “beltzak eta zuriak ikusiko dituzu (ukabilak erakusteaz gainera, legearen mehatxua egin dio gurdiaren jabeak) nire gurdi-ardatza ematen ez badidazu”. Indarkeria horretan, beltzen eta zurien aipamena ez da asmo gaiztorik gabea: beltzak, edo liberalak; zuriak, edo karlistak. Biekin du tratua gurdiaren ardatzaren jabeak, biak balia ditzake —nork noiz agintzen duen— Bautista Bazterretxeren kontra. Hona, bada, beste adar garrantzitsu bat nire azterketarako: baserri giroetako lur eta baserri jabeen jauntxokeria, eta jauntxokeria horrek boterean dagoenarekin konpontxo egiteko daukan abildadea. Baina fakultatekoei oso desatseginak eta harmonia onaren kontrakoak zaizkie horrelako gaiak —ondo nabarmen darie boterean dagoenarekin konpontxo egiteko abildadea!

Bertsoan ageri den ikuspuntuak ere ematen du zeresanik: bertsoko narratzailea eta gurdi-ardatza lapurtu dioten baserritarra bat dira. Jabeak kontatzen du pasadizoa, gurdi-ardatzaren jabea bada historiaren jabe ere. Baina narratzaileak, historiaz ere jabetu den gurdi-ardatzaren jabeak, kaltetutzat dauka bere burua, gizajo errukarria!, eta halako bidegabekeria baten aurrean, zer ulergarriago kaltetua izan denak mehatxua eta salaketa egitea baino? Baina ai, eta milatan ai! Baserritarren arteko gatazka arrunt bat dirudien horretaz iritsi zaigun ahotsa ekoizpen-bideen jabearena da, klase ustiatzaileko batena, Batista Bazterretxeren alienazioaren eragile nagusiarena. Ezin garbiagoa da, ikuspuntu guztietatik begiratuta ere, nire laginean agertu dudan hirugarren ikerketa-adar hau. Baina fakultateen jabe egin diren gauche divinekoek aspaldi baztertu zituzten beren boterea indartzeko balio ez duten beste gainerako dialektikak, tartean —eta batez ere— nik ezagutzen dudan zientifikoena.

Baserritarrak lapurrari eman dion izena ere ez da xaloa, eta orain onomastikaren alorra erakarri nahi dut, diziplinen arteko joan-etorrien onurak neureganatuz, antropologiara. Batista izena eman dio gurdi-ardatzaren jabeak lapurtzat salatu duenari. Batista izena ematen zaie Euskal Herriko hainbat tokitan tipo lerdoei. Deitura ez da inozenteagoa: Bazter-etxe, tipo marjinal bat! Inon eta inoiz ikusi al da, Antero Apaolazak bere nobelako pertsonaiari Patxiku Txerren deitu zionetik, manipulazio onomastiko begi-bistakoagorik? Baina alferrik: errealitatearen muin benetakoa hitzen malabarismoarekin mozorrotzea irizten diote fakultatekoek hizkuntzak eman dezakeen arrasto orori.

Orain arte agertu ditudanen mami zientifikoa trinkoa baldin bazen, har ezazu ziurtzat ondoren datorrena antropologia neurrigabeko aukeren aurrean jartzeko moduko big bang sekulako batek zabaldutako ate erraldoi bihurtuko dela. Horretarako, ordea, lapurtzat hartua izan denak zer dioen entzun beharko genuke, ahotsa eman beharko genioke bertso bakar horren egile salatariaren aurrean bere burua defendatzeko aukerarik izan ez duenari. Hitz batez esateko, jar gaitezen Batista Bazterretxeren lekuan: txiki-txikitatik daki nor den baserri ederrenaren jabea (gurdi-ardatza eta guzti!); nor den azienda gehien daukana. Txiki-txikitatik daki nork duen historia narratzeko eskubidea; letrak dakizki baserritar bertso-egileak eta lagun letradunak ditu. Letrak baliatu ditu horko lur horien jabe egiteko, hango pagadi hura eskuratzeko. Bertsoz ondutako letrak erabili ditu mehatxu egiteko.

Sinets iezadazu: Batista Bazterretxeren gurasoek beren baserriaren itzala galtzeraino ezagutu zuten bertsogilearen hitz ederren oihartzun gozo faltsua, begi-bistakoa da. Horixe kontatu nahi lioke Batista Bazterretxek entzun nahi dionari, Batista Bazterretxeri hitz egiten lagunduko liokeen zientzia behar luke, ene uste trinkoan, antropologiak. Inork ez dio, ordea, entzuten, gurdi-ardatzaren jabearen botereak zabala baitu itzala.

Boterearena ez den ahotsik entzun nahi ez dutelako bota dute fakultatekoek nire lagina atzera. Sekulakoa da botereari dioten begirunea, sekulakoa antropologia bezalako zientzia goratsu bati egiten ari diren kaltea.

Dagokion tokian eta dagokion eran, behar diren neurriak hartuko dituzulakoan,
A.L.E.

Etorri zen

Diktaduraren ondoren, demokrazia etorri zen. Hala esaten dute, behintzat, historiako liburuek, hedabideek, politikariek, jendeak. Demokrazia etorri egin zen. Natural-natural, ekaitzaren ondoren barealdia bezala: fenomeno naturalen logika berarekin. Atzo diktadura batean geunden, gaur demokrazian gaude, betidaniko demokratak gara.

Baina diktadurari eusten zioten habeak? Erori baziren, deskalabruak zer harrapatu zuen azpian? Non daude hondakinak, non erantzuleak? Denbora alferrik galtzea da galdezka jardutea: demokrazia aspaldi etorri zen, inork ez dakielarik nola. Beno, bai, badakigu, gure eguneroko hizkeran txertatu zaigu demokraziaren etorreraren nolakoa: berez egin zigun bisita, inertziaz, egunen gurpilaren logikarekin. Udaberria etortzen den bezalaxe.

Gaur ere, udazken betean, aratz ikusten ari gara nola demokraziaz gehien hitz egiten duen jendeari interesatzen zaion gutxien demokraziaren defentsa.

Lexatil efektua

Merkel ere espiatu omen dute, eta hara non albisteak Lexatilek baino gehiago lasaitu gaituen: boteretsuak elkarren usman dabiltzan bitartean, bakean utziko gaituzte. Guk ba al daukagu ba ezkutatzekorik? Zertarako galduko dute denbora gurekin? Ez dago espiatua izateko motiborik eman gabe bizitzea baino askatasun patxadatsuagorik.

Laster eman diogu, ordea, buelta galtzerdiari: Jainkoaren bertsio modernoa dira yanki hauek, den-dena ikusten eta zaintzen du haien begiak, eta Merkelen esku-poltsan ere sartzeko gai badira, zer nolako kontrolpean ote daukate mundua (eta bertan, gu).

Baina estutu dugu auziaren beste koska bat gehiago ere: Merkel ere espiatu badute, baina guk jokatzen badugu horrek gurekin zerikusirik ez balu bezala, bipil biribila da beren lorpena: gu neutralizatzea lortzen dute. Guk —bizitzaren bideetan dabilen jende xeheak— espiatuak izateko motiborik ematen ez badiegu, mundua mendean dute.

Neska begiurdina

Neska koskor polit bat. Non du imana gure arreta bereganatzeko, beragan erreparatzeko eta beragan baino ez? Demagun ibilera arinekoa dela, irribarre gozoa duela, azkarra ematen duela. Baina horren guztiaren gainetik: neskak begietan eta ilean du indarra, haren begien urdinera eta ilearen gari kolorera joaten zaizkigu begiak.

Begien urdinak eta ileen horiak harridura eta arreta gehiago eragiten dute halako neska koskor gutxi dagoen lurraldeetan —esate baterako, gurean—, halako asko daudenetan baino —esate baterako, Dublinen. Baina korapiloa da gaur hona dakardan neska koskor polita Dublinekoa dela, haren begiek eta ileak ez luketela hedabideen arretarik eragin behar. Baina La Vanguardiaren atzokoak honako titularra zekarren: “Poliziak beste neska ilehori begiurdin bat aurkitu du Dublinen ijito familia batean”.

Argi dago: genetikaren magiak indar gutxi du aurreiritzien eta xenofobiaren lurraldean.

Zaborraren erdian

Pinturaren historian, oso etekin onak eman ditu Emakumea irakurtzen izeneko erretratuen galeriak. Emakume bat eta liburua, bakardade osoan. Argia kontzentratuta dago emakumearen begietatik eskuetarainoko tartean, begiradaren libururainoko joan-etorrian biltzen da koadroak kontatu nahi diguna.
Urtero ematen diren Word Press argazki-sarietan gerra, gatazkak, umeen mindura eta halakoak ikusten dira: munduak hain ugariak dituen tragedien aurpegiak. Aurtengo sarietan ere ez zaigu horrelakorik faltatu. Baina sosegu handiz irakurtzen ari den emakume baten argazkiak harritu gaitu gu: aspaldi itxia behar zuen Nairobiko zabortegi tzar baten erdian dago emakumea, zabortegitik erreskatatutako liburu bat eskuetan duela.

Emakumea da —eta emakumea egiten ari dena— zabortegiaren erdian zaborra ez den bakarra. Jakin-mina pizten du zer ari ote den irakurtzen. Baina bageneki, argazkiak misterioa galduko luke.

OHARRAK (Post scriptum)

Titulu batek beste titulu guztiak baztertu lituzke. Ateak itxiko lizkioke asmamenaren misterioari eta ateak zabaldu dezepzioari.

Dotrina

Biktimen kontrakotzat jo dute Estrasburgok emandako erabakia; ozpina botatzea, biktimen zaurian. Baina biktimen kontrakoa dena da legeak manipulatzea; injustizia praktikatzea justiziaren izenean; zernahi baliatzea, batez ere biktimen samin biluzia, hauteskundeak irabazteko xedez.

Alarma handiko testuinguru sozial latz baten baitan sortu zen legea eta dotrina deitu zioten. Hala deitzen segitzen dute. Esan nahiko du zerbait: biktimak babesteko aitzakian, legea bihurritu eta dotrinatzearen gasolina bota zuten giro sozialaren sutan.

Inoren samina babesteko bidea ez da mendekua. Izatez, legeak ez omen du zerikusirik mendekuarekin, horregatik omen da itsu. Behingoagatik, legearen itsutasunak argi egin du eta erakutsi du biktimen saminak ez duela kolorerik: alde bateko zein besteko biktimen samin kolore bakarra areagotu izanak erantzule konkretuak ditu. Ez daude Estrasburgon.

Trenpu duin baten bila

Hastapen eta momentu guztiz berri asko ezagutu dituen belaunaldi batekoa naiz —gaur gertatu balitz bezain berri dut etxean irratia sartu zeneko poza— eta ondasun materialen eta momentu historiko aparten epifania bizitzen hasi ginen: Armstrong amerikarrak han goiko ilargia lehenengoz zapaldu zuenean, hemen beheko mundua deskubritzen hasi ginen gu, eta laster igaro ginen ezer gertatzen ez omen zen garai batetik ziztu bizian aldatzen hasita zegoen gizarte batera. Historiaren inertziak diktadura bota zuen —guk gogor bultzatu izanak ez zuen, nonbait, hainbesteko garrantzirik izan—, eta aldaketa sozialen eta ideologikoen borborrak aukera asko ematen zigun irakiteko, apenas gogorik hausnarrerako. Laster gure-gurea izango zen etorkizun batekin egiten genuen amets; dena berri-berri nahi genuen; kulturan, gizartean edo ideologian guztia gurekin jaiotzen ari zela sinesterainoko adanismoari eskainiak genizkion gure pozak eta egoak. Guk eraikiko genuen etorkizunak gehiago balio zuen mundu zaharrak erakutsi zigun guztiak baino; etikak etorkizunaren gasolina behar zuen izan eta ez motore; eraiki nahi genuen munduaren (ustezko) onak (ustez) on bihurtzen zuen gure ahalegina; justiziaren lurraldea izango zen gurea, horretarako injustizia eta odola erregariatu behar bagenituen ere.

Handik gatoz. Garai haiek berritu nahi dituenak egokiera apartak topatuko ditu Idoia Estornés Zubizarretaren Cómo pudo pasarnos esto liburu ikonoklastaren orrialdeetan: honi eta hari egingo genizkiokeen zehaztapenek, honetaz eta hartaz agertuko genituzkeen desadostasunek ez diote baliorik kentzen liburuari.

Kontua da amesten genuen egoera berriak ez digula txikitako irrati haren pozik ekarri: mendebaleko demokrazia flakiak jota dago. Alain Badiou filosofoak dioen bezala, “demokraten mundua ez da mundu osoarentzat”, Lampedusan ikusten ari gara, etxean ikusten ari gara. Demokrazia bera ere politikari profesionalen egitekoa balitz bezala hartu dugu —edo politikariei oparitu diegu horretarako aukera, gure izaera politikoari uko eginez— eta lau urtez behingo bozak politikaz ahazteko bulda ematen digu garai bateko urteroko komunioak elizarekikoak betetzeko aukera ematen zigun bezala. Gure onura ez den beste interesik gabeko egoistak bihurtu omen gara mendebaldeko demokratak; erlatibismo totalaren morala darabilgunak; gaztetasunaren aldarria egiten dugun nerabeak, heldu-sasoian ere; dibertsioa eta ahalik ondoen pasatzea beste kontsignarik gabeak; hutsalkeria inozo batez zipriztindutako eszeptizismoa erakusten dugunak, altxorrik preziatuena balitz bezala… Badiouk egiten digun argazkiak ez gaitu toki onean lagatzen. Baina apenas daukagun argumenturik —eta, batez ere, eguneroko jardunik— mendebaleko demokrata tipikoen argazkia ez dela gurea esateko, argazkiaren distortsioa salatzeko

Bai, egin genuen bide zurrunbilotsu hura baino zailagoa eta neketsuagoa —grisagoa— izaten ari da tokatu zaiguna: trenpu duin baten konkista bai zaila. Ispiluaren aurrean jarri, eta bertan ikusten duguna aitortzeko adorea izango bagenu sikiera.

Bestelakorik sinetsita bagaude ere, seguru asko ez gara hainbeste gauza txalogarriren emagin izan.

(Joan zen igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)