Burutik beherakoa

Normalagoa da gauza arruntek izen asko izatea gauza urri bereziek baino. Tximeletaren izen-ugaritasuna edo mozkorrarena oso aipatuak izan dira gurean. Gaixotasun arruntek ere bereziek baino ugariago dituzte izenak. Gauden sasoian hain korrientea izaten den katarroak, adibidez. Asier Sarasuari irakurriak dizkiogu bakar batzuk bere blogean: marranta, mafrundia, kakeria, erramazkoa… Zerrendako izenetako batean iltzatu ditut begiak, hitzak ni sentitzen ari naizena deskribatzen baitu bete-betean: burutik beherakoa. Kopetaren erdian sentitzen hasitako karga izan nuen lehen sintoma; mukiz bete zitzaizkidan sudurrak, ahotsa marrantatu zitzaidan eta sama zarratu; orain eztarriko zuloak protesta egiten dit tua irensten dudan aldiro; besoak-eta ahul ditut; baldatuta daukat gorputz osoa; mundu guztiari zein gaizki nagoen abisatzerainoko doministikuak ateratzen zaizkit…

Burutik beherakoa. Diagnostiko zehatzagoa, nekez.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea bidali eta handik ordu batzuetara izan nuen beste marranta-klase baten berri, Herriramugimenduaren kontrakoa oraingoan. Zoritxarrez arrunta da marranta, zoritxarrez ugaria, zoritxarrez ezagunegia burutik beherakoa hainbestetan eragiten digun gaitza.

3 thoughts on “Burutik beherakoa

  1. Zainddu maitte dugun hori, herorren burua, alegia. Egunotako hire idazkien gibelerapenak zer pentsatu franko eta txar eman ziguk.
    Franko eta txar, halaxe duk, Francorekin jadanik txar ziren horiek ez ditek tregoarik eman nahi. Beren horretan segitzen ditek, jo eta ke. Aro berria hasi den arren, betiko botikarekin zeudek. Buruko mina kendu beharrean, areagotu egiten ditek botika horrekin. Ezkutuan dauzkaten gela ilun eta gogor haietan egin dezaketenaz oldozte hutsak zirin-errekaz jartzen gaitik.
    Ea onik ateratzen diren!

    Gaur sekula baino gehiago, Anjel: Egon bizkor.

  2. Orain dela urte mordo bat, Arratiako haranera heldu berria nintzelarik, katarro edo mafrundia izendatzeko nik ezagutzen ez nuen aldaera xelebre eta bitxia entzun nion Ipi

  3. Zaindu burua! (Beno, gorputz osoa.)

    Beste katarru hori nola zaindu dezakegun ez dakit, eta ez jakite horrek tristau egiten nau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude