Giltza duena

Apenas mintzatzen garen Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko joan-etorri kulturalez; gure harremanez; han-hemengo iniziatiba kulturalen arteko dinamikaren urriaz, absentziaz, mortuaz; muga zenbateraino zen gaindigarri frankismoan, guardia zibilak, kontrolak, konfiskatzeak zeudenean; gure eguneroko praktikak ez ote duen gaurko muga, Europak desegin-edo zuena, ikusezin bihurtu; ikusezintasunak ez ote duen gotortasuna areagotzen.

“Giltza duenak ere nekez zabaltzen ditu maiz (ateak)”, dio Aritz Mutiozabal zarauztarrak Gorren dantzalekua poema-bilduman. Zarauztarra dela markatu dut, segidan esateko liburua Maiatz argitaletxeak kaleratu diola; aditzera emateko Hegoaldeko batek Iparraldean argitaratzea zenbateraino den harrigarri (Aritzena ez da kasu bakarra, baina bai arrunt bakana); galdetzen hasteko giltza dugunok zergatik dugun hainbeste neke geure etxeko ateak zabaldu eta bertan atzera-aurrera ibiltzeko…

OHARRAK (Post scriptum)

Frankismoaren garaian bi muga zeuden, mugara hurbildu baino lehen ere denok ikusten genuen gotorlekua batetik, eta muga ikusezina bestetik. Gotorlekua kenduta ere, muga ikusezinak hor segitzen du, agian orduan baino ikusezinago, sibilinoago, arriskutsuago…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude