Alferren alperra

PPk dioenez, hezkuntza erreforma luzaz irauteko asmoarekin jaio da. PPk dioenez, hezkuntza-sistemaren orain arteko defizit eta ahulezia kronikoak konpondu nahi ditu erreformak. PPk ez du esaten erreformak Elizaren eta sektore elitistenen babesa duela. PPk ez du esaten Gobernuak ez duela entzun, ez duela negoziatu, bazterrean utzi duela oposizio osoa. PPk ez du esaten berdintasunaren alperra —lur sailak berdintzeko erabiltzen den harri tzar biribila— pasatu nahi duela hezkuntzaren landan, diferentziaren lur-mokor guztiak birrintzeko.

Hemendik oso gutxira disparateen alperra beste kolore batekin pintatuko dute eta beste lege bat tramitatzeari ekingo diote, eta oraingoak bezalako matrakak entzungo ditugu. Enegarren aldiz.

Bitartean, hezkuntzaren komunitateak koska bat estuago egingo dio etsipenari (hau bai kronikoa!): baina, baina zer kristo egin dugu guk alfer horien alper tzarra merezi ahal izateko!

Mapak

Mapak begiratzea gustatzen zait. Zaharrak. Berriak. Haien arteko konparazioak egin ondoren, autobideak saihestu (berdinak dira guztiak), eta bigarren mailako errepideak hartzen ditut baso sarrietan barrena, inolako eta inorako presarik gabe. Nekatutakoan, benta zaharretan gelditzen naiz, eta galderak egiten ditut. Nongoa zara, nongoa zinen? Nire galderak mapetan daude; mapetan daude bentakoen erantzunak ere. Nongoa izan nahi zenuke? galdetuta, bezero gehienek begirada jasotzen dute. Seguru daude beren betiko mapan. Baina izaten da begirada jaisten duenik ere. Eta begiradarekin, ahotsa: berak amesten duen txokotxoa ez omen dago mapetan, ez zaharretan, ez berrietan. Eta ezker-eskuin begiratu ondoren, ahapeka hasten zait bere kabutako mapa deskribatzen, biharamunean bidera irtendakoan haren kabutako mapa ere aintzat har dezadan…

(Mapetatik kanpo dagoen benta zahar batean aurkitutako koaderno maiztu batetik)

Atlantida

Hots asko dabil esanez aldaketa klimatikoa kilimak egiten ari zaiola itsasoari, Leviatan zaharra esnatzen ari dela mendeetako lozorrotik, eta, aharrausika besoak zabal-zabal eginez, bereak ziren terrenoen bila hasiko dela. Euskal kostalde osoa bereganatu eta algaz beteko direla orain bizi garen tokiak, karramarroak eta nekorak nagusituko direla lehen karakolak eta bareak bizi ziren tokietan, gure etxeetako hondakinen zirrikituetan gordeko direla olagarroak, hain gustura jaten ditugun antxoak, salbarioak, lupiak eta horrelako arrain preziatuak nagusituko direla lehen errepide, kale eta plaza ziren tokietan…

Bart amets egin dut uretatik libre geratu den biblioteka batean nagoela Orixeren Euskaldunak poema luzea eskuetan dudala, eta bukaerako eskaerara iritsi naizenean (geroak esan beza: erri bat izan zan), esnatu egin naute.

“Atlantida, Atlantida Berria izango gara!” ari omen nintzen oihuka.

Bizarra egiten

Hamabost bat urterekin, lehenengo aldiz bizarra egitera zihoala, amak hiru bizar-xafla jarri zizkion aukeran: La Palmera, Credo eta El Casco. Credo markakoa aukeratu zuen berak, egunen batean zein katolikoa izango zen iragarriz. Mutikoak aurpegi latz gogorra baitzuen, amak jarri zizkion lozio leungarriak ere aukeran: Floïd, Acqua Velva, La Toja… Gure protagonista onik atera zen esperientzia hartatik —zauririk gabe— eta, ordutik, beti erabili izan ditu bizar-xafla sofistikatuenak. Adibidez, Filomatic, gustirrinintxoa ematen zuen hura.

Jorge Fernández Díaz izeneko mutiko hura Barne ministroa da gaur, eta sona handiko aditua baita bizar-xafletan, bere aurpegi latza zein suabe geratzen zaion erakutsi berri du mikrofonoen aurrean. Galdetu diotenean Melillako hesietan jarritako xaflengatik, aho bizarrik gabe erantzun du: “ez dute zauritxorik txikiena ere eragiten”. Gustirrinintxoa ematen dutela esatea falta zitzaion.

OHARRAK (Post scriptum)

“Bizarra egiteko xaflak kenduko nituzte, baldin balego xaflak bezain erremedio eraginkor bat balego”, esan du gaur ministroak. Ba bai, badago, eta xaflena baino askoz ere eragingarriagoa: emigranteenganako politika zuzen elkartasunezko bat.

‘Humus’

Atzo ez genekien gaurkoe egunkariek zer ekarriko zuten; ez dago iragarlea izan beharrik: gaurko berripaperetako argazkiek, titularrek eta albisteek deskribatzen duten munduan emakumeek atzoko ikusgarritasun bera erakusten dute, eta emakumeak gehien agertzen diren orrietan badakigu haien ikusgarritasuna zeri lotuta dagoen.

Hilaren bukaeran gaude. Enpresetako eta lan-munduko administrazioetan azaroko nominak prestatzen hasita egongo dira une honetan: atzo kritikatzen zenuena gaur baiesteko aukera duzu ikusitakoan nolakoak diren emakumezkoen eta gizonezkoen soldaten aldeak lan berarengatik.

Kalera irtendakoan ez daukazu inork esan beharrik zein sexutakoak diren bertan ikusiko dituzun pertsonak zahar eta umeak, gaixo eta ezinduak zaintzen.

Adibide topikoak direla, ez dagoela zertan zerrenda luzatu? Topikoak dira humus eta ongarri natural¬enak atzo salatzen genuena gaur gizentzen segitzeko.

OHARRAK (Post scriptum

Ebidentziak esaten jardun beharraren miseria…

Kontsolamendua

Ez dut nire inguruan inor ezagutzen intelektual deiturak ile-sustraiak gorritzerainoko lotsa eragiten ez dionik. Eta ez hitzak aspaldian hartu duen gaitzezpenezko atzera kargagatik soilik. Hitzaren eduki duinena —klasikoa— oso da itzal handikoa, arrunt gutxiren esku dagoena. Baina jendeak hitz horri eusten dio idazleoi-eta kontuak eskatzerakoan zerbaiten aurrean gure ahotsa entzunaraz dezagun. Horrelakoen esana segitzera, etengabeko errestoan ibili beharko genuke norbaitek euskal komunitateari edo euskarari (zinez edo itxuraz) eraso eta min egin dion aldiro. Baina gaztelaniaz izaten baitira horrelako kasu guztiz gehienak, eta inoiz berdinduko ez dugun tsunami bat bezalako anplifikazioa izaten baitute medioetan, eta gure ahotsa mutu batena bezain urruti iristen baita, isilik gelditzea hitz egitea bezain intelektuala dela esan, eta geure buruei esandako gezur txikiarekin kontsolatzen gara.

Pagotxa

Hizkuntza hiri bat bezalakoa da eta nekez ezagutuko dituzu bertako bazter guztiak; ezin dituzu zure hizkuntzaren kale, plaza, bidegurutze eta zoko guztiak guztiz bisitatu. Ezagutzez, ez duzu ondo ezagutzen ezta zu bizi zaren kalea bera ere. Zer dakizu kale-kantoiko dendariaz, ez bazara sekula sartu haren txori-dendan, zer dakizu kaiolez, zer txorien izenez, haien kantuez, jaten dutenez? Zer dakizu zure etxepe bereko emakumeaz, gaixotu zenean senarrak abandonatu zuenaz, nola deskribatuko duzu haren samina ez baduzu ezagutzen haren mina? Zer, auzoko apaizak igandero darabilen erretolikaz, inoiz sartzen ez bazara elizan? Zer, bart zure etxetik hurbil atxilotu zuten prostitutaren jardunaz?

Hizkuntzak zuk behar duzun guztia espresa dezake, eta erantsi horri txori-dendariaren hizkera ere; emakume abandonatuarena; apaizarena; prostitutarena… Erantsi, halaber, hizkuntzak inoiz esan ez dituen eta esan ditzakeenak…

Zergatik niri?

Aholkuak ematea ez da oso estetikoa izango baina hor doa nirea: ez sekula fidatu, sekula ere ez, askatasunaren aurrean kikiltzen den politikarekin; askatasunari bizkarra erakusten dion agintariarekin; bere askatasuna babesteko besteena murriztu eta askatasun partikularra kolektiboarenaren gainetik jartzen duenarekin. Eskubideok bereak ere badirela, ez oposizioarenak bakarrik? Eskubide zibilak triskilatzen dituen buruzagiak hainbeste badaki. Eskubideok murriztu nahi baditu, legea bere interesen alde jartzeko da; dagoena baino are babestuago egoteko. Erregimen autoritarioek horixe dute ezaugarri: klase buruzagiak besteon askatasun falta du bere segurtasun.

PPkoek abian jarri nahi duten Herritarren Segurtasunerako Legeak Hannah Arendt pentsalariak zioena dakarkigu gogora: Estatuaren eta gizabanakoaren arteko talketan askatasun indibiduala izaten da erregimen totalitarioek kobratzen duten lehen zerga, Europako historia lekuko.

Aterkiak

Euri sarriaren malenkoniak tabernako leiho lurrunduaren aurrera eraman du kafe baten konpainian. Aterkiak ditu entretenigarri, estetikagatik bainoago, mugimenduagatik. Koadro marroidun bat aukeratu du estreina, haren atzetik joan zaio begirada. Aurrez aurreko aterki bat goitik samar badatorkio, makurtu egiten da. Paretik datorrenaren ibilera behetikoa bada, goruntz egiten du kementsu. Edo apartatu egiten da, beste bati tokia egiteko. “Bai guardasol eskuzabala!”, esan du malenkoniatsuak, koadroduna desagertutakoan. Gorri dotore bati segitu dio gero. Ibilera pinpirina du, lirainki saihesten ditu beste aterkiak. “Bizitzen daki!”. Aterki beltz tzar bat ere ikusi du. “Kabituko ahal da!” atera zaio, pasadako aterki guztiekin egiten baitzuen talka. Leiho parera iritsitakoan, agintari bat ezagutu du. Txoferrak zeraman aterkia.

Malenkonia asko entretenitzen zaio aterkien mugimendutik aterkidunaren nortasunerairoko txangoan.

Gogotik

Agota Kristof-ek kontatzen du: Stalin hil zenean barreari esker konturatu omen zen diktadorerik gabe ere mundua ez zela galduko. Eskolan entzun zuten albistea eta munduaren akabera baletor bezala gelditu ziren. Zerua noiz lehertuko. Baina halako batean norbaitek barre egin zuen eta barrezka hasi ziren guztiak. Galduta zeukaten zerbait —barrea— eskuratu zuten kolpean. Eta zerua lehertzen ez.

38 urte Franco hil zela. Zenbakiak ez du efemeride goratsu baten biribiltasunik, baina oroitzapenak ez dira urrezko ezteien zain egoten: etorri egiten dira. Lagunen bisitak bezala. Gaur hogeita hemezortzi urte, lagun baten bisita izan genuen goizeko zazpiretan. Kafe asko hartu genuen eta erruz erre irratiaren aurrean. “Eta orain zer?” galdetzen zuten gure begiek. Halako batean, lagunak barre egin zion irratiak esandako zerbaiti. Barre kutsakorra. Denok algaraka hasi ginen. Gogotik.

Zeruak ez zeukan lehertzeko trazarik.

OHARRAK (Post scriptum)

Agota Kristoff-en Koaderno handia eta Atzo liburuek —Eskarne Mujikak maisuki itzuliak bata zein bestea— Kristoff-en zale asko egin ditu gurean., Stalinen pasadizo hori ageri den Analfabetoa liburu autobiografikoa —ez dago euskaraz— gomendatu nahi nuke. Hitzokin hasten da, haizkorarekin ebakitako bere idaztankera hain berearen zartakoekin:

“Irakurtzen dut. Gaixotasun bat bezalakoa da”.

Beste testu hau hartu nuen nik Etxeko hautsarako aipu gisa:

“Lehenik, idatzi egin behar da, noski. Gero, idazten segitu behar da. Baita inori interesatzen ez zaionean ere, baita inpresioa dugunean ere idazten duguna ez zaiola sekula interesetuko inori”.

Hamaika kontakizun laburretan bere bizitzako beste hainbat pasadizo kontatzen ditu Analfabetoak, eta kontakizunetako batean —Stalinen heriotza— dator zutabera ekarri dudan pasadizoa. Ahaztuta neukan, eta ez nintzen hartaz gogoratuko —eta, hartaz, ez nuen zutabea idatziko— baldin egun hauetan Felix Romeoren Por qué escribo artikulu-bilduman Stalini buruzko erreferentzia irakurri ez banu. Liburuek ere —nahiz ez izan sarean bezala— batek bestera eramaten gaituzte.