Sestrak

Kataluniako auzia popa bistan uzten ari da CIU edo PSOE/PSC bikote zaharren arteko sestra disimulatzen zailak, La Repubblica egunkariko Rimbalzi (Erreboteak) blogean aspaldi topatutako —eta neure moldera ekarritako— eszenatxo hartan bezala:

Ezker-eskuin hiruna eserleku dituen hegazkin bateko korridorean aurrera, senar-emazte edadetu batzuk. Pasilloaren ondoko eserlekua tokatu zaio emakumeari. Leihatilakoa, gizonezkoari. Erdiko eserlekua egokitu baitzait niri, lekuz aldatzeko borondatea agertu diot andereari: “Nahi duzu senarraren ondoan?”. Emakumeak, kortesiatsu baina hotz: “Ez bereziki”. Eta pausa labur baten ostean: “Berak nahiago du leihatila aurrean; nik, aldiz, korridore ondoan”. Emakumeak, burua aurreraturik ni saihesteko, senarrari galdetzen dio: “Hartu dituzu pilulak?”. Gizonak, piper: “Propio utzi ditut etxean”. Emakumearen ezpain estutzea, gizonaren lasaituzko arnasketa.

Laster, biak lokartu egiten dira. Hain hurbil. Hain urruti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude