Aterkiak

Euri sarriaren malenkoniak tabernako leiho lurrunduaren aurrera eraman du kafe baten konpainian. Aterkiak ditu entretenigarri, estetikagatik bainoago, mugimenduagatik. Koadro marroidun bat aukeratu du estreina, haren atzetik joan zaio begirada. Aurrez aurreko aterki bat goitik samar badatorkio, makurtu egiten da. Paretik datorrenaren ibilera behetikoa bada, goruntz egiten du kementsu. Edo apartatu egiten da, beste bati tokia egiteko. “Bai guardasol eskuzabala!”, esan du malenkoniatsuak, koadroduna desagertutakoan. Gorri dotore bati segitu dio gero. Ibilera pinpirina du, lirainki saihesten ditu beste aterkiak. “Bizitzen daki!”. Aterki beltz tzar bat ere ikusi du. “Kabituko ahal da!” atera zaio, pasadako aterki guztiekin egiten baitzuen talka. Leiho parera iritsitakoan, agintari bat ezagutu du. Txoferrak zeraman aterkia.

Malenkonia asko entretenitzen zaio aterkien mugimendutik aterkidunaren nortasunerairoko txangoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude