Atlantida

Hots asko dabil esanez aldaketa klimatikoa kilimak egiten ari zaiola itsasoari, Leviatan zaharra esnatzen ari dela mendeetako lozorrotik, eta, aharrausika besoak zabal-zabal eginez, bereak ziren terrenoen bila hasiko dela. Euskal kostalde osoa bereganatu eta algaz beteko direla orain bizi garen tokiak, karramarroak eta nekorak nagusituko direla lehen karakolak eta bareak bizi ziren tokietan, gure etxeetako hondakinen zirrikituetan gordeko direla olagarroak, hain gustura jaten ditugun antxoak, salbarioak, lupiak eta horrelako arrain preziatuak nagusituko direla lehen errepide, kale eta plaza ziren tokietan…

Bart amets egin dut uretatik libre geratu den biblioteka batean nagoela Orixeren Euskaldunak poema luzea eskuetan dudala, eta bukaerako eskaerara iritsi naizenean (geroak esan beza: erri bat izan zan), esnatu egin naute.

“Atlantida, Atlantida Berria izango gara!” ari omen nintzen oihuka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude