Beraiek jakin gabe

Joan den asteburuan Noticias taldeko egunkariek euskal itzulegintzari buruzko nire artikulu bat argitaratu dute. Itzulpengintzak guretzat duen garrantziaz da. Jokatzen ari garenari buruz zein gutxi dakien jendeak.

Euskaraz ekin nion artikuluari, baina laster gaztelaniara pasatu nintzen. Uste dut —nahiz eta gero eta eszeptikoagoa naizen— ona dela gure arazo, kezka eta lorpenen berri gaztelaniaz ere ematea. Ez dakit. Etsipenaren kartak iristen zaizkit beti…

Ilusioa

Olentzerok ekarritako pakete bati begira dago, pentsakor. Urtea ez zaio orain hamabi hilabete imajinatu bezala atera. Laster, dardara sentitzen hasi zen eskuetan, erlojua esan nahi zuen momentuan telefonoa trabatzen zitzaion gogoan. Medikuarenera joan zenerako, gaitza hasia zegoen arrakala sakonak egiten haren memorian. Kontziente da zer etorri zaion, kontziente da aurki kontzientzia galduko duela. Folio batzuk hartu, eta inoiz egin ez duena nahi du egin: gutunak idatzi. Senideei, lagunei. Lehendabizikoa emazteari idatzi dio, bizitzan esan ez dizkionekin eta erdizka esandakoak osatuz. Emazteak nekez kontrolatu du emozioa gutuna irakurtzerakoan. Senarrak bigarren gutun bat idatziko omen dio estrainekoan kabitu ez zaizkionekin. Eta hirugarren bat ere bai, bigarrenean sartu ez direnekin.

Olentzerok ekarritako paketea ireki du, kolpean, urduri. Txikitako opariek ez bezalako ilusioa egin dio paper-mazo bat ikusteak.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabean kontatzen dudana erreala da, orain gutxi ezagutu nuen. Horrelako asko gertatu dira, kontatzen dudanak aldaera asko izan ditzake. Zutabea sarera nenkarrela, Italia hizpide izeneko kronika-liuruan kontatu nuena etorri zait burura. Ez da gauza bera, baina bi kontakizunek oinarri bera dute: memoriari eusteko premia. Hona Triesten izan nintzenean kontatu zidaten istorioetako bat:

“[Juan Octavio Prenz idazleak] Triesten sortu duten Pen Club-aren berri ere eman dit. Taldearen ezaugarririk nabarmenena, bertako kide diren idazle triestearren sorkuntza-hizkuntzak: italiera, serbo-kroata, alemana, gaztelera, friulera, eslobeniera, inglesa, frantsesa eta orain gogoan ez dudan bederatzigarren bat. Udalak lokal bat utzi zien beren bilerak egiteko. Zahar-etxe baten ondoan dago lokala, eta idazleek, alokairu gisa, tailer literario bat sortu zuten edadetuekin lan egin eta haien memoriak biltzeko. Album familiarra deitzen diote iniziatibari, eta zahar-etxean dauden askok eta askok idatziak dituzte jada beren memoriak. Gerran-eta izandako esperientzien memorandum izugarri bat osatzen ari direla esan digu Prenz-ek: “Naufragio asko bizi izan ditu hiri honek. Naufragiootatik salbatu edo erdi salbatu zirenen memoria gordetzea da gure asmoa”.

Urquijote

Herodesek ehunka soldadu bidali omen zituen lurbira osora boterea kolokan jarriko omen zion ume jaio berri baten bila, baina mundua mundu denetik egunero jaiotzen baita ume asko, eta lurbira osoan erruz baitaude agintari arbitrarioak eta errurik gabeko inuxenteak, soldaduen orduko txikizioak gaurko Inuxente Eguna ekarri zigun, kontu jakina da.

Oroeta deitzen duten gure baztertxoan ere bada soldadu urquijote bat errotaren bat hegalak mugitzen hasi orduko balizko erraldoi baten ukabilak ikusten dituena, behinolako Quijote paregabearen antzera bezala, eta burutik pasatu zaigu txit egokia litzatekeela urtero eta gaurko egunez Urquijote izeneko kontra-sari bat ematea Oroeta deitzen duten auzoan lastoa eta garia bereizten ez dakitenei.

Hartan, inuxente xaloez osatutako epaimahai laño batek erabaki berri du historiako lehen Urquijote sariak Carlos Urquijo duela irabazle, begi-bistakoak diren arrazoiengatik.

OHARRAK (Post scriptum)

—Uste nuen Urquijotearekin zerbait orijinala asmatu nuela, baina zutabea argitaratu eta gero, honako hau —ederra eta zutabeari primeran dagokiona— topatu dut sarean:

“…en cuanto a la elaboración del Quijote conviene tener en cuenta la hipótesis que data de principios del siglo XX referente a la existencia de un texto primitivo anterior a las dos partes conocidas del Quijote, el que recibiría el nombre de Ur-Quijote o Quijote primitivo, planteamiento sugerido por J. J. A. Bertrand de acuerdo al modelo del Urfaust de Goethe. Este hipotético Protoquijote acabaría en el capítulo seis cuando se produce la primera vuelta de don Quijote a la aldea”.

—Hasieran Danadaeta deitu nion auzoari, gero egokiagoa iritzi nion Orodaeta deitzeari, halaxe diot paperezko bertsioan, baina orain nago Oroeta ez ote den labur esankorragoa, eta halaxe utzi dut sareko bertsioan…

Olentzerok daki

Franco hil berritan, politikariek gustukoa zuten erakundeen garrantzia azpimarratzea. Erakundeek bertebratzen omen gaituzte (horra orduko diskurtsoetako beste giltza bat: bertebrazioa), erakundeek saretzen gure izaera soziala. Eta erakundeen defentsan irteten ginen kalera, frankismoak kendu zigun gure izaera eskuratu behar genuen eta sasoi berrietara egokitu. ‘Egun seinaluotan’ ere agintariek ez dute erakundeak aipatu gabeko diskurtsorik.

Baina diskurtso horietako erakundeen artean ez da agertzen Olentzerok opari ekarri didan Saussure hizkuntzalariaren aipamenekoa: “komunitate batek hizkuntza du erakunde nagusi”. Hizkuntzak komunitate gisako kohesioa ematen digu, etxean sentiarazten gaituen eraikina da. Bertan gaude, bertan gara. Hizkuntzaren dekadentziarekin, aldiz, komunitatearena dator. Eta, demagun, futbol-talde bat ere erakundeago —etxeago— sentitzen hasten gara hizkuntza baino.

Olentzerok bai jakin!

OHARRAK (Post scriptum)

Buelta asko emandako zutabe bat da. Hasieratik neukan garbi bai esan nahi nuena baita hezurdura ere, baina doktrinalegia iruditzen zitzaidan, zutabea irakurgarriagoa egingo zuen zerbait falta zela. Esan bezala, buelta asko eman nizkion. Halako batean bururatu zitzaidan Saussure-ren aipua Olentzerok ekarria izan zitekeela, eta horrekin lortu nuen —hala uste dut, behintzat— zutabea arintzea.

Noela

Etxe bateko atean kas-kas jo, noel bat kantatu (Etxeberri Ziburukoak noelac deitu zien gabon-kantei), jaiotza erakutsi-edo, sosak hartu, eta aide. Herenegundik, txerri-gantxo baten moduko galdera gakodun askoa daramat kaskoan zintzilik: ume-koadrila guztiek zergatik kantatzen ote dute kanta bakarra? Presa izan liteke kausa: ahalik etxe gehien pasatzeko premia dute umeek ahalik diru gehien bildu ahal izateko, time is gold, ekonomiak eta ingelesak esaldi bera dute atari. Noelen errepertorio laburra ere pisuzko kontsiderazio bat izan liteke: soberan da kanta bakar bat ikastea, hor ere ekonomia nagusi. Ume-koadrilek zekartzaten jaiotzak ere presaka eginak ziren, ez beste mundukoak, agian zerurako bidea estalpe batean hasten omen dela irudikatzeko.

Ohart naiz ez niela bigarren kanturik eskatu, apenas erreparatu niela umeei… Jaiotzari dagokionez, helduon bizimodu presatua islatzen zuten bertako ibai zimur aluminiozkoek.

OHARRAK (Post scriptum)

Etxeberri Ziburukoaren noeletako batek:

“Errezibi zazu, otoi:
Gure ahal tipia:
Obra falta bada ere,
Ezta izanen nahia”.

Nire kasuan —ez dakit umeenean— ahala eta obra faltatu ziren, halaber nahia.

Ea aurten

Euskaldunon batazbestekoaren galga betetzen baduzu, loteria gorrotatzen dutenen eta loterian konfiantza itsua dutenen arteko koska erdi eszeptiko erdi itxaropentsu horretan baldin bazaude, aurten 72,7 euro gastatu dituzu loterian, hala dio behintzat estatistikak. Loteria-postu batera —edo gehiagotara— joan zinen, zeure buruari esaten zeniolarik: “ea aurten…” Gustuko zenbaki bat hautatu zenuen, loteria-saltzaileak zorte ona opatu zizun, eta zuk erantzun zenion: “Ea aurten…”.

“Ea aurten” esanez itzuli zinen etxera, baina aspaldi utzi zenion amets egiteari: badakizu ez zaizula tokatuko, badakizu probabilitateen kalkuluak hogeita hamaika eskutik egiten duela beti. Baina, hala ere, behin loteria tokatu zitzaion lagun baten aitzakia jarri, eta errituala betetzen duzu urtero, zure printzipiotxoen kontra egin duzu aurten ere, eta zenbaki nagusia kantatzen dutenean, txartelak begiratuko dituzu.

Ea datorren urtean…

‘Inpultsua’

Aspaldi ttipian hots ugari ibilli dabil airean erremolinoka, erranka esanez euskara batu-bantu santua aldaretik jaitsi barik barikua bizitzen seiutuko deula kristau txintxoen morun, aitzinerat atera guranahi deun gure pan-lingua benedikatuagaz. Bada eta really, proposa dezagun apropoz eta oso seriamente, Babelgo babuak izateari itxita alegiya —eta egun arte exibitu dugun diziplina itsu itsusirik gabe—, gizaki eta emazteki oro guzti denen gustu eta gisako gisatu perfomantiko bat, errex prantatzeko mouko mokadua eta euneoko premiyak assez bastante xamar alimentatzeko neurriya eta xanidadea eukiko dituna, bakoitzari askatasun librea emanez ahora eamateko norbeari deritzaizkiokeenak batbederaren senak erraten diotson era prehistorikoenean, eta atzea in ber baldin bá hogoi urtez edo haboro atzeago, in daigun atzea, gure nazioaren ondran eta alabantzan, porque, colegos y colegas, cuesta abajo se vive mejor, goodbye, amen.

Saka eta saka!

Kamera atera, eta saka!, gustatu zaizun arbolari, herriko parkea estali duen orbelari, zubi erromaniko bati… Bidera ateratzen zaizun zernahiri ateratzen diozu argazkia. Zerbait polita iruditu, eta saka!, zure kamerak hor gordetzen dizu parean egokitu zaizuna. Ostiralak baino ostialakoagoak dira kamera berri hauek! Ehunka argazki dituzu. Milaka, agian. Sekulako artxibo bat. Atera zenituenean, ez zenien ez arretarik ez denborarik eskaini argazkietako lekuei. Ez zenituen arbola, parkea, orbela, zubia kontenplatu. Ez zenuen astirik izan. Baina kameraren tripetan daude. Eta egunen batean…

Egun hori ez da iritsiko. Eta iritsiko balitz ere, frogatu berri omen dute: zuzeneko kontenplazioarekin buruan erregistratuko lekuak zehatz gardenago gogoratzen omen ditugu kamera batekin jasoak baino. Kamera langa bat omen, gu eta paisaiaren arteko harresi halako bat.

Kontenplazioaren heriotza ere iragarri dute. Leihora noa.

Kanposantua

Garai batean, hemeretzigarren mendeko sasoi kasik prehistoriko hartan, gehiengo isila kanposantuetan zegoena zen: bizirik gaudenok baino gehiago baitira hildakoak, defuntuen multzoari deitzen zitzaion gehiengo isila. Espresioaren esanahia aldatu egin da, egungo soziologiarentzat biziok osatzen dugu gehiengo isila, baina pentsa liteke botereak nahiago duela espresioaren adiera zahar hura: politikoki hilda dagoen, zirkinik ateratzen ez duen, hilobiko bertan goxoan dagoen hilotza litzateke boterearen gustuko gehiengoa.

Frankismoak eta frankismo osteak gizendutako gehiengo isila aski ez, eta orain gehiengo isildua lortu nahi dute. Ze alde dago “kalea nirea da” esatetik “gehiengo isildua nirea da” esatera? Ukabil beraren ahurrean kabitzen da Fragaren eta Rajoyren autoritarismoa.

Beldurrezko imajina gotiko bat dakarkigu segurtasun-lege berriak: zezen-larrua, oposizio politikoaren kanposantu isil, mutu, mortu bihurturik.

Altzoa

Bizitza ulertzen, bizitza bizitzen laguntzeko pilula labur zorrotzak dira aforismoak. Filosofia-dosi konprimituak. Twitter-ek eta aire berria ekarri diote generoari, liburugintzan ere arrakasta dute aforismo-bildumek. Zerbaitegatik izango da: gorputzak Ibuprofeno bezalakoak eskertzen dituen bezala, espirituari ere on zaio laguntza, pilulatan emana badarik ere. Nik, behintzat, kontsumituko nituzke Aresti edo Mitxelena bezalakoen testuetatik ateratako pilula labur esanguratsuen bildumatxoak, bizitzaren patrikan eramateko.

Igandean horiek eta horrelakoak nituen buruan, telebistaren aurrean. Zer dira erremate asko, ez badira aforismoak?, nerabilen kabutan. Eta amesten ari nintzelarik bertsolaritzaren historiako erremate ederrenen, aforismo zorrotzenen bilduma bat, Juanito Dorronsorok doinuekin egin duen antzeko lan bat, Maialen Lujanbio aforismo eder batekin irten zitzaidan bidera:

“Altzoa da helduok dugun sehaska”.