Noela

Etxe bateko atean kas-kas jo, noel bat kantatu (Etxeberri Ziburukoak noelac deitu zien gabon-kantei), jaiotza erakutsi-edo, sosak hartu, eta aide. Herenegundik, txerri-gantxo baten moduko galdera gakodun askoa daramat kaskoan zintzilik: ume-koadrila guztiek zergatik kantatzen ote dute kanta bakarra? Presa izan liteke kausa: ahalik etxe gehien pasatzeko premia dute umeek ahalik diru gehien bildu ahal izateko, time is gold, ekonomiak eta ingelesak esaldi bera dute atari. Noelen errepertorio laburra ere pisuzko kontsiderazio bat izan liteke: soberan da kanta bakar bat ikastea, hor ere ekonomia nagusi. Ume-koadrilek zekartzaten jaiotzak ere presaka eginak ziren, ez beste mundukoak, agian zerurako bidea estalpe batean hasten omen dela irudikatzeko.

Ohart naiz ez niela bigarren kanturik eskatu, apenas erreparatu niela umeei… Jaiotzari dagokionez, helduon bizimodu presatua islatzen zuten bertako ibai zimur aluminiozkoek.

OHARRAK (Post scriptum)

Etxeberri Ziburukoaren noeletako batek:

“Errezibi zazu, otoi:
Gure ahal tipia:
Obra falta bada ere,
Ezta izanen nahia”.

Nire kasuan —ez dakit umeenean— ahala eta obra faltatu ziren, halaber nahia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude