Sasoi uherra

Sasoi uher, lauso, anbiguoa bizi dugu, esaten zaiguna ez da gertatzen dena, kaskoan sartu nahi zaiguna baizik, komenientzia, interesa, etekin azkarra. Esatariak ez du esan berri diguna sinesten, guk ere ez diogu sinetsi. Aspaldi ikasi genuela interpretatzen? Egia. Baina esan zaiguna jaso eta interpretatu bitartean, esandakoak bere bidea egin du hedabideetan, sarean, iritzien zurrunbiloan. Tokia hartu du, egokitu egin da, bertan goxo egin du manipulazioaren sehaskan.

Psikologia konduktistak aspaldi aztertu zuen errepikapenaren indarra. Umeak esaten badizu “aitari ikusi diyot” eta zuk erantzuten badiozu “ez da ikusi diyot esaten”, indartu duzuna “ikusi diyot” da, zuzendu nahi zena: errepikapenak akatsa indartu du eta garaile bihurtu. Hartaz, gure sasoi uher, lauso, anbiguoaren airean gelditzen dena errepikapenaren muina da, gezurra, hark esan duen azkena eta zuk errepikatu duzuna zure desadostasuna adierazteko…

Unibertsala

Alfonso Alonso popularrari entzun nionean justizia unibertsala ez dela eraginkorra, txaloka hastera nindoan. Pozak porrot, ordea. Alonsok, pausa labur bat egin eta gero, zehaztu zuen: “asko agintzen du, baina ez ditu liskar diplomatikoak baino sortzen”.

Asko agintzen duela? Justizia unibertsala, ai tamalaren handia!, titiko da oraindik, ez du burutu behar lukeena gauzatzeko ez eskumenik, ez kristo benditorik. Ez dituela liskar diplomatikoak baino sortzen? Ez dakit Alonso nongo unibertsotan biziko den, baina hemengo edozeinek daki justizia unibertsal benetako batek liskar diplomatiko asko eragingo duela. Hain zuzen, horretarako balio behar luke justizia-justizia unibertsal-unibertsal batek: zigorgabetasun diplomatikoarekin blindatutako Estatu, agintari eta egintza kriminalak epaitzeko.

Adibidez, frankismoarenak. PPren traba diplomatiko eta bestelakorik gabe, aspaldi epaitegi unibertsalean behar zutenak.

Hobeto

Ezkerreko eskua, pilota airera botatzeko baliatzen duena, tatuatuta dauka Wawrinka tenislariak teniseko tanto baten erritmoa duen Samuel Becketten esaldi batekin: “Beti saiatuz. Beti porrot eginez. Ez dio axola. Saiatu berriro. Porrot egin berriro. Porrot egin hobeto”. Egunen batean txapeldun izateko egin zuen Wawrinkak tatuajea. Txapeldun berria da. Ezker eskua jasotzen duenean pilota airera bota eta saka egiteko, Sisifo ikusten dut nik tatuajean, harri tzar bat mendian gora garraiatzen zuen heroi zahar hura.

Harria, ordea, gailurretik behera erortzen da, eta Sisifok harriaren bila jaitsi eta berriro mendian gora egitea du kondena. Wawrinkak tenisa abandonatzen duenean ere, tatuajea besoan izango du. Bizitzaren zurrunbilo guztietan, beti han. Saiatu. Porrot egin. Saiatu. Porrot egin hobeto.

Inon egotekotan, esaldiko azken hobeto horretan dago hainbeste saio eta porroten ereinotza, bizitzak eman dezakeen poz nagusia.

Arrunkeria

Emazteak mezu bat jaso du: “Laneko bidean naiz. Musuak. Zurea, Heini”. Oharra oso da arrunta, azpildurarik gabea, beren harremanean gozo bizi diren bi pertsonena. Kontua da nik Laneko bidean naiz jarri dudan tokian Heinik —Heinrich Himmler naziak— Auschwitzera noa idatzi zuelan. “Noiz kenduko ote ditugu euliak gainetik, bizitza gozatzen hasteko?”. Nik euliak jarri dizut, zuk irakur ezazu juduak: hori da zehazki emazteak erantzuten diona Heini kuttunari.

Hannah Arendt filosofoak ez zuen arrunkeria baino ikusi Eichmann genozidaren portaeran: dena gristen duen burokrazia triste mortala. Atzoko El Paísen azalak, Himmler senar-emazteen arteko mezuen berri emateaz gainera, Espainiako Gobernuaren asmo bat jasotzen zuen titular nagusian: popularrek dozena bat tortura eta genozidio kasu artxibatu nahi dituzte, paper haustu ahaztuak artxibatzen diren gisa.

Euli gogaikarriak gainetik kendu, memoria haustu, bizitza gozatu…

Aforismoak eta beste (III)

Etsietsi.
Orotarikoak etsiren bigarren adieran dio izen, adjektibo edo adizlagun baten atzean etsi jartzen bada, askietsi, askoetsi, ederretsi, jauretsi, onetsi, hautetsi, handietsi, hiletsi bezalako hitz politak sortzen direla, eta kontsideratu ondoren gero eta jende etsi gehiago dabilela bazterretan, pentsatzen hasi naiz ea gure ondorengoek ez ote duten gure garaia etsietsiko…

Bat, bi, hiru, lau, bost
BATasuna BIderatzeko (H)IRUdi LAUena BOSTekoa ematea da.

Hazia botata.
Atzo arratsaldean, sekulako auto-festa zebilen ikastolaren inguruan, autobusetako zaintzaileen huelgaren eraginez. Nire ondoan zen emakume batek:
—Hazia botata baino automobil gehiago dabil gaur.

Igerri/Egarri
Tabernariak laster igerri dio egarri dela.

Konparazione bat
Ile bat goitik behera erdibitzea baino kontu zailagoa da denen gustua egitea.

Besterik ezean
Besterik ezean, baba beltzak eltzean.

Hiriaren mintzoa

Herriak, hiriak eta lurraldeak gorputz biziak dira, hazi egiten dira, egokitu, aldatu, zahartu eta berritu, historian zehar gertatzen diren aldaketa sozialen eta kulturalen eraginez. Suntsitu ere egiten dira gerrek edo hondamendi naturalek jota. Aldez edo moldez, hiriak-eta interbentzio urbanistikoen ondorio dira, erabaki urbanistikoak dira zaharra kontserbatzea, zaharra berritzea, zaharra suntsitu eta berria jasotzea, ezer ez zegoen lekuan zerbait berria sortzea. Erabaki urbanistikoak egokipen eta eraldaketa sozialen eragile izaten dira: lurralde jakin baten premien erantzun eta hartutako erabakien erantzule. Erabakiek eragina izaten dute hizkuntzan ere: orain bi aste doi “Hizkuntza eta Lurraldea” izeneko jardunaldi batzuk izan ziren Donostian eragin hori ardatz hartuta, eta bertan parte hartutako aditu batek, Unai Fernández de Betoño arkitektoak, zioen: “Lurraldea antolatzerakoan, hizkuntza ere kontutan izan beharko genuke”. Lehen kolpean, deigarria egiten da, asko esatea dirudi. Baina ez da oso zorrotza izan behar interbentzio urbanistikoen nolakoak zelako ondorio sozialak dakartzan usaintzeko. Baita ondorio linguistikoek ere.

Herriak, hiriak eta lurraldeak gorputz biziak dira, hitz egiten dute. Han, alde zaharrean, sasoi desberdinen, esperientzi historikoen, mendez mendeko gustu estetikoen, gerren eta egoera ekonomikoen zantzuak. Hemen, hiriaren alde modernoan, material berriekin jasotako etxeak, eroso itxurakoak, gaur-gaurkoak, baina denboraren galbahea ezagutu gabeko nortasunarekin. Hiri barrua zeharkatzen duten ibaiak eta trenbideak bi giza multzoren arteko marra izaten dira sarri. Barride pobreen arkitektura modu batean mintzatzen zaigu, aberatsen urbanizazioek beste hizkera bat dute, beste bat da klase ertainen auzoetako ahots nagusia. Hiri antolamenduen bihotzean jaiotako fenomenoak dira ghettoak ere, beren hizkuntza askotan propioarekin, tradizio desberdinekin, usainak ere diferenteak dituztelarik gastronomia diferente baten ondorioz. Lekukoak izan ginen eta gara krisi industrialaren kudeaketak zer nolako berrikuntza ekarri zion Bilboko erdiguneari. Egunotan albiste eta hizpide izan ditugu Burgoseko Gamonaleko istiluak, auzo pobre baten bihotzean aberatsen mesedetako interbentzio urbanistiko batek eragindakoak.

Norekin pentsatzen duzu obra baten prozesuan?, galdetzen zaie sarritan idazle eta artistei. Ez dakit arkitektoak-eta ohituta dauden halako galderei erantzutera. Pentsatzen dut arkitekto baten erantzunak idazle eta artistena ez bezalako konkrezioa izango duela normalean: batetik, obra kontratatu diona dauka buruan; bestetik, ezagutzen du proiektatzen ari den espazioan biziko den jendearen bataz besteko profila. Bi-bien interesen oreka zaila zaindu beharra du arkitekto batek bere lanbideko atmosfera egunerokoa. Baina errepara diezaiodan bigarren multzoari, espazio horretan biziko den jendeari. Beren ezaugarri sozialak dituzte, kultura jakin baten jabe dira, tradizio batetik datoz, hizkuntza jakin bat da gehienen komunikazio-tresna… Arkitektoak edo urbanistak hori guztia aintzat hartzen du bere lana egiterakoan?

Gure lurraldeak iragan hurbilean izan dituen aldaketa linguistikoak jartzen badira, paper garden baten gisa, aldaketa urbanistikoen kartografiaren gainean, ez da hain zaila ikustea bataren eta bestearen arteko loturak, kointzidentziak, eraginak. Alde zaharrak garai linguistiko joanen berri ematen digu, auzo berriek eta aldiriek oparo ematen digute izan diren itxuraldaketa linguistikoen albiste. Urbanismoa mintzatu egiten da, aldez edo moldez islatu egiten du egoera linguistikoa. Islatu baino ez? Eragiten ote du modu bateko zein besteko egoera linguistiko batean? Arkitektoak, politikariak, ordenamendua erabakitzen dutenak hiztunak dira, beren ideiak dituzte —okerrak zein zuzenak— hizkuntzen arteko harremanei buruz. Horrek ba al du eraginik planifikazioetan?

Kanpotik begiratuta, ematen du lurraldearen eta hizkuntzaren arteko loturaren talaia titiko dagoela oraindik. Beharbada, intuizio distiratsu baten hastapenetan gaude, baina lurraldeaz arduratzen den profesionalak bezeria buruan duen bezala buruan baldin baditu bezeriaren premia linguistikoak ere, seguru asko onura bat baino gehiago ikusiko genuke. Zeren herri bateko kiroldegia gune guztiz erdaldun batean edo gune euskaldunean eraikitzeak ez du ondorio linguistikorik? Kontuan izan behar da hizkuntzen bariablea, demagun, herri guztiz euskaldun batean bostehun etxebizitza berri baimentzerakoan? Arkitektoek eta urbanistek hizkuntzaren talaia ere aintzat hartu behar dute espazio jakin batean interbenitzerakoan? Kontzientzia linguistikorik gabeko teknikak eta zientziak hizkuntza hegemonikoen alde egiten dute beti.

“Hizkuntza izatearen etxea da” zioen Heideggerrek. Etxe batean bizi gara, gure bizileku pribatua da; herrian edo hirian bizi gara, gure bizileku publikoa da. Eta bi tokietan, hizkuntzaren bidez sentitzen gara —edo ez— etxean. Etxeak, ez da kasualitatea, hizkuntzarekin lotutako etekin metaforiko ederrak ematen ditu: etxea bera eta Arestiren “nire aitaren etxea defendituko dut”; sukaldea eta euskararen sua; ateak eta leihoak, etxea eta mundua; ganbara, hizkuntzaren almazena; paretak, isolamendua… Gauza bera gertatzen da, ez da kasualitatea, hiriko espazioekin ere: plaza eta hizkuntzen enkontrugunea; zubia eta ibaia, hizkuntzen joan-etorria; merkatua, harreman ekonomikoen espresioa; parkea, aisialdiko jarduna; alde zaharra, edo herritarren bizitzaren ardatz erreferentziala eta arnas-gunea.

Euskararen hauspoak, euskal hiztunen metaketa demografikoa duten espazioak, aisialekuak… Hiri batek funtzionatzen du hitzaren espazioak daudenean bertan. Euskarak hil ala bizikoak ditu. “Bilbaon kaleak zabalagoak dira Bilbon baino; tabernak, dendak, jatetxeak askozaz gehiago dira batean bestean baino; zinema aretoak daude batean, film bakanen bat noizbehinka bestean… […} Baina, harrigarria dirudien arren, Bilbon Bilbao kabitzen da, eta ez Bilbo Bilbaon”. Jokin Oregik Bilbogatik idatzi zuena Euskal Herriko herri-mapa gehienetan irakur daiteke.

(Correo eta DV egunkarietan argitaratuta, 2014-I-26an)

Hitzaren emaginak

Badaude existitzen ez diren hitzak existitu zain: deskribatuko lituzketen errealitateak ezagutuko genituzke. Orain hirurehun urte sortua da nostalgia: Hofer izeneko soldaduak hitza asmatu aurretik jendeak sentituko zuen geroago Nemesio Etxanizek urruti-mina deitu ziona, baina Hoferrek sortu arte ez zuen izenik. Badira ahanzturaren ganbaratik errekuperatzen diren hitzak, halako bat da Orixek ganbarako kutxa haustu batetik ateratako satsukeria. Badaude hitzak berriak sortzeko ispilu direnak: gogotxartuk odoltxartu, ostitxartu, potrotxartu bezalakoak eman ditzake. Badira jolas gisa jaiotzen diren hitz berriak: sinonimoen menturazko lotura baliatuz sortua da solasjaipausa. Badira hitz ezagunak beren adiera zaharra ezagututakoan (kaskabiloa, edo galburuaren xakutoa) esanahi berria ulertzen laguntzen digutenak…

Hitz berriak, hitz zahar berrituak, noiz jaioko dauden hitzak, errealitate ezkutuen emaginak.

OHARRAK (Post scriptum)

—Hitz berrien artean nostalgia ekarri dut adibide. Oso ezaguna da hitzaren nondik norakoa, sentimenduen mundua du eremu. Ekar nitzakeen adibide hurbilagoak ere. Ikastolarik ez zen garaian hitz sortu berriak egoera berri bat islatu zuen, zer emango zuen jakin gabe. Zer esan euskaldun berri espresioak ekarri zuenaz? Euskararen munduarekin zerikusia duen hitz asko eta gaur guztiz arruntak egiten zaizkigunak —euskalki, euskaltegi, Euskaltzaindia bera— berriak dira, eta, halaber, egoera berri bat deskribatzen laguntzen dutenak.
Munduaren emaginak deitu nahi nion zutabeari, baina luzeegia zen dauzkagun neurritarako.

Nostalgia

Hego haizeen eta eguraldi nahiko opelen ostean, euria eta hotza omen datoz. Elurrik ez. Non dira garai bateko elurrak?, galdetzen zuen François Villon-en poema ezagunak, non dira garai bateko elurrak?, galdetzen dugu ia seiehun urte geroago ere. Aldaketa klimatikoen kezkak asko izango du garai joanen nostalgiatik. Ez dakit. Melankoliak haurtzarora eramaten gaitu eskutik, elurra ari du, leihotik ikusten ditudan malutak airean eta haizearen mende dabiltza, nire begiek mundu zuri-zuri baten distira jasotzen dute oroimenean gordetzeko. Nostalgiak bere oin arrastoak utzi ditu elurretan. Eta nire memorian.

Mutil lerden beltz bat sartu da euritatik kafetegira. Artilezko galtzerdi batzuk eskaini dizkit. “Beroak dira, ukitu, ukitu!”. Senegaldarra omen da. Bustita dago, sorbaldetan hondoratua dauka burua. Hotzez. Bururatu zait Senegalen ez duela elurrik egiten, ez duela nirea bezalako nostalgiarik.

Kafesne batera gonbidatu dut.

Ez naiz tontoa

Antologikoa da, disko gogorrean gordetzeko moduko dokumentu bat hizkuntz desmasia burokratikoen karpetan. Eroskiko preferenteen auzia. Epaileak galdetzen dio sukurtsal bateko zuzendariari ea bezeroei garbi utzi al zien dirua galtzeko arriskuan zeudela. Sukurtsaleko zuzendariak erantzuten dio: “Hain garbi, ez. Nik esplikatzen nien likideza instrumentatua zetorrela merkatu sekundarioan”.

Gaztelaniaz zer esan zuen jasotzeko moduan itzuli-edo dut zuzendariaren erantzuna. Hona itzulpen jatorra, nahiz luzeagoa izan:

Nik esplikatuko dizut teknikoki zuk inolaz ere ulertuko ez duzun zerbait, eta nik nola ez dizudan gezurrik esan, zu engainatua sentitzen bazara, zurea izango da kulpa, ez nirea. Teknikoki esplikatu ordez produktuaren nolakoa esplikatu izan banizu hizkera klaruan, ez zintudan konbentzituko eta zuk ez zenuen produktua erosiko, eta ni eskupekorik gabe geldituko nintzen. Ez naiz tontoa, ulertzen?

Suspertzen

Davos edalontzi erdi betearekin hasi dela irakurri dugu. Propagandaren makina abian da, nagusitzen hasi da mantra berria: susperraldi-aroan sartu gara. Poztu behar genuke. Azkenean, tunelak azkena du! Bankuak sano dabiltza, multinazionalen enpresa alimalekoak osasuntsu, adreilu gorri-gorriak bero-bero irteten ari dira labeetatik. Tunelak azkena zuen, krisiaren errudunek burutu dute arpilatze lana: krisia hasi zenean baino aberatsagoak dira. Berdindu dituzte diru gehiago egiteko eragozpen fiskalak, likidatu dituzte traba sozialak, bete da amestu ere egiten ez zuten ametsa.

Susperraldia atarian dugu. Dagigun bertan goxo. Baina gu ere propagandaren parte bihurtzen bagara “irteten ari gara tuneletik, badator susperraldia!” bezalakoak esanez, aitortu egingo dugu —eta, inplizituki, baita txalotuko ere— status berria: mundu insolidarioago bat.

Funtsezko krisia ez ote den orain hasiko, ez ote dugun hemendik aurrera biziko…