Noiz ustelduko

Ez dago dilema mingarriagorik bi balio moralen artean derrigorrean bat erabaki beharra baino. Biak onak izaki, bata ala bestea, ez dago beste aukerarik. Bidegurutze horretan, dilema horren bihotzean, garatu ditu literaturak bere drama gorenak. Antigona da adibide nagusia: legearen eta kontzientziaren artean erabaki behar izan zuen; kontzientziari egin zion kasu. Eguneroko bizitza ere ez dago auzien faltan: familian, hil ala biziko osasun kontuetan, esate baterako; lantegian, solidaritateak lanpostua kolokan jartzen duenean, adibidez…

Politika ere dilema moral askoren plaza da sarri. Errealitateak, egoskorra baita, maiz jartzen ditu agintariak kontraesanen bidegurutzean. Rajoy izango da dilemarik gabeko agintari mundial bakarra. Zain egoten jakitea du meritu nagusi: sortzen zaizkion auziak denborak ustelduko dituen usteak bizi du. “Zergatik egin behar dut nik zerbait?” galdetzen zuen herenegun xano-xano.

Permalink-a 2 erantzun

Mozorro dantza

Ostegun gizen, mozorro dantza, nadin odolki, betor buzkantza!

Nadin hordi Barrikan, asto zurrutero Zaldibarren, txikitero jator Baraibarren. Izan nadin atso tronpetari Elorrion, konfiteru fin Otxandion, uzker-artillero Donostian. Izan nadin izan iraultzaile Baigorrin, moderatu Urepelen, jotaketarra Jataben. Nadin nadila apustuzale Erronkarin, muslari trebe Tuteran, hordago-jole Muskitzen. Nadin eta nadin Errenterian dendari, markesaren alaba Mutrikun, sardina saltzaile Santurtzin, damatxo gazte Donazaharren, krabelina Arrosan. Nadinean nadin bisexual Amorebietan, behi susara Mugiron, asto mandako Tolosan. Izan nadila fabulatzaile Alegin, adarjole Burlatan, Txanogorritxo Otsozelain. Nadinka nadin brokerra Bankan, soldadu raso Guardian, galerista Artean, legelari zahar Foruan. Nadintxoan nadin logopeda Bokalen, dentista Ortzaizen, langile zahar Olaberrin, enterratzaile Errexilen.

Ostegun gizen, mozorro dantza!

Permalink-a 7 erantzun

Sinesgarritasuna

Jordi Evoleren Salvados saioak ateratako zalapartaz aritu zen Aritz Galarraga, beti lez fin, atzoko berripaperean. Baina Aritzi baino zalantza gehiago eragiten dit niri fikzioa eta informazioa nahasteak (informazioa ateratzen da —beti?— kaltetua). Mamia du gaiak. Nolanahi ere, debateak badu beste hari interesgarririk ere, eta bat da sinesgarritasunarena. Jende askok “alako aixa nola antxua baliak” irentsi omen zuen gezur anporra. Baina zergatik? Orson Welles-en programa arrakastatsuaren atzean inbasioren baten beldurra zegoen. Inkestek dute Kubrick-en Ilargiaren alde ezkutuak arrakastaren kulpa: jende askok ez du oraindik sinesten gizona ilargira iritsi zela. Eta Evoleren arrakasta non dago, ez bada militarren tradizio kolpezalean, UCD barruko konplotetan, Enrique Mugicaren rol puskan, Erregearen duda ez batere Hamletiarrean?

Evolek eskura zeuzkan sinesgarritasunerako zimentarri sendo askoak.

OHARRAK (Post scriptum)

Paperezko bertsioan hiru aldiz aipatzen dut kazetaria eta hiruetan berdin, gaizki alegia, Evoli idatziz Evole behar lukeen lekuan. Josu Goikoren twitter batek akatsa nabarmentzen du “Lertxundi Evolin gelditu zen” esanez eta Carlo Leviren “Kristo Ebolin gelditu zen” nobelaren titulua ironikoki parafraseatuz.

Erantzun 1

Inkisidorea

Gure tradizioak oso aldakor kapritxozkotzat dauka kontzientzia: egoeraren araberako kolorea hartzen du. Behin kontzientzia berdez jantzi zen, eta astoak jan egin zuen belarra zelakoan, hortik atera kontuak. Beste behin, gorriz jantziko zen eta harakinak odolkiak egingo zituen odola zelakoan, ez dakit. Ipuinak ipuin, dakiguntxoa da kontzientzia iparrorratz bat dela, eta iparra zaintzea zeregin ederra dela nork bere baratza gobernatzeko. Baina kontzientzia oso da arma arriskutsua besteen baratzean sartu eta hura gobernatzeko eskubidea daukala uste duen baten eskuetan. Halako jendeak su asko piztu du historiaren plazetan, jende asko erre du kontzientziaren aitzakiarekin. Inkisidoreak deitzen diegu. Diktadoreak. Fundamentalistak.

Gallardonen helburu azkena ez da lege bat aurrera ateratzea, gurutzada bat abiaraztea baizik. Inkisidore ultrenen bidetik, bere kontzientziak agintzen dio gure kontzientziak ere gobernatzeko.

Permalink-a 4 erantzun

Lezioa

Beti dago kausen arrosario luzea Ukrainako gertakariak bezalakoak aztertzeko, esplikazio bakar batek ez du dena argitzen. Baina hori egia izanagatik ere, izurri jakin batek piztu zuen sua, izurri batek atera ditu ukrainarrak kalera, izurri batean zentratuta dago protesten muina, eta gaitzak izena du ustelkeria. Ustelkeria ez da kausa bakarra, “zoritxar publikoa zoritxar pribatu askoren metaketa izaten da” idatzi zuen Irène Nemirovski ukrainar idazleak, baina ustelaren kontaktuak usteldu egiten du, gaitza barreiatu egiten da bizi-kantoi guztietara, gorputz sozial osoa kutsatu eta gaixotzeraino. Akain parasito erraldoi bat izaki, besteen odola behar du, defentsarik gabeak ditu bazka natural.

Europak hauteskundeak baitauzka atean, nahiago zuen ostrukarena egin Ukrainan gertazen ari zen, Europako bozen emaitzak ezagutu arte. Azkenean, ordea, ez du busti beste erremediorik izan. Eta, lotsa gutxirekin, ustelkeriaren kontrako lezioak emanez ekin dio lanari.

Permalink-a 4 erantzun

Orri pasa

Atzoko zurrunbilo mediatikotik, irratiari entzundako iritzi xume bat azpimarratuko nuke: “orria pasatzeko sekulako gogoa daukat” esan zuen iritzi-emaile anonimoak, eta ezin jakin zer den berarentzat orria pasatzea, nolako bizipen eta motibazioak dauzkan orria pasatzeko urgentziaren atzean.

Orria pasa. Irakurri berriak atzean uzterakoan, han kontatzen direnak ahazteko, jakintzat emateko, gogoan gordetzeko? Zabaltzeko daudenei itxaropenez ekiteko, aspertuta, konpromiso hutsez?

Irakurle adina istorio kontatzen du liburu batek, irakurle bakoitzak bere liburua idazten du begiekin. Halaxe gu orri pasaren aurrean: nork bere begiekin ikusitakoaren eta bere bihotzak sentitukoaren arabera. Bada jendea orria aspaldi pasatu zuena. Beste batzuei bizi osoa kostatuko zaie hatz-punta malkotan busti eta orria pasatzea. Eta bi ertzon artean, gertatu zaigunaren irakurleak adina irakurketa, orri pasatze mota eta urgentzia…

 

Permalink

Nomofobia

Urduri baldin bazaude, izerdi hotzez, eta uneoro zure patrikak miatzen bazabiltza falta zaizun zerbaiten bila, nomofobia daukazu. Edo nomophobia. Bi eratara irakurria dut modan jartzen ari den hitz berria. Eritasunak aurrera egin baino lehen, entzun Mikel Laboaren Lekeitioren bat, inkomunikazioaren antsietateak jota baitzaude mugikorrik gabe gelditu zarela konturatu zarenetik. No adberbioa, mo laburdura ( mobiletik) eta fobia ditu osagarri mugikor faltaren izuak, eta orain sentitzen ari zaren egonezin horixe da hitz —eta gaitz— berriaren funtsa. Zure telefonoa hedadurarik gabe gelditzen denean, edo bateria ahitzen bazaio, edo mugikorra etxean ahazten bazaizu, Laboak ez dizkizu sendatuko, baina ulertzen lagundu bai, izua, angustia, noraeza.

Gaur jakingo dugu desarmearen begiraleen eta ETAkoen artean nomofobiarik egon den edo beren arteko komunikazioak iragarritako ondorioak dakartzan. Laboaren musikarekin.

Umore beltza

Zuhurtzia eta hoztasuna eskatzen ari da gizona. Santa Teresa Avilakoa, erregutu nire alde; Santiago Espainiakoa, erregutu nire alde; San Josemari Escrivá Opusekoa, erregutu… Goizeroko errezoak bukatu eta gero, lanera joan da, pasadako eliza guztien aurrean aitaren egiten duelarik (ez du bat huts egiten). Behin bulegoan, interfonoa jaso eta eguneko prentsa-txostena eskatu du. Irakurri dituen albiste eta ateraldien artean, Melillako presidenteak botatakoa da, Marokoko mugan azafatak jartzearena, algara gehien atera diona. Serioa ematen du gizonak, baina oso gustukoa du Muñoz-Seca idazle frankista. Umore beltzarengatik.

Kolaboratzaile bat sartu da gelan. Ministro jauna, nola jokatuko dugu sartzen diren etorkinekin, ezin dugu-eta ezer egin lehengoan itotako hilotzekin? Beroan bidaliko ditugu etxera, aldatu legea bero-beroan, agindu du ministroak, bere txiste txarrak eragin dion irri ergelari eutsi ezinik.

Paper-muturrak

Ehun urte Julio Cortazar jaio zela, hogeita hamar hil zela. Ordutik, ez da sekula jenderik falta Montparnassen, haren hilobi aurrean, eta Cortazar zaleek zigarro piztuak uzten dituzte, bertan erre daitezen idazlearen ezpain artean ahitzen ziren bezala. Che-ren irudiak ere uzten dituzte; kronopioen marrazkiak; txingotan jolasteko laukiei han-hemengo plazetan ateratako argazkiak, Rayuela gogoan. Uzten dituzte paper-mutur idatzi batzuk ere. “Maite haugu, kronopio zaharra, mate bat hire ondran!”.

Iraultzan sinesten baitzuen mundu hobe bat amets, imajinatzekoa da irakurleen paper-mutur askok ordutik gaur bitartean galdutako gerra askoren nostalgia jasoko duela. Kubako iraultzaz, Errusiaren bilakabideaz, Berlineko harresiaz… “Zer giro egiten du kosmopistan? Autonauta horrek ba al duk hemengo berririk? Tokitan zagok amesten huen sozialismoa! Hemengo paraderoa! Ez huke sinetsiko kapitalismoak aspaldi darabilen txulo-airea!”

OHARRAK (Post scriptum)

Berripaperean “Ehun urte Julio Cortazar hil zela, hogeita hamar hil zela” atera da nik hala bidali nuelako. Bada Cortazar imitatzen ari nintzela pentsatu duenik, baina huts egin dut, ez naiz kronopio bat, nire errealismoari magia apurrik balerio ere, ez da hainbesteraino ematen.

Permalink-a Erantzun 1

‘Ring’-ean

Garai bateko irrati-telebistetako elkarrizketetan, solaskide biek egiten zuten zalantza: alditan, elkarriztatuak ez zekien nola erantzun kazetariaren galdera zorrotzen bati; alditan, kazetaria zen ez zekiena zer galdetu, adibidez, arrazonamendu distiratsu bat entzun ondoren. Biak agertzen ziren maila berean. Aspaldi handi honetan, ordea, ez da berehalakoan ikusten edo entzuten zalantza egingo duen kazetaririk. Eta ez dago gaizki, hori du agian bere egitekoa, baina kazetari eredu berri bat nagusitu da: inoiz zalantzarik egiten ez duearena. Batere pitzadurarik gabeko jarrera askotan harro airea erakusten du ideietan, bere galderetan… eta politikoki nondik den herren ikusten zaio.

Elkarrizketatuaren eta entzuleen arteko bitartekaria bainoago, bere publikoaren txalo bila dabilen boxeolari boteretsua ematen du halako kazetariak: ring inguruko publikoaren odol-oihuak entzunik, kontrarioa K.O. uztea du helburu.

Permalink-a 3 erantzun