Nerabea altxorraren islarantz

Egun batetik bestera, gurasoak ohartzen dira umea aldatu egin zaiela. Gero eta autonomoagoa da; gurasoek zer esan, berak justu kontrakoa egiten du; sarriak ditu kolpeko haserrealdiak; lagunei bihotza zabaltzen dien determinazio berarekin ixten die gurasoei; sekretuak ditu, mesfidati bihurtu da, gurasoen intromisio bakoitza etxeko elkarbizitza zilipurdikatzerainoko casus belli bat bihurtzen du. Brastakoan, gurasoak eta jada gaztetxo egin dena arrotz sentitzen dira elkarrenganako. Petral hori al da orain artean ezti bitsetan eduki gaituen umea?, diote gurasoek. Buruximur horiek al dira hainbeste miresten nituen gurasoak?, dio nerabeak. Gurasoek ez dakite nola adierazi gertatzen ari zaiena. Nerabeak ere ez; baina baleki ere, ez lieke bihotza zabalduko.

Aita hiltzen zaion egun berean hasten du Jim Hawkinsek, Stevensonen Altxor Uhartea nobelako protagonistak, bere abentura. Ez da kasualitatea. Aita bizirik, ez zukeen itsasoko bidea hartuko, altxorraren misterioa argitzen saiatzeko aukerarik izango. Aita hiltzearena har bedi metafora gisa: nerabeak bere autonomia eraikiko badu, aitarenaren gainetik edo kontra eginez saiatuko da. Ordurako deskubritzen hasita dago kalea, lagunen, koadrilaren eremua. Sexu propioa eta besteena. Alkohola eta haratagokoak. Guztiak ere, helduen mundukoak. Asteburuak borroka ekaitzez beteak dira gurasoentzat, konkista txiki eta handien plaza nerabearentzat: ordutegia, paga, janzkera berriak, gurasoen gustukoak ez diren ohiturak. Ordu arte gurasoek dena zekiten umearen ibilerez. Pixkanaka, gero eta gutxiago jakingo dute, eta jakingo duten apurra zeharka izango da: beste gurasoren batek esandakoarengatik, alkandorako porro usaiarengatik, whasapparen bidez jasotzen dituen dei ugariek eragindako susmoengatik. Bitartean, nerabea ikusten ari da kalea, gaua, deskubritzen ari den mundua gazteleraz bizi dela. Etxeak —eta, neurri batean, eskolak— egiten ez dion hizkuntza batean.

Oso bide luzea egin dut iritsi nahi nuenera heltzeko, eta heldu naizen lekua askotan ez da orain arteko lerrootan kontatu dudana bezain kolore ilunekoa. Ados. Baina mundutxo bat deskribatu nahi nuen eta nerabeekin usu gertatzen den giroa azaldu, hizkuntzaren auzia ere nerabeen autonomia-bidean kokatzeko. Adituak esaten ari zaizkigunez —eta ez espanturik gabe— nerabe euskaldun askok gero eta lehenago egiten du gaztelerara jauzi. Hamahiru urteren bueltan. Edo lehenago.

Haurtzarotik helduarora bitarteko adin zail bezain erabakiorra bizitzen ari da nerabea, inoiz biziko duen iniziazio-erriturik inportanteena. Testuinguru horretan kokatu beharko genituzke nerabearen egonezinak, isiltasun eta oihuak, autonomia-gosea. Giro horretan, halaber, kaleko hizkuntzaren deskubrimendua eta hark eragiten dion lilura ere. Jim Hawkins laster ohartu zen altxorraren islara iristeko itsasoko kodeak ikasi behar zituela, altxorraren mapa irakurtzeko ere bertako kodea dezifratu behar zuela. Gertatzen dena da Hawkinsek aurkitu eta argitu nahi zituen kode horiek etxeko hizkuntzan zeuzkala, berak zekien bakarrean: ingelesez. Nik deskribatutako nerabea, ordea, mundu elebidun batean bizi da, eta etxean euskaraz ari den bitartean, kaleak, lagunarteak, gauak, helduen munduak —altxorraren islak, altxorrak berak— gaztelaniaz egiten diote.

Bere nortasuna erabaki eta finkatzeko ekaitz bete batean bizi den nerabe batek nola egingo dio aurre horri guztiari? Nola planteatuko du —diogu— kontzientzia linguistikoa? Jim Hawkinsek hartu zuen ontziak Hispaniola zuen izena. Nire nerabea enbarkatzera doan ontziak, ordea, izena eta izana ditu gaztelaniaz. Baina euskaraz egin dezala nahi lukete gurasoek, hala nahi genuke euskara nabigatzen eta altxorraren bila ikusi nahi dugunok.

Etapa laburra da nerabezaroa, trantsiziokoa, baina inportantea oso. Alor askotan, behin betikoak izango diren pautak bideratuko ditu nerabeak. Tartean, hizkuntz hautamenari dagozkionak. Baina euskarari eusteko, urria du euskarak eskaintzen diona. Argitaletxe batzuen gazte literaturaren sailek nerabe bati eskaintzen dioten aukera urria kenduta, zer? Eskerrak gazteen munduak eta euskarak sarrera dezentea duten teknologia berrietan. Gauza bera ikusi nahi genuke euskara sustatzeko sortu zen —eta horretarako ordaintzen dugun— telebistan ere. Zer dio auziaz, zer leku eskaintzen dio euskararen sustapenean halako garrantzia duen adin-segmentu horri, non daude nerabeak erakarriko dituen programak, sailak, istorioak? Eskolari dagokionez, nago nerabezaroko estrategien talaiatik begiratu behar litzaiokeela euskararen auziari, ez aparteko fenomeno bat balitz bezala.

“Denok hartu genuen altxorraren parte eder bana”. Jim Hawkinsek nobelaren bukaeran dioena dugu eginkizun.

(Orain egun batzuk, >Diagnonisa izeneko zutabea argiratu nuenean, gaiari tratamendu luzexeagoa ematea agindu nuen. Noticias taldeko berripaperetan argiratatutako hau izan liteke agindutakoa. Baina, noski, gaia ez dago agortuta)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude