Aspaldiko!

Aspaldiko!, esaten dugu, lagunaren bizkarrean kolpetxoak emanez. Beharbada ez da hain aspaldi ere azkenekoz ikusi genuela, baina aspaldiko!, da ateratzen zaiguna. Posten garela elkar ikusteaz, alegia. Harritu egin bagara, bizi haiz-eta! eransten dugu. Edo kontu-eske hasteko motiboak eman badizkigu, bazuan garaia! gaineratzen dugu.

Batzuetan, ordea, aspaldi ikusi ez duzun bat izateaz gainera, izan liteke beste aspaldi luze batean ikusi nahi ez zenukeen horietako bat. Aspaldiko!, esan dizu; presaka nabil!, erantzun nahi zenioke. Baina aspaldikotzat jo zaituen pertsona bati zaila da hain erantzun destainazkorik ematea. Gainera, irabazteko gehiago badakarkizu galtzeko baino? Bada, onena, bosteko kortesiatsua ematea: aspaldiko, zenbat denbora!, ea konpontzen ditugun gure komeri aspaldikoak, akordatzen?

Ez ditugu Urkullu eta Rajoy entzun aspaldiko! esaten elkarri, eta, tamalez, ezin beren arteko sintonia dezifratu.

OHARRAK (Post scriptum)

Hitzen bidaia, normalean, arazorik gabea izaten da hizkuntza batetik bestera. Eguraldi ona egiten du, hace buen tiempo. Baina, ez gutxitan, hitz baten maleta erdi hustu egiten hizkuntza batetik bestera, edo pisua galtzen du. Demagun aspaldiko!. Cuánto tiempo sin verte! itzultzen du Elhuyar hiztegiak, baina aspaldikoren pertsonifikazioa, euskarazko formulari indarra ematen diona, galdu da bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude