Atrezzoa

Errepidean, eguraldi zakurra. Irrati batek Espainiako Barne Ministroaren azken bizkotxada du hizpide: datozen Inauterietan baimena eskatu beharko da sardina zahar jantzian ibiltzeko. Arestiri buruzko hitzaldi batetik nator, Guardia Zibilak poetari konfiskatu zion Joyceren Ulisesen itzulpen amaitu gabea etorri zait akordura. Hartan, kontrol bat autobideko irteeran: beti bezala, lagunak egiten! Gelditu naiz, hurbildu dute argia, ikusi dute nire aitona planta, ikusi dituzte atzean bi ume-aulki ere.

Atrezzoa inportantea da kontrolak gainditzeko.

Ihauteriak disfrutatzeko, zer esanik ez. Bururatu zait kuadrilatxo bat osatu genezakeela Joycerenak bezalako antiojo batzuk jantzita… agian Stephen Dedalusen despistatu plantarekin… atera gintezke Arestiren airea hartuta ere… Eta desfilea manifestazio baten mozorroa izango da: eskuizkribua gurea da, gurean nahi dugu!

Behingoagatik, ea egia den ez dugula guardia zibilik ikusiko.

OHARRAK (Post scriptum)

Aspaldi ikusi ez nuen lagun batekin egin dut topo. Joyce-ren mozorroa erraza dela oso identifikagarria literatura pixka bat ezagutzen duen ororentzat. Erabakia duela Inauterietan zer jantzi. Eta eskerrak eman dizkit ideiarengatik. Argazki bat bidaliko omen dit.

Beste lagun batek, irakaslea bera, eskerrak eman dizkit disfrazarse de emateko orduan -z mozorrotu ez bestelako rmodu batzuk emateagatik. Aitortu diot eroria naizela salatzen duen erabilera trakets horretan, gogoan dudala horregatik egin zidaten kritika, eta kritikak —ondo eginak— atseginak ez badira ere, ondo etortzen direla biderako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude