Ehun urte

Hasi, irentsi eta bukatu. Eserialditxo batean. Juan Echenozen 14 nobela laburra da orriz, luzea oihartzunez. Ez da erraza hain urrian hain ugari esatea, baina idazleak ohituta gauzka. Lehen Mundu Gerraren historia kontatzen digu nobelatxoak, pertsonaia arrunt batzuen arteko istorioen talaiatik. Gerra lehertu da, denek uste dute ez duela askorik iraungo. Hamabost egun gehienera ere. Pare bat hilabete, eta etxera. Gabonak etxean, mutilak! Lau urte luze iraun zuen historiagileek Mundu Gerratzat hartu zuten lehenak.

Ehun urte bete dira ordutik. Ezkorrenak ere ez zituen gerrarako baldintzak ikusten. Baina gertatu zen. Ez omen zen halakorik gehiago errepikatuko, baina bigarren bat etorri zen. Txertatuta gaude? Zalantzan jartzea ere! Ez, ez dago beste halako hirugarren baterako baldintzarik. Baina…

“…jendearen irribarreak konfiantza erakusten zuen, garbi zegoen hark guztiak ez zuela askorik iraungo, berehala itzuliko zirela etxera”.

Permalink-a 2 erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude