Artea, edo simaurretan lore

Atarian dugu aste berria, hedabideetako kultur orriek ARCO izango dute hizpide nagusi datozen egunetan. Zenbaterainokoa den krisiaren eragina artegintzan, salmentetan? Artprice aldizkariaren esanetan, iaz ehuneko 62 erori zen obra artistikoen salmenta. Galeriek eta artistek zeukaten BEZa ehuneko 21 izanik, ez da harritzekoa. Etekinen ia laurdena zerga zen eta konpetitzea zaila zen artistentzat eta galeristentzat, kontutan hartzen bada Europar Batasuneko batazbesteko BEZa ehuneko 13 dela (Frantzian daukate baxuena, ehuneko 5,5arekin). Espainiako Gobernuak, azkenean, BEZ artistikoa jaitsi du —joan zen urtarrilean hala iragarri zuen Saenz de Santamaríak— eta ikustekoa izango da neurri iragarri berriak zer nolako eragina izango duen ARCOn.

Krisia ona da artistentzat, artearentzat, oso uste errotua da. Krisian ematen badute onena, zertarako behar dute administrazioaren babesa edo beste edozein laguntza mota? Rara avis dira artistak, hobeto daude beren aparteko munduan: krisiarekin edo krisiarik gabe, berdin segituko dute sortzen. Krisiagatik musika egiteari edo liburuak idazteari utzi badiote, beren bokazioa ez zen hain sendoa izango, hala pentsatzen du askok artistengatik, beren buruei aplikatzen ez dizkieten betebeharren katearekin lotuz artistak.

Artista eta miseria: artistak artea du amets bakar, dena sakrifikatzen du artearen aldarean, eskasian bizi den artistak gehiago zorrozten du bere irudimena, krisia da sorkuntzaren akuilu, eta abar. Erraietan txertatuta daukagu artista eta miseria uztartzen dituen argazki erromantiko hori. Juan Benetek, irudia esperpentoaren muturreraino eramanez, esaten zuen artista batek emazteeak abandonatutako tipo bat behar lukeela izan, maitaleak engainatua, seme-alabek iruzurtua, aitak erreka joarazia, eta, halatan ere, irrika ekonomikorik gabe idatziko lukeena. Labur esanda: bere lumaren fruituekin konpondu ezin diren gatazkak dituena.

Oso zabaldua dago irudi hori, baina, paradoxikoa da, gaurko publikoak ezagutzen duen artista beste muturrean dago: arrakasta lortu duena da, dirutzak irabazten dituena, hedabideetan irteten dena eta guztiek miresten dutena, ukitzen duen guztia urre bihurtzen zaion Midas bat, eta abar. Begi-ninietan daukagu artista eta aberastasuna uztartzen dituen irudi posmoderno hori.

Bi artista eredu horien artean —miserian bizi dena eta arrakastatsua— badago beste bat bizitza artistikoaren errepidean. Artista guztiz gehienen multzoa da. Halakoak ez du miseria maite —urruti nahi du zulotik— baina, aldi berean, izua eta erakarmena sentitzen ditu arrakastaren aurrean.

Miseriak ondratu egiten du emaitza artistikoa eta arrakastak zikintzen? Ez, noski. Artista bakoitzaren zirkunstantziak eragina du, baina ez du erabakitzen: artista baten egoera ekonomikoak eta bizi baldintzek ez dute emaitza artistikoaren kalitatea bermatzen.

Nolanahi ere, artistari tokatu egiten omen zaio miseria, berea omen du, hori da errotua daukagun ustea. Berek erabakia ez da ba artista izatea? Zertaz kexatzen dira? Eta hala erabaki dutenez, jakin behar lukete miseria dutela simaur onena beren artea ongarritzeko. Baina batzuetan artistak —arrakasta lortu duenak batik bat— okerreko talaia batetik begiratzen dio miseriaren auziari. Miseria beharrezkoa du artistak, bai, baina besteena. Gogoan dut Niña Pastori kantariak orain urte gutxi esan zuena bere disko baten aurkezpenan: “Arte flamenkoa indarra galtzen ari da aspaldion, ijitoa ez baita jada pobrea”. Ijitoak sufritzen ikusi behar ditu, nonbait, bere artea egiteko, kantatzeko, bere dohainak manifestatzeko. Nekez ahaztuko zait Frank Gerhy arkitektoari atera zitzaion protesta ere Bilbora egindako bere azkeneko bisitan: “Museoaren ingurua ikaragarri aldatu da, orain ez du batere tentsiorik, ezti-poto hutsa da!”. Arkitekto handiaren titanioak indartsuago distiratzen zuen ibai ondoko industria azken orduko agonian zegoenean, herdoila jan eta jan ari zen eremu erdi abandonatuan.

Jarri ditudan bi adibideak miseria ekonomikotik oso urruti dauden bi artistenak dira. Arteak senide du miseria, baina izan dadila besteena, eta izan dadila —are gaiztoagoa da— nire distira lustratzeko. Ijitoek sufritzen segituko balute, egungo flamenkoak beste indar bat luke. Krisi industrialari kontra egin izan ez balitzaio, indar eta inpaktu handiagoak lituzke Guggenheimek. Oinazea izan bedi beti besterena.

Oinazea, amildegia, tragedia ongarri ezinbestekoak dira artea egiteko —gorotzaren bihotzean jaiotzen omen dira lore ederrenak—, baina ez haien bila ibiltzeko masokisten moduan, oinazearen mekanismoak ikertzeko baizik, amildegiari begiratu eta bertatik urrutiratzeko, tragediaren aurpegiak bihotz-begiekin ikusi eta barnemuinetatik espresatzeko.

(Pasa den igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)

Permalink-a 2 erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude