Ideiak hiltzaile

Azken aldian hiruzpalautan agertu zait, testuinguru arras desberdinetan, timeo hominem unius libri (beldurra diot liburu bakarreko gizakiari) esaldia, Akinoko Tomasi egozten zaion ateraldi ustez apokrifoa. Liburu bakarreko pertsona ez da kultura handikoa; bai, ordea, pitzadurarik gabea. Garai batean esaten zen bezala, pieza batekoa, baina espresioaren adierarik gaiztoenean: malgutasunik gabea, egoskorra berean. Nadin naizena, nagoen nagoenean, ez nazatela atera nire txokotik.

Esaldiak Amid Maalouf idazlearengana eraman ninduen kontrastez. Orain hamasei bat urte, liburu edo ideia erredukzionista bakar baten abaroan elikatutako identitatearen arriskuak aztertu zituen Maaloufek Les identités meurtrières liburuan (Identidades asesinas, gaztelaniaz). Fundamentalismo identitarioen kontrako liburu bat da: ideia batek, muturrera eramaten bada, kontrako ideien suntsiketa bilatzen du. Identitatea zerbait noblea da berez, ez du inor hiltzen, harik eta bere identitatearen auzia eldarnioz bizi duen batek besteen askatasuna etsai duela erabakitzen duen arte (liburuak arrakasta handia izan zuen bere garaian, gurean hanka punttetan pasatu bazen ere. Ez du gaurkotasunik galdu).

Maalouf Libanon jaioa da eta Frantzian bizi da aspalditik. Galdetu izan diotenean zer sentitzen den, libanoarra edo frantsesa, erantzun izan du berdin sentitzen dela bateko zein besteko: “Ni izanarazten nauena, eta ez beste bat, da bi herrien mugan bizi naizela, bizpahiru hizkuntzen erdian, tradizio kultural desberdinen artean. Hori da nire identitatea”. Liburu eta ideia ugarien arragoan goritutako identitate batez ari da, noski.
Erlijio handiek liburu bat dute oinarri, testu bat iturri eta bidaide. Jainkoaren hitza da. Orain zazpi bat urte, Maalouf-en oihartzun garbia duen liburu bat irten zen kalera, Las religiones asesinas izenburutik hasita. Élie Barnavik sinatzen du, judua da bera. Tel Aviv-eko unibertsitatean historia irakasle, Barnavik sona handia du Israelen eta frantsesen artean (Israelgo enbaxadore izan zen Frantzian). Estilo biziz idatzia, hasi eta buka irakurtzen den liburu horietako bat da. Panfleto gisa definitzen du autoreak berak, baina panfleto hitzari bere jatorrizko adiera emanez: jendearen erreakzioa piztu nahi duena auzi baten inguruan. Barnaviren liburuak laikotasunaren aldeko, fanatismoaren kontrako erreakzioa eragin nahi du. Liburuak erlijioak ditu gai nagusi, baina ez erlijioen analisia egiteko edo erlijioen historia kontatzeko, erlijioen bizipen itsuegi batek eragiten dituen gatazken eta kalteen aurrean posizioa hartzeko baizik, beti ere laikotasunaren ikuspegitik.

Liburuaren pasarteetako batean Barnavik dio: “Kristautasunak agortua du, erruz agortua ere, bere zeregin politikoa; bestela, zer zentzu luke Elizaren eta Estatuaren arteko bereizkuntzak? […] Mendabalde osoan, Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa errealitate indartsu pitzaezina da”. Alde batetik, fundamentalismo islamikoa. Bestetik, hainbat lurraldeetako kristautasuna, laikotasuna irentsi ezinik (Espainian abortuaren inguruan derrigortu den polemika, lekuko). Barnaviren ustez, Mendabaldeak irmo defendatu behar du laikotasuna, ezin dio muzin egin debateari, bestela galdu du etorkizuna, galdu da Europa bera.

Akinoko Tomas, Maalouf, Barnavi… Liburu bakarra, identitateak, erlijioak… Apunteok antolatzen ari nintzela, Derrida izeneko dokumental bat pasatu didate. Dekonstrukzioaren aitari egindako elkarrizketa luze bat du oinarri. Bertan, Jacques Derrida atzera eta aurrera dabil bere apartamenduan. Sartzen da gela batean, iristen da beste batera, liburuak ikusten dira nonahi, haiek balira bezala dokumentalaren protagonista, eta ez Derrida. Une batean galdera tonto bat egiten diote, normalagoa eskolatu gabe baten ahotan kazetari batenean baino: “denak irakurri dituzu?”. Derridak erantzuten dio: “Ez, ez, lau bat irakurri ditut. Baina lau horiek arreta handiz”.

Boutade bat ematen du. Ez da. Liburu gutxi batzuk izan ohi dira intelektual benetako baten baratzeko hazia. Gutxi, baina onak. Eta haiek, ondo irakurriak, askotan mamurtuak. Kazetariak galdetu izan balio zeintzuk diren lau liburuak, seguru gaude: klasikoak dira Derridak “arreta handiz” behin eta berriro irakurtzen dituen lau liburuak; sekula agortzen ez diren horietakoak.

Enbor gisako liburu gutxi batzuk adar gisako liburu askoz inguratuta: hori litzateke, nire irudiko, ideala. Ez dugu liburu bakarreko jendea maite, baina askotan ematen du enborrik gabeko adarretan egiten dugula habia.

Otsailak 23an Noticias taldeko egunkarietan argitaratua).

Permalink-a 3 erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude