Leihotik leihora

Whatsappa sutan dauka beti, telefonoz bidaltzen dizkio mezu intimo guztiak, baina gero ez da hartaz hitz egiteko gai! Komunikazioaren aroak ez du harreman hurbila bermatzen!
Eta horrelakoak. Baina ur ustez geldiek bilatzen dute beren zirrikitutxoa.

San Martin egun batez, autobideak aspaldi desagerrarazitako Orioko baserri batean, bi bertsolari leihotik leihora lehian. Jendeak tripak lehertzerainoko algarak egiten ditu. Hirurogei bat urte pasatu dira bertsolaritzari buruz dudan lehen oroitzapenetik: ez dut zalantzarik zirto erotikoak zirela algaren metxa. Leiho batetik besterako jardun erotikoa iradokitzen du “Maria goikoa! Zer dun, behekoa?” elkarrizketa errimatuak ere. Bietako bati senarra etorri zaio, gaur ez da iturrira joango. Zer egingo duten etxean? Hartu leihotik leihorako elkarrizketa guztia, xuri eta gorri eta kikiriki kolofoiarekin, klabe erotikoan.

Gaurko leihoetan eta aspaldikoetan, antzeko libido.

OHARRAK (Post scriptum)

—Paralelismo bat egin nahi nuen sareko leihoen eta gure ahozko tradizioko lehioen artean, baina ustean nago oso lauso geratu dela asmoa. Hala bada, ea hurrengo batean…

—Iturria: irudiak jario erotikoa nabarmena duela, zalantzarik ez. Baina iturriak badu beste elementu bat gutxi aipatzen dena: emakumeen enkontrugune fisikoarena. Iturrian elkartzen ziren, lisiba egiteko eta beren konfidentzietarako. Orain hamar bat urte, Zarauzko ONG batek aditu batzuk bidali zituen Ekuadorrera hango herri batzuetako plazan ura ateratzeko, auskalo noraino ur bila joan beharrik gabe. Emakume batzuk ez omen daude oso pozik: iturriko jarduna omen zuten beren arteko solasetarako aukera bakarra.

Permalink-a Erantzun 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude