Hizkuntzaren antzokian

Imajina dezagun hizkuntza etengabeko antzezpen erraldoi baten moduan. Obrak hiztunok gaitu aktore, hizkuntzaren hedadurak hartzen dituen herri eta hiriak antzeztoki. Antzezpenak badu libreto nagusi bat —hizkuntza bera—, baina, mendez mende, libretoa egokitu egiten da gorabehera historikoetara, sasoi bakoitzeko argi-itzalek argiztatzen dituzte eszenak, garai bakoitzari dagokion mundu-ikuskera jasotzen du libretoak. Dekoratuak ere (jauntxoren baten dorrea hemen, eliza bat hor, guda-eremu bat han, baleontziren bat Ternuara bidean…) egokitu egiten dira edo, besterik gabe, berriak jaso. Mendeari mende, obra aldatzen doa, baina sustraia —libretoa— galdu gabe. Hiztunok obra beti beraren garaian garaiko interpreteak gara.

Aktore taldea ere ez da, noski, beti bera: hizkuntzek baino askoz ere bizi-iraupen laburragoa izaten dute hiztunek, belaunaldi askoren emaitza eta garapena dira hizkuntzak. Begira diezaiogun orain berrogeita hamar urteko aktore taldeari. Nire belaunaldikoek hemezortzi bat urte genituen orduan, mundua iraultzeko gaitasuna dutela sinesten dutenen kontraesanez betetako adin zapartaria. Nire belaunaldiko asko euskararen aldeko apustua egiten ari zen, batzuk beste batzuk baino serioago: etorkizuna hipotekatzeko arriskua hartzen, alegia; ikastolak ez ziren bertan ikasten hasitako umeak baino zaharragoak, euskara ez zegoen unibertsitatean, ez zegoen kulturaren aretoetan, ez zegoen agintarien edo lanbide liberalen jardun profesionalean. Euskararen aldeko apustua egin nahi zuenak oso mugatuak zituen eszenategia eta jarduera.

Euskarak defizit handiak zituen eta hainbat alorretara heldu ezina. Eta, are tamalgarriagoa zena, euskaldunen artean zailtasunak genituen elkar ulertzeko, baina ezintasunaren motiboa ez zen, behingoagatik, gure arteko herra, euskaren arteko desberdintasuna baizik. Harkaitz Canok egunotan kaleratu duen liburutxo bitxian (Txalorik ez, arren, Edo! argitaletxea) ekarri digun eszena batek ilustratzen du ondo elkar ulertu ezinaren tragedia. Aparteko gertakari bat da, jendearen memorian suz markatua geratzen den horietakoa. 1967a da, Bertsolari Txapelketa jokatzen ari dira Donostian, Anoeta frontoia lepo dago. Lopategi, Gorrotxategi, Lazkao Txiki eta Xalbadorren artetik, epaimahaiak Xalbador hautatu du Uztapideren kontra txapela jokatzeko. Jende asko txistuka hasi da, bakar batzuen txaloek ezin dute zalaparta estali.

Ez zen gustu kontua izan. Ez, behintzat, hori bakarrik. Gertatu zen jende askok ez zuela Urepeleko artzainaren euskara ulertzen, ezta haren bertsokera ezagutzen ere. Ezjakintasunak ezin zituen bata zein bestea preziatu. Baina txistuak amaitutakoan, Xalbadorrek euskaltzaleen memorian geratu  den bertsoa kantatu zuen: Anai-arrebak deituz hasi zen minutu batzuk lehenago txistuka aritu zitzaion publikoari eta maite zaituztet oraindik esanez bukatu zuen bertsoa.

Goraxeago aipatu liburutxoan, Canok txistuak txalo bilakatu zirenekoa aztertzen du. Ni eskaintzen ari naizena Canorenaren osagarri da: euskalkiak gero eta arrotzagoak ziren elkarren, eta Anoetan gertatu zena gaitzaren manifestazio ezin argiagoa zen. Frontoian zegoen jendea euskaltzalea zen, askok euskara maila jasoa zuen eta euskarari buruzko ezagutza duina. Eta, hala ere, zailtasunak Xalbadorren bertsokera bere osoan —hizkera ere barne— gozatzeko. Handik urtebetera, Euskaltzaindia Arantzazun bildu zen Euskara Batuaren lehen pausoak emateko. Noski, Anoetan gertatutakoak ez zuen zerikusirik Arantzazuko bilerarekin, Anoeta ez zen izan Arantzazura iristeko geltoki, baina bien arteko loturak perspektiba eta iradokizun politak oparitzen dizkigu garai asaldu haien nolakoa azaltzeko.

Historia ezaguna da eta ez naiz luzatuko. Atzean geratu dira (h)arri bezain  (h)its utzi gintuzten euskara batuak eragindako desadostasun eta zakarraldiak. Baina zailtasunak zailtasun, ahaleginak ez zuen hutsean jo eta ahalegin hari esker ari gara interpretatzen orduan ez bezalako hedadura duen libreto bat. Orduan ez bezalako protagonistak ditu libretoak, orduan ez bezalako dekoratuetan interpretatzen ari gara euskararen obra: unibertsitatean eta hezkuntza osoan, hedabideetan, literaturan eta arte eszenikoetan.  Libretoak orain aktore asko ditu asko dakitenak. Sukaldea edo kalea ez dira jada eszenategi bakarrak, eta jende askoren konpetentzia handiko euskarak apenas du sukalderik edo kalerik. Asko ari dira aldatzen eta ugaritzen hizkuntza eta hizkuntzen arteko joan-etorriak bizitzeko moduak. Hizkuntzarenganako lotura —ez soilik afektiboa, baita ezagutzazkoa ere— premiazkoa du euskarak mendez mende iraun duen libretoa antzezten segitu nahi badu.

Jarrita daude, eta sendo, euskara batuaren oinarri nagusiak, pauso sekulakoa eman dugu. Zeuden aukeretatik bat erabaki izana da giltzarri. Enbor baten aldeko apustua egin, eta gainerako guztia enbor horren ingurura bildu izana. Baina gainerako guzti hori ere euskara batua da enbor nagusiaren dinamika indartzera baldin badator; aldiz, mihura da —arbola ahultzen eta itotzen duen parasitoa—, enbor nagusiaren perspektiba galtzen badu.

Harrotzeko moduan gaude. Harrotu, zertaz, ordea? Aurrekoek egindako hizkuntzarekin espresatzen dugu pentsatzen eta sentitzen duguna. Zer eransten diogu berria, zer sortu dugu lehen ez zegoena? Interpretatzen ari garen libretoaren guztiz gehiena bazeukan, praktikan eta ahalmenez, orain berrogeita hamar urteko euskarak. Gure belaunaldiak etekin handiak atera dizkio hizkuntzari, horixe egia, baina hizkuntzaren aukerak beti dira askoz ere ugariagoak hiztunok ateratzen dizkiogunak baino, eta hori kontuan izatea ez da  batere tesitura txarra hizkuntzarekin dugun harremanaren nolakoa finkatzeko, dauzkagun iniziatibak, partikularrak zein sozialak, kalibratzeko. Baita iraganari begiratzeko ere. Norbaiti entzuten edo irakurtzen diodanean bera idazten hasi zenean —edo zuzenbide-eskolak ematen edo antzeko beste zernahi egiten— ez zegoela ezer, gauza bera bururatzen zait beti: “hizkuntza zeneukan, orduko hizkuntza huraxe daukazu orain ere, baina organizatuagoa, horixe aldea!”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude