Aldiri

Ez dakit inoiz agertu den euskarazko hitz ederrenen zerrendetan, baina nik aldiri proposatuko nuke. Leuna da, musikaltasuna du baita deklinatuta ere (aldirietan, aldiriko…). Pluralean erabiltzen da, aniztasuna iradokitzen dit. Esanahiari ere apaltasunaren alde ederrena dario (gune baten ingurua, auzoa, bihotzaren geruza…) eta askotarako ematen du metaforen baratzean ere.

Azkuna hil da. Osakidetzak gaur duen ospearen aitak osasunaren aldirietan bizi izan ditu azken urteak, eta, sanoan bezala gaixoan ere, hiri handi baten kudeaketan jardun du. Hiritarrek agintari batek gehien estimatzen dituen txaloekin eskertu diote lana: botoekin. Ez da omenaldi txarra alkate batentzat.

Balantzearen defizit bat: Bilbaok Bilbo aldiri du errealitatean, baina Azkunaren helburu politikoen guneak ere euskara aldiri izan du.  Harkaitz Canoren Neguko zirkuako pertsonaia batek dioen lez, “baina klaro, gu aldirietakoak izan…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude