Isiltasun zuria

Mario Vargas Llosaren lumaren gustuko bizitza protagonizatu zuen. Javier Cercas aurreratu zitzaion, ordea. Bilau eta heroi; nork nor engainatuko jokoan, jaun trebe; suge engainatzale eta txori engainatu; txotxongilo irrigarri eta boxeolari jipoitu: bere karismaren magnetismoak aupatu zuen eta gorrotoaren bazka bilakatu.

Gaur hainbeste txalotzen duten horiexek bota zuten boteretik. Betiko isilaraztea ere lortu ote zuten —Estatu-sekretu gehiegi zekien—, ez dugu sekula jakingo: tragedia klasikoetako heroiei gertatzen zaien moduan, halabeharraren patuak zigilatu zuen, eta ez etsaien koroak, haren ahoa. Burua hustu zitzaion eta almazena oroitzapenik gabe gelditu, hitzek ere betirako egin zioten arte ihes, txoriek aide egiten duten bezala harria botatzen zaion arbolatik. Memoriarik gabeko mundu zuri-zurian egin zuen habia.

Nola kontatzen den isiltasun handia? Galdera nobelagile baten zain dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude