Bizitzaren maistra

Egunotan munduko agintari eta aditu asko ari da Putini esaten begiratzeko historiari. Begiratzeko, urrutiegi joan gabe, iragan mendean gertatutakoari, gogoratzeko Italiak Etiopia inbaditu zuenekoa, izateko kontuan Hitlerrek Polonia hartu izanak ekarri zuen ondorio lazgarria. Putin, bere bidetik. Ar bat dagoen tokian dago historia. Bera da historia. Aditu askok dio ez duela etsiko Ukraina bereganatu arte.

Oker ez banago, Zizeron izan zen historia bizitzaren maistra dela esan zuen lehena. Magistra idatzi zuen, eta ez magister,  baina bigarrena gelditu da aipu gehienetan: Googleko erabilera hedatuarenaren arabera, historia maisu da eta ez maistra. Ez dakit noiz nola eta zergatik gertatu zen aldaketa, baina bai zergatia: historia —gerra eta deskalabru etengabeak barne— gizonezkoek egina da; emakumeak, aldiz, historiak biktima ditu gerran bezala bakean.

Putin bezalako ar batek ez lioke jaramonik egingo maistra bati.

Kordoia

Ustezko hiltzaileak kordoi batekin ito zuen biktima. Plantxarenarekin. Kordoiari lotuta, lisaburdina, artean beroa seguru asko, lisatze lanak bukatu eta gero; edo berotzen hasia, lanean hasteko pronto. Plantxaren ondoan, arropa mukuru, lisatu berria eta txukun-txukun pilatua aulki baten gainean; edo lisatzen hasteko zain, dena motroiloan. Seme-alaben galtzak eta soinekoak; biktimaren arropa. Arropen azpian, baita izarak ere, hainbat izuren lekuko zuri izandakoak, biktima eta hiltzailea artean elkarrekin zeudenean;  banatu ondoren, begiak bildu ezinik pasatuko gau askoren testigu. Eta musuzapiak, musuzapi asko, ez soilik umeen katarroak arintzeko.

Kordoi bat plantxari energia ematen, plantxa biktimaren eskuan. Zilbor-heste bat bizitzarekin: kordoiak zekarkion, sufritutakoen sinbolo arrunt batek, zimurrez betetako mundualdi bat ahalik txukunen lisatzeko energia. Huraxe baliatu du bizitza estrangulatu dionak.

Ladinoa

Oportunismotik erreparazioaren arteko bandan, Rajoyren Gobernuak sefardiei erakutsi dien aitorpenaren ingurumariak ertz asko ditu. Baina esan eta iradoki diren guztien gainean, bada bat deigarria euskararen ikuspuntutik: sefardiek beren hizkuntzari —ladinoari— bostehun urtez eutsi izana azpimarratu du Justizia Ministerioak. Txalo asko entzun dira. Bihoazkie gureak ere. Baina ez gaitezen erratu: ez dira erratu. Ladinoa judu-gaztelania da, gaztelerari eutsi izana da bedeinkatzen ari direna. Euskararen den partean, ordea, eskarmentu handia  dugu, eta ez da, hain justu, euskarari eusteagatik jaso ditugun txaloena. Ez atzo. Ezta gaur ere. Baita Madrileraino joan gabe ere. Galdetu Barcinari.

Sarean dagoen RAEren gaztelaniazko hiztegian, <I>ladino</I> hitzaren lehen adiera, <I>astuto,  sagaz, taimado</I> da. Erretiratuko ahal dute laster datorren bertsio berrituan. Edo ea aldatzen duten esanez orain agintari oportunistei deitzen zaiela horrela.

Beti berritua

Julio Caro Barojak galdetzen zion bere buruari ea euskaldunon iruditeriari zergatik darion hainbeste garo-usain eta kresalarena hain gutxi. Zergatik erruz ugariagoa den baserriarekin zerikusia duen kultura herrikoia, itsasoak ekarria baino. Kontuan hartzen bada euskal marinelen tradizio luzea, Julio Caroren galdera guztiz da bidezkoa; enigma bat seinalatzen duten galdera zorrotz guztiak bezain egokia.

La mer, la mer, toujours recommencèe, dio Paul Valéryk Itsaspeko hilobia poema-bildumako bertso ezagun batean. Agian ez da Julio Carok egindako galderaren erantzun zehatz beteena, baina uste dut bertso ezagunak asko laguntzen digula misteriora hurbildu eta galderaren muina intuitzen. “Itsasoa, itsasoa, beti berritua”, dio aipatu poemak, olatuena bezalako erritmo etenik gabea imitatuz. Lehorra ez bezala, itsasoa beti dabil atzera-aurrera, dinamikoa da, ez du sekula atsedenik hartzen. Lehorrak ez bezala, mugimendua du oinarri, eta mugimendu horren altzoan, Valéryk itsaspeko hilobi deitzen duena dago. Gizakiok bertan utzi ditugun sekretuen hilerri sekulakoa da, gure naufragioetako hondareen pausalekua, Itakara egindako joan askoren eta etorri gutxiren narrazioen bilduma isila. Alferrik da abrite portas, klis-klas! edo sesamo ireki bezalako formulak erabiltzea: ez dago bertara hurbiltzerik. Baina aldian behin…

Oso aldian behin, itsasoari bekokia belzten zaio eta erraiak irabiatzen. Haserretzen da, aingura askatzen du, olatuak harrotzen ditu eta lehorraren kontra lehertzen du bere errebeldia amorratua. Orduan, ez dakigu zer esan gertatu denaz, eta gizakion herrak egozten dizkiogu itsasoari: “Mendekua hartu du gure kontra! Berearen bila etorri da! Haserretzen denean ez du gupidarik!”. Baina itsasoak ez du bihotzik, ez du sentimendurik, natura osoan gizakiok bakarrik dugu harroak eta krudelak izateko gaitasuna.

Itsasoaren egunotako irabioak triskantzak eragin ditu Zarautzen ere, ni bizi naizen herrian, eta, txikizioekin batera, bere sekretu batzuk oparitu dizkigu. Abisu eman digu malekoiaren azpia hondarrik gabe —euskarririk gabe— gelditzen ari zela hainbat tokitan, hondoratzeko arriskuarekin. Agerian utzi ditu dunei eusteko zementuzko eraikin interesgarri batzuk, irudimen pixka batekin Elena Asinsen Canons eskulturako kuboak gogorarazten dituztenak. Hainbat tokitan agerian utzi du hondartza azpiko sedimentazio-sarea ere. Dunen higidurak garai bateko Zarautzen nolakoa iradoki digu, irudimenak duen argazkiak eta mapak baino areago iristeko ahalmenaren gozagarri. Hondarretan erdi biluzik gelditu den Gustav itsasontziaren hezurdura hondarrak berriro noiz estaliko dago ekaitzak gertatu zirenetik, baina, bitartean, Karlistadak gogoratu dizkigu, Europako hainbat ontzi armen garraioan ibiltzen zirenekoa, orain liberalekin tratuan eta gero karlistekin, komenientziaren arabera beti. Miraz begiratu diogu Narros jauregiari: itsasotik hurbilen dagoen eraikina izanagatik ere, ez du kalterik izan, harkaitzaren gainean eraikia omen dagoelako, eta naufragio zaharren istorioak berritzeko aukera ere eman digu, bereziki hugonote naufragoarena: 1572 urteko San Bartolome Gauez katolikoek Parisen burutu zuten protestanteen sarraskitik ihes zebilela, Le Havren ontziratu zen hugonotea, baina ekaitz batek Zarauzko hondartzara —katolikoen artera— bota zuen ostera. Hala dio legendak.

Baina itsasoak gure irudimenari oparitutako sekretuez gainera, badira ikerlarien lanek erreskatatutakoak itsaspeko hilerritik. Egunotako ekaitzen haizeak eraman gaitu Ternuaraino ere. Narros jauregiaren ondoan bazegoen ontziola bat, fama handikoa bere garaian: Ternuaraino ere iristen omen ziren baleontziak egiten zituzten bertan, Aiako basoetatik garraiatutako enbor sendoeenekin. Han daude, Ternua urrutiko lurretan, hainbat marinel euskaldunek utzitako arrastoak toponimian, bertsoetan, hotzetik babesteko eta balea gordetzeko txabola eta eraikinetan, arrantzarako ohituretan…

Julio Caroren kezkak —gure iruditeriak hainbeste garo-usain izateak eta kresalarena hain gutxi— ikerketen premia seinalatzen zuen, eta ikerketa horri ekin zion, bere Los vascos y el mar lekuko. Ikerketa askoren fruitua da Ternuaz dakiguna ere. Egunotan, Eusko Jaurlaritzak zor kita ezina errekonozitu dio hori guztia gehien aztertu duen adituari, Selma Huxley andereari. Itsasoa bere ohiko joan-etorrira erretiratu denean gertatu da sari-ematea. Haren altzoan gordeta segitzen du hainbat enigmak, Selma Huxleyren edo Julio Caroren ikerketen segida toujours recommencèe baten zain.

(Noticias taldeko egunkarietan argitaratua 2014-03-17an)

Permalink-a Erantzun 1

Leihotik leihora

Whatsappa sutan dauka beti, telefonoz bidaltzen dizkio mezu intimo guztiak, baina gero ez da hartaz hitz egiteko gai! Komunikazioaren aroak ez du harreman hurbila bermatzen!
Eta horrelakoak. Baina ur ustez geldiek bilatzen dute beren zirrikitutxoa.

San Martin egun batez, autobideak aspaldi desagerrarazitako Orioko baserri batean, bi bertsolari leihotik leihora lehian. Jendeak tripak lehertzerainoko algarak egiten ditu. Hirurogei bat urte pasatu dira bertsolaritzari buruz dudan lehen oroitzapenetik: ez dut zalantzarik zirto erotikoak zirela algaren metxa. Leiho batetik besterako jardun erotikoa iradokitzen du “Maria goikoa! Zer dun, behekoa?” elkarrizketa errimatuak ere. Bietako bati senarra etorri zaio, gaur ez da iturrira joango. Zer egingo duten etxean? Hartu leihotik leihorako elkarrizketa guztia, xuri eta gorri eta kikiriki kolofoiarekin, klabe erotikoan.

Gaurko leihoetan eta aspaldikoetan, antzeko libido.

OHARRAK (Post scriptum)

—Paralelismo bat egin nahi nuen sareko leihoen eta gure ahozko tradizioko lehioen artean, baina ustean nago oso lauso geratu dela asmoa. Hala bada, ea hurrengo batean…

—Iturria: irudiak jario erotikoa nabarmena duela, zalantzarik ez. Baina iturriak badu beste elementu bat gutxi aipatzen dena: emakumeen enkontrugune fisikoarena. Iturrian elkartzen ziren, lisiba egiteko eta beren konfidentzietarako. Orain hamar bat urte, Zarauzko ONG batek aditu batzuk bidali zituen Ekuadorrera hango herri batzuetako plazan ura ateratzeko, auskalo noraino ur bila joan beharrik gabe. Emakume batzuk ez omen daude oso pozik: iturriko jarduna omen zuten beren arteko solasetarako aukera bakarra.

Permalink-a Erantzun 1

Gastu soziala

Bardeako ariketa militarra gastu soziala dela entzun, eta jendea sutan jarri da, sare sozialek eztanda egin dute, bonbardaketa baten itxura hartu du protesten ugariak. Ez dut ulertzen zergatia. Aitzitik. Txalo-zapartak merezi ditu Ejertzitoak egiten dion mesedeak arma-industriari eta bertan lan egiten duen langile jendeari. Ez da perdigoi galdu bat hestebete-fabrikei eta okinei egiten zaien faborea ere, soldaduentzako txorixopanplona ogitartekoekin. Bardeako ariketarik gabe, erremateko tiroa hartuta bezala geldituko litzateke krisian dagoen hainbat enpresa: helikopteroena, erregaien negozioa, prismatiko-dendak, uniformeen prêt-a-porter tailerrak, eztandak ez entzuteko tapoigileak…

Soldaduen komuneko papera ez da onuradunen zerrenda osoa hartzeko lain. Aurreiritzirik gabe erreparatzen bazaio irabazi sozialen kateari, justiziazkoa da txalotzea ministroaren hitzak.

Gerrarako zer nolako gogoa duen jendeak!

Permalink-a 3 erantzun

Sufre kiratsa

Boterearen helburu ilunak. Zorrotza, espresioa. Hiru hitz soil dira, baina hiru eztanda, hiru zartako, hiru ostia balira bezalakoak.

Norbaitek boterearen alde ilunak izendatzen dituenean, esaten ari da botereak badituela alde argi-argiak ere, agian zerutiarrak, agian Jainkoaren eskutik datozenak, botere absolutuaren garaietan bezalakoak. Aldi berean, halako espresioa darabilen batek seguru jakin asko dakiela boterearen helburu ilunei buruz: besteen helburuen alde ezkutuenak ikusteko gai dena maisu da itzalen tronuan, bihotza bigundu gabe bideratzen ditu Makiaveloren doktrinako aholku eta hausnarketa gupidagabeenak, oso etxekoak zaizkio boterearen jardun makurretako saltsa eta konspirazioa, abila da arerioen oinpean tranpalak jartzen infernurainoko zurubiekin…

Atotxako atentatuen atzean boterearen helburu ilunak iragarriz alde egin du Rouco Varelak. Intsentsuaren usainaren ordez, sufrearen kiratsa utziz.

Permalink-a 3 erantzun

Bi urte barru

Bi urte barru, Europako kulturak Donostia izango du ardatz, plaza, eta erakustoki; bi urte barru donostiarrak kultu-kultuak izango dira, kultura zaleek eta ez hain zaleek, egileek eta kontsumitzaileek marko konparaezinean izango dute/dugu pagotxa. Eta pozik gaude. Pozik egon beharko genukeela esan digute. Hiri kulturala zer den eta zertarako balioko duen oso ondo ulertzen ez dugunok ere fede poxin batez —baina atxanpanatu gabe— sinetsi nahi ditugu ekarriko dizkigun onurak.

Kultura beti izan da zerbait lausoa, inork ondo definitzen ez dakiena, baina lausotasunari lanbroa erantsi diote proiektuak jaiotzetik beretik bizi izan dituen afera, eskandalu eta kontu ilunen aldian behingo olatu eta ekaitzek. Gardentasuna balio eta helburu kultural bat da, eta proiektuak muin-muinean errotua behar du, suz markatua bezala, printzipio nagusia: kulturaren egitekoa da oskurantismoaren ilunpeetan argi egitea.

Permalink-a 4 erantzun

Izendaezina

Lanbide eta sektore askotan ohikoa omen da izendaezin baten infiltrazioa. Balbea, zorte txarra, adur gaiztoa dakar. Eta halako batek dakarren zorigaiztoa ekiditeko, erremedio bakarra piztia ez izendatzea izaten da. Halaxe deitzen zaio, Izendaezina. “Izendaezina kontratatu duzue? Proiektuak porrot egin baietz!”. Ordutik aurrera gertatzen diren ezbehar guztiak berari egozten zaizkio.

EAEko PPren azken kongresuan izendaezin bat egon da airean, baina ez pertsona bat —Iñaki Oyarzabal denen ahotan ibili da—, Arantza Quirogak hura baztertzeko izan duen motiboa baizik. Ez du une bakar batean ere esan zergatik nahi zuen Oyarzabal paretik kendu, haren zer zaion hain arbuiagarri. Eta Quirogak motiborik eman ez duenez, susmo bat gizendu du, Oyarzabal oraintsu armairutik irten izana eta Quirogaren arima opustarraren dei zorrotza talkan jarriz: nola ba homosexual batekin!

Motiboak ez argitu izanak izendaezina bataiatzen jarri gaitu.

Permalink-a 3 erantzun

Ordularia

Eguzkia bera ere lehertu balitz bezalako oroitzapenak berritzen ditu gaurko egunak. Gaurko egunak eta baita Atotxako geltokira eramaten gaituen aldian behingo bidaiaren batek ere. Giza abaraska, atzera eta aurrera. Ordulariak markatzen duena bat dator trenetara doan, trenetatik irteten den jendearen erritmoarekin —errealitateak uneoro hartzen duen noranahiko norabideen zorabioarekin—. Nire trenaren nasara iritsi naiz. Daramadan maletatxoa lurrean utzi, bi hanken artean estutu, eta begiak itxi ditut. Nire baitako ordularia beste ordu bat markatzen hasi da, tik eta tak, oroitzapenak errebobinatzeko eginak balitu bezala geziak. Zer izan zen, zer pasatu zitzaidan burutik, nola errakzionatu zuten nire erraiek. Atentatuaren sekulakoa, manipulazioaren handia, nire baitako korromioaren garratza.

Hartan, dardara hanketan. Nasan sartu da espero nuen trena, ni sartu naiz bertan, laster aterako nau handik.

Permalink-a 2 erantzun