Apopiloa

Hainbat gauza baikorragoren artean, Patxi Baztarrikak honakoa ere esan zuen herenegungo agerraldian: “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten da euskaraz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan”. Esaldia formula daiteke beste modu batean ere: “Duela hogei urte baino gehiago hitz egiten da gaztelaniaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan”. Ifrentzua deitzen zaio. Baita galtzerdiari buelta ematea ere.

Baina Baztarrikak esandakotik abiatuta, beste formulazio bat ere badarabilt nik buruan bueltaka, hirugarren bidea deitzen duten horietakotzat har daitekeena: “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten duzu zernahi hizkuntzetan etxean”. Telebista edo sare sozialak ditugu etxean solaskide nagusi, etxean entzuten den puska handi bat ez da gurasoen eta seme-alaben jarduna. Etxeko zalaparta etxean sartu ditugun apopiloena da. Haien jarduna dibertigarriagoa da, nonbait, etxean bizi garenon artekoa baino.

 

Gehiengo isila

Isilik pasatu da gertakariaren, diskurtsoaren aurretik. Baina isilik pasatu izanak ez du esan nahi berdin zaionik, ikusitakoa edo entzundakoa onartzen duenik. Sekulakoak eta bi bururatu ote zaizkion, ez dakigu. Bat ote datorren ikusi edo entzundakoarekin, hori ere ez. Agian beldur da iritzia emateko. Lotsa ere izan liteke kausa. Edo indiferentzia. Edo kalkulua. Agian ez dauka nahiko sentiberatasun, edo irizpide, edo ezaguera ikusi edo entzun duena interpretatu eta juzkatzeko. Horrelako edozer egon daiteke isiltasunaren atzean. Baita nekez imajina daitekeen kausa estrainio asko ere.

Gehiengo isila deitzen diogu honen eta horren aurretik isilik pasatu direnen multzoari. Horrela, isiltasun guztiak izen generiko batekin berdinduz, geure komenientziaren errotara ekartzen dugu gertakariaren, diskurtsoaren aurretik isilik pasatutako guztien isiltasuna.

Baina dakigun guztia da isilik pasatu dela, hori baino ez.

Argazkia

Egunkariek bere argazkia dakarte. Zutik dago, hesola bat bezain tente, agintzen dakien baten porte autoritarioa islatzen du ikusten ari naizen irudiak. Txukun orraztua, bizarra ondo egina. Porte oneko traje ilun elegante bat, alkandora urdin ilunarekin eta gorbata gorriarekin. Begi-bistakoa da garrantzi handia ematen diola itxurari: ez dauka militar uniformearen eta belaunetarainoko bota lustratuen premiarik haren kastaren nolakoa erakusteko.

Berrogeita hamar bat urte inguru dira azkenekoz ikusi nuenetik, eta berak tribunalari begiratzen dion irmotasun beraz begiratu nahi nioke nik argazkiari, baina ezin dut. Zahartu egin zaio gorputza, baina haren aurpegiaren hieratikoa eta begiradaren hotza orduko berak ditu, orduan eragiten zidaten ikara bera eragin didate berriro. Begiak itxi ditut. Andoni Arrizabalaga torturatu zutenean Zarauzko kuartel aurretik nolako ikaraz pasatzen ginen berritu dit memoriak.

 

Arrantzaka

Itziar Nogerasek bere argibideak eman aurretik eta egunak ekarriko zuenaren berririk gabe idatzia da zutabea, eta norberak esandako zerbait argumentum auctoritatis gisa baliatzeak antza handia baldin badu ere astoaren arrantzarekin, ikusita gure autoritateen argumentu —eta ipar— falta, arrantzaka nator orain hilabete doi hementxe idatzi nituenekin: “Gardentasuna balio eta helburu kultural bat da, eta Donostia Europako kultur hiriburua izateko proiektuak muin-muinean errotua behar du, suz markatua bezala, printzipio nagusia: kulturaren egitekoa da oskurantismoaren ilunpeetan argi egitea”.

Gauzak oker bidetik doazenean, okerragora egiten omen dute (ia) beti. Hala dio, behintzat, esaldi eginekin konformatzen den eskarmentuak. Eta esaldi eginen bide horretatik beretik, airean dabil deskalabruaren erantzukizuna nork bere gainetik kentzeari buruzkoa ere: denen artean akabatu zuten, eta bera bakarrik hil zen.

Zozobikotea

Zozomikoteetan (martxoaren akaberan eta apirilaren hasieran) eguraldi txarra egingo duen ustea baitago, gerra zibila lehertzerainoko ekaitza iragarri ziguten herenegun, Francok gerraren akabera iragarri zuen egunaren bezperan: en el día de hoy, cautivo y desarmado el Ejército Rojo…

Madrileko apezpikuak sakristia iluneko ispilu handian begiratu zuenean hasi zen guztia: Rouco eta Varela ikusi zituen bertan,  zozobikote baten gisa, isil-isilik eta elkarri begiratu ere egin gabe, muturtuta akaso, seko aspertuta agian. Brastakoan, argi zapart sekulako batek jo zuen sakristia eta danbatekoa ere entzun zen. Tximista lehertu zen tokian Roucok eliza ikusi zuen erretzen; trumoia entzun zen unean Varelari gerra zibila iruditu zitzaion. Baina Apezpikuak munduari adierazten zion bitartean ispiluan ikusitakoa, Roucok eta Varelak elkarri begiratu gabe segitzen zuten, muturtuta akaso, aspertuta agian, zozobikoteekin ez dago jakiterik…

Arrazoia

Arrazoia ez omen dago edukitzerik, dio Iñaki Segurolaren saio baten izenburuak, baina jendeak arrazoia eduki nahi izaten du; dirua bankuan gordetzen den bezalaxe, arrazoiaz jabetu eta pilatu. Askorentzat ondasun material bat bezalakoa da arrazoia izatea: arrazoi pertsonala zein historikoa, jabetza baten moduan kontsideratzen ditugu. Eta aski bagenu arrazoia izanda, gaitz erdi. Baina bestea konbentzitu behar izaten dugu: bestea gure arrazoira ekarrita, gure arrazoia ugaritzen baitugu eta pilatzen, eztabaidan hasten gara, misiolarien moduan jarduten dugu besteak garaitu nahian, erlijioak asmatu genituen, alderdi politikoak sortzen ditugu.

Eta hara non demokraziak ekarri digun arrazoia irabazteko makinarik sibilinoena: legearen erabilera. Ez bainator bat gizarteak pentsatzen eta praktikatzen duenarekin —segurtasuna, abortua, hezkuntza laikoa…— aukera dudan bezain laster legea aldatu eta arrazoiaren jabe egingo naiz.