Argazkia

Egunkariek bere argazkia dakarte. Zutik dago, hesola bat bezain tente, agintzen dakien baten porte autoritarioa islatzen du ikusten ari naizen irudiak. Txukun orraztua, bizarra ondo egina. Porte oneko traje ilun elegante bat, alkandora urdin ilunarekin eta gorbata gorriarekin. Begi-bistakoa da garrantzi handia ematen diola itxurari: ez dauka militar uniformearen eta belaunetarainoko bota lustratuen premiarik haren kastaren nolakoa erakusteko.

Berrogeita hamar bat urte inguru dira azkenekoz ikusi nuenetik, eta berak tribunalari begiratzen dion irmotasun beraz begiratu nahi nioke nik argazkiari, baina ezin dut. Zahartu egin zaio gorputza, baina haren aurpegiaren hieratikoa eta begiradaren hotza orduko berak ditu, orduan eragiten zidaten ikara bera eragin didate berriro. Begiak itxi ditut. Andoni Arrizabalaga torturatu zutenean Zarauzko kuartel aurretik nolako ikaraz pasatzen ginen berritu dit memoriak.

 

Espantuak

Gizonezko zerbitzariak hartu omen dituzte Holandan izan berri den energia nuklearrari buruzko goi-bileran, agintarien sabelak ase eta eztarriak bustitzeko. Espantuak eragin ditu emandako argibideak: emakumezkoak hartu balituzte, agintarien begiradak haiengana joango omen ziren, lanarekin ahaztuta.

Cameron edo Hollande banintz, biziki zapuztuta nengoke cateringeko arduradunek hartutako erabakiarekin. Ez gara Berlusconi! Gainera, zergatik dira agintari gehienak gizonezkoak? Eta abar. Gai-sail asko goldatuak, guztiak ere. Baina albisteak badu beste ertz bat, oso punta zorrotzekoa, eta Azkuek bildutako ipuin batek ondo jasotzen duena:  Gernikako Batzarretxean, ordezkariak aitortzen du Mendexan, bere herrian, asko direla bera baino buruargiagoak, baina haiek lan serioak egiten gelditu direla etxean,  eta batzarrera “neu, naizentxo hau, bidaldu nabe”.

Mendexakoek bai jakin nor bidali, ordezkariak ere bai zein den bere maila…

OHARRAK (Post scriptum)

Lehendabizi beste bertsio bat idatzi nuen. Ez ninduen betetzen. Harik eta Azkeren ipuinarekin gogoratu nintzen arte.

Hona idatzi nuen lehen bertsioa:

“Eskandalua eragin du albisteak: gizonezko zerbitzariak soilik hartu omen dituzte Holandan izan berri den energia nuklearrari buruzko goi-bileran agintarien sabelak ase eta eztarriak bustitzeko. Emandako argibideak ez du tatxarik: emakumezkoak hartu izan balituzte, lanarekin ahaztu eta haiengana joango omen ziren agintarien begiradak —bakoitzak hauta dezala, nork bere fantasien apetara, haien gorputzetako nora—.

“Zinez: ez da ulergarri hainbeste eskandalu sortu izana, logikak agintzen du lehenagotik lehertu behar zutela espantuok, goi-bileran parte hartu duten guztiz gehienak, gizonezkoak izanda. Haiek aukeratu zituztenean, non zeuden orain eskandalizatu direnak, non umore-aldizkariak katxondeoz beteko dituztenak? Azkuek bildutako ipuinetako batean,

“Denok dakigu nora doazen gizonezkoen begiak, zein erraz jasotzen dituzten beren buruak txosten aspergarrietatik, eta, hala ere, gizonezkoak hautatu behar hain lan serioetarako…

“Ikasiko dugu halako batean.”

Gonbidapena

Marina Ruiz dantzari gasteiztarrak, Argian: “Gorputza, mugimendua eta espazioa dira nire baliabideak”. Hiru hitz soil, baina arte bat ulertzen saiatzeko gonbidapen gisa har litezkeenak.  Kolpean, nahiko arrotza zaidan diziplina artistiko bateko sekuentzia batzuk irudikatzen hasi nintzen hiru elementuak alternatuz eta konbinatuz, gorputz jakin bati estilizatuen ateratzen zaizkion mugimenduak imajinatuz hainbat espaziotan, itxiak batzuk, libreak besteak, argiak zein ilunak, euritan eta haizearekin…

Horiek eta horrelakoak pentsatu eta gero, elkarrizketa irakurtzen hasi nintzen: “Hitz egin behar badut, urduritzen naiz […] hitza ez da nire adierazpena”, dio dantzariak sarreran.

Gonbidapena hitzez egina baldin bada ere, seinalatzen dutena baino haratago eramaten gaituzte hitzok. Baina esateak abentura estetikoaren atea zabaltzen badu ere, izendatze hutsa ez da aski: guri dagokigu zabaldu berri zaigun atetik aurrera  abenturatzea edo ez.

 

Hau lasaitua!

Hau lasaitua!, idatzi zuen Victor Arbeloa sozialistak bere blogean jakin zuenean Ferrazek ezezkoa esan diola PSNri. Parlamentari ohiak garbi omen dauka aspalditik: sozialistak UPN bezain nafarrak dira edo nafarrago, haiek bezain espainiarrak edo espainiarrago, haiek bezain europarrak edo gehiago (hori guztia, bere blogean irakurria).

Ez dakit Arbeloak zein pisu duen gaur egun sozialista nafarren negoziadoan, baina hutsaren hautsa balitz ere: nazionalismoaren kontrako gurutzada batean diskurtso are nazionalistagoa erabiltzea ez da ez oso koherentea, ez oso sozialista, ez oso bizkorra. Baina alderdiko buruzagien praktika hurbil dabil Arbeloaren diskurtsotik. Taktikoa dela saldu nahiko dute. Hala balitz ere: porrotetik porrotera, agian egunen batean ohartuko dira noraino den suizida Legioko ahuntza bera baino patriotago agertzea, (ustezko) boto gutxi batzuen truke beren arima ideologikoa hain merke saltzea.

Permalink-a 2 erantzun

Unibertsala

Alfonso Alonso popularrari entzun nionean justizia unibertsala ez dela eraginkorra, txaloka hastera nindoan. Pozak porrot, ordea. Alonsok, pausa labur bat egin eta gero, zehaztu zuen: “asko agintzen du, baina ez ditu liskar diplomatikoak baino sortzen”.

Asko agintzen duela? Justizia unibertsala, ai tamalaren handia!, titiko da oraindik, ez du burutu behar lukeena gauzatzeko ez eskumenik, ez kristo benditorik. Ez dituela liskar diplomatikoak baino sortzen? Ez dakit Alonso nongo unibertsotan biziko den, baina hemengo edozeinek daki justizia unibertsal benetako batek liskar diplomatiko asko eragingo duela. Hain zuzen, horretarako balio behar luke justizia-justizia unibertsal-unibertsal batek: zigorgabetasun diplomatikoarekin blindatutako Estatu, agintari eta egintza kriminalak epaitzeko.

Adibidez, frankismoarenak. PPren traba diplomatiko eta bestelakorik gabe, aspaldi epaitegi unibertsalean behar zutenak.

Hobeto

Ezkerreko eskua, pilota airera botatzeko baliatzen duena, tatuatuta dauka Wawrinka tenislariak teniseko tanto baten erritmoa duen Samuel Becketten esaldi batekin: “Beti saiatuz. Beti porrot eginez. Ez dio axola. Saiatu berriro. Porrot egin berriro. Porrot egin hobeto”. Egunen batean txapeldun izateko egin zuen Wawrinkak tatuajea. Txapeldun berria da. Ezker eskua jasotzen duenean pilota airera bota eta saka egiteko, Sisifo ikusten dut nik tatuajean, harri tzar bat mendian gora garraiatzen zuen heroi zahar hura.

Harria, ordea, gailurretik behera erortzen da, eta Sisifok harriaren bila jaitsi eta berriro mendian gora egitea du kondena. Wawrinkak tenisa abandonatzen duenean ere, tatuajea besoan izango du. Bizitzaren zurrunbilo guztietan, beti han. Saiatu. Porrot egin. Saiatu. Porrot egin hobeto.

Inon egotekotan, esaldiko azken hobeto horretan dago hainbeste saio eta porroten ereinotza, bizitzak eman dezakeen poz nagusia.

Angustia, erreala

Teknologia berriekin lo(r)tutako orok birtual etiketa darama aldean —errealitate birtualaz mintzatzen gara, gizarte birtuala omen gara, hitzaldi birtualetara gonbidatzen gaituzte…—, baina modu arrunt errealean begiratzen ditut teknologia berrien bidez kontsultatzen ditudan hiztegiak, irakurtzen ditut albisteak, egiten ditut erosketak. Teknologia berrien mundua —Internet zilbor eta altzo duena— erreala da. Ez fikziozko egitate bat, pelikula batean sartutakoan bertan galtzea bezalakoa, nire eguneroko bizitzaren errealitatea baizik. Internetik gabe geldituko banintz, galduta nengoke.

Poliziek lehendabizi eta hedabideek gero, birtuala deitu diote Delorean taldeak Mexikon sufritutako bahiketari. Bahitzaileek trepeta teknologikoak baliatu dituzte, musikariek bahituta zeudela sinetsi dute —hortik bahiketari birtuala deitzearena—, baina bahituek berrogeita zortzi orduz bizi eta penatu duten angustia errealagorik, nekez.

Norteko geltokia

 

Txirritak kantatua: “Modu orretan jarri zuenak Norteko ferrokarrilla, jakinduriya aundiya zuen, entendimentu abilla”. Auskalo zer kantatuko lukeen gaur Donostiako Norteko geltokia botatzen ikusita. Ez dut, ordea, tranpa egin nahi imajinatuz-edo Hernaniko bertsolariak zein adjektibo jarriko liekeen erabakia hartu dutenen jakinduriari eta entendimenduari.

Telebistako irudiak ikusitakoan, “zertan ari dira?” atera zitzaidan. Nostalgia zeraman nire protestak: Norteko estaziotik irten zen estranjeri aldera lehenengoz eraman ninduen trena. Baina protesta ez zen nostalgia hutsak eragina: eraikin baten hormak botatzen diren aldiro, historiaren parte bat botatzen da: eraikinarena; eraikinetik pasatu direnena; eraikinaren eta inguruaren arteko loturarena…

Txirritarena bezala, nire munduko jakinduria ere oso baita “azala” , burutik kendu ezinik nago zer pasatzen ote den halako erabakiak hartzen dituen baten burutik.