Dantzariak gastatu zirenekoa

“Soinujoleak ugaldu egin dira, eta dantzariak, gastatu”, zioen Tomas Zubizarreta Zendoia soinujole omendu berriak elkarrizketa batean. Periodikoen orri-pasa nenbilen ni, ia oharkabean irakurtzen den esaldi horietako bat zen soinujolearena. Orriari orri segitu nuen, baina esaldiko zerbaitek zintzilik segitzen zuen nire arretaren gantxotik. Atzera egin, eta esaldiari erreparatu nion berriro. Dantzariak gastatu espresioa zen deigarria egin zitzaidana. Gastatu aditza testuinguru horretan erabili izana zen, zehatzago esateko, harritu ninduena.

Dantzariak nekatzea, arnasarik gabe gelditzea ez da harritzeko: musikaria eserita dago, dantzarien oinek eta besoek ez dute atsedenik, eta, halako batean, energia gastatu zaie. Argibide errazegia iruditu zitzaidan, ordea: soinujoleen ugaltzea eta dantzariak gastatzea kontrajartzen zituen Zendoiaren esaldiak. Gaur egun soinujole asko eta dantzari gutxi daudela esaten ari zitzaigun. Kontraste tristea! Soinujole baten helburua ez da ba jendea dantzan jartzea? Baina ez da zaila Zendoiak esandakoa irudikatzea: igande arratsaldeetan auzo txiki askotan ikusiak gara soinujoleren bat oholtza gainean soinuari eragin eta eragin, jende dezente duelarik bazterren batetik begira, baina dantzari gutxi kriskitinka eta hankak airean.

Burutik pasatu zitzaidan idazle/irakurle bikotean ere ez ote den kontu bertsua gertatzen ari. Neurera ekarri nuen soinujolearen esaldia, zer moduzko musika zeukan entzuteko: “Idazleak ugaldu egin dira, baina irakurleak gastatu”. Hori bururatu izanak ez ninduen batere orijinala egin: periodikoen orri-pasari utzirik, Sándor Márai-k Diarios (1984-1989) guztiz gomendagarria hartu nuen apal batetik:

“Idatzi nahi duen gero eta jende gehiago dago, eta gero eta gutxiago irakurtzeko prest”. Segidan, Máraik hainbat kontsiderazio egiten du Hungariako sistema komunistak garai hartan liburu-produkzioari emandako babesari buruz: “Idazleek (…) uste zuten Estatuak dena argitaratuko zuela… Produkzioaren parte handi bat almazenetan gelditu da”. Ez gaude sistema komunista batean, baina erraza da paralelismoak egitea. Zenbat liburu dago euskal zein gaztelaniazko argitaletxeetako almazenetan hautsak hartuta? Zenbat liburu gelditu da gure oroimen kolektiboko almazanetik kanpo, hautsak hartzeko ere esperantzarik gabe?

Bitartean, idazleok, ugaritzeaz gainera, geure soinuarekin segitzen dugu (ez naiz euskal idazleez bakarrik ari), ohartu gabe —edo, larriagoa litzatekeena, axola handirik izan gabe— dantzariak ez ote diren/ditugun nekatu. Plazatik urrutiratu. Azken batean, urritu, gastatu.

Tesitura bertsua aipa daiteke zine- edo antzerki-ikusleen egoerari buruz ere, eta pentsatu nuen soinu jotzailea auzi sakon baten dianan jotzen ari zela bete-betean —artearen demokrazia!, denok artista!—, eta pentsamenduak, txolarre batek bezala, laster egin zidan jauzi beste puntu batera. Zailagoa da, teorian behintzat, soinujoleak ugaltzea idazleak baino. Soinujoleek orduak eta urteak behar dituzte soinuaren sekretuak ezagutzeko, nakarrezko tekla txikiei harmonia pixka bat ateratzeko; gizakiok, ordea, denok gara hiztun, gehienok moldatzen gara, gutxi-asko, lerro batzuk josten. Zergatik ez denok idazle? Zergatik ez denok hizkuntzalari edo estetikan aditu? Balirudike idazkuntzak ez duela soinujole apal baten esfortzurik eta teknikarik behar, letrak lotzen jakite hutsak guztiz hartzen diela gaina bai eguneroko lanari, bai eguneroko lanik gabe deus ez den senari.

Ari nintzela ari nintzela, pentsatu nuen irakurleak eta irakurzaleak desberdindu beharko genituzkeela ere. Eskolatik pasatu garen guztiok —eta eskolatik pasatu ez den jende gehienak— dakigu irakurtzen, baina horietatik gutxi dira irakurzale. Irakasle, politikari edo kazetari guztiak dira (izango ahal dira!) irakurle, baina ez irakurzale. Irakurleak txosten baten nondik norakoak jakiteko irakurtzen du, azterketak gainditzeko, botika baten arriskuak ezagutzeko, halako politikariren baten iritziak ezagututa bere iritzi propioak sendotzeko. Irakurzaleak, ordea, letren plazerez irakurtzen du; gozo eta sarkor sentitzen du irakurketa on batek inauguratzen dion denbora berria.

Soinujoleak esana berriro neurera ekarriz: gastatu ordez beti ugari mantentzen dena da testu ederrei darien plazera, irakurzale egiten gaituen soinu dultze hori.

(Martxoak 30ean, igandez, Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)

 

 

 

Artea, edo simaurretan lore

Atarian dugu aste berria, hedabideetako kultur orriek ARCO izango dute hizpide nagusi datozen egunetan. Zenbaterainokoa den krisiaren eragina artegintzan, salmentetan? Artprice aldizkariaren esanetan, iaz ehuneko 62 erori zen obra artistikoen salmenta. Galeriek eta artistek zeukaten BEZa ehuneko 21 izanik, ez da harritzekoa. Etekinen ia laurdena zerga zen eta konpetitzea zaila zen artistentzat eta galeristentzat, kontutan hartzen bada Europar Batasuneko batazbesteko BEZa ehuneko 13 dela (Frantzian daukate baxuena, ehuneko 5,5arekin). Espainiako Gobernuak, azkenean, BEZ artistikoa jaitsi du —joan zen urtarrilean hala iragarri zuen Saenz de Santamaríak— eta ikustekoa izango da neurri iragarri berriak zer nolako eragina izango duen ARCOn.

Krisia ona da artistentzat, artearentzat, oso uste errotua da. Krisian ematen badute onena, zertarako behar dute administrazioaren babesa edo beste edozein laguntza mota? Rara avis dira artistak, hobeto daude beren aparteko munduan: krisiarekin edo krisiarik gabe, berdin segituko dute sortzen. Krisiagatik musika egiteari edo liburuak idazteari utzi badiote, beren bokazioa ez zen hain sendoa izango, hala pentsatzen du askok artistengatik, beren buruei aplikatzen ez dizkieten betebeharren katearekin lotuz artistak.

Artista eta miseria: artistak artea du amets bakar, dena sakrifikatzen du artearen aldarean, eskasian bizi den artistak gehiago zorrozten du bere irudimena, krisia da sorkuntzaren akuilu, eta abar. Erraietan txertatuta daukagu artista eta miseria uztartzen dituen argazki erromantiko hori. Juan Benetek, irudia esperpentoaren muturreraino eramanez, esaten zuen artista batek emazteeak abandonatutako tipo bat behar lukeela izan, maitaleak engainatua, seme-alabek iruzurtua, aitak erreka joarazia, eta, halatan ere, irrika ekonomikorik gabe idatziko lukeena. Labur esanda: bere lumaren fruituekin konpondu ezin diren gatazkak dituena.

Oso zabaldua dago irudi hori, baina, paradoxikoa da, gaurko publikoak ezagutzen duen artista beste muturrean dago: arrakasta lortu duena da, dirutzak irabazten dituena, hedabideetan irteten dena eta guztiek miresten dutena, ukitzen duen guztia urre bihurtzen zaion Midas bat, eta abar. Begi-ninietan daukagu artista eta aberastasuna uztartzen dituen irudi posmoderno hori.

Bi artista eredu horien artean —miserian bizi dena eta arrakastatsua— badago beste bat bizitza artistikoaren errepidean. Artista guztiz gehienen multzoa da. Halakoak ez du miseria maite —urruti nahi du zulotik— baina, aldi berean, izua eta erakarmena sentitzen ditu arrakastaren aurrean.

Miseriak ondratu egiten du emaitza artistikoa eta arrakastak zikintzen? Ez, noski. Artista bakoitzaren zirkunstantziak eragina du, baina ez du erabakitzen: artista baten egoera ekonomikoak eta bizi baldintzek ez dute emaitza artistikoaren kalitatea bermatzen.

Nolanahi ere, artistari tokatu egiten omen zaio miseria, berea omen du, hori da errotua daukagun ustea. Berek erabakia ez da ba artista izatea? Zertaz kexatzen dira? Eta hala erabaki dutenez, jakin behar lukete miseria dutela simaur onena beren artea ongarritzeko. Baina batzuetan artistak —arrakasta lortu duenak batik bat— okerreko talaia batetik begiratzen dio miseriaren auziari. Miseria beharrezkoa du artistak, bai, baina besteena. Gogoan dut Niña Pastori kantariak orain urte gutxi esan zuena bere disko baten aurkezpenan: “Arte flamenkoa indarra galtzen ari da aspaldion, ijitoa ez baita jada pobrea”. Ijitoak sufritzen ikusi behar ditu, nonbait, bere artea egiteko, kantatzeko, bere dohainak manifestatzeko. Nekez ahaztuko zait Frank Gerhy arkitektoari atera zitzaion protesta ere Bilbora egindako bere azkeneko bisitan: “Museoaren ingurua ikaragarri aldatu da, orain ez du batere tentsiorik, ezti-poto hutsa da!”. Arkitekto handiaren titanioak indartsuago distiratzen zuen ibai ondoko industria azken orduko agonian zegoenean, herdoila jan eta jan ari zen eremu erdi abandonatuan.

Jarri ditudan bi adibideak miseria ekonomikotik oso urruti dauden bi artistenak dira. Arteak senide du miseria, baina izan dadila besteena, eta izan dadila —are gaiztoagoa da— nire distira lustratzeko. Ijitoek sufritzen segituko balute, egungo flamenkoak beste indar bat luke. Krisi industrialari kontra egin izan ez balitzaio, indar eta inpaktu handiagoak lituzke Guggenheimek. Oinazea izan bedi beti besterena.

Oinazea, amildegia, tragedia ongarri ezinbestekoak dira artea egiteko —gorotzaren bihotzean jaiotzen omen dira lore ederrenak—, baina ez haien bila ibiltzeko masokisten moduan, oinazearen mekanismoak ikertzeko baizik, amildegiari begiratu eta bertatik urrutiratzeko, tragediaren aurpegiak bihotz-begiekin ikusi eta barnemuinetatik espresatzeko.

(Pasa den igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)

Permalink-a 2 erantzun

Belarra zelakoan

Sekulakoa da tragedia; adituek diotenez, historiako hondamendi natural handienetakoa. Hamabost milatik gora hildako. Milaka desagertu. Urtetan berdinduko ez diren kalteak. Txikizioaren argazkiei begira nago. Baina zertarako balio dezake nik idatzitako ezerk, elegiarik goratsuena balitz ere aterako litzaidakeena? Nire ahaleginak ez du ezer arinduko. Eta laster ere laster, historiako hondamendi natural handienetakoa omen denak historiaren arreta galduko du, hedabideek —eta hedabideekin, nik— guztiz ahaztuko dugu tragedia.

Zer galdu ote zait Filipinetan?

Galdera idatzi arte ez naiz jarri neure buruari galdetzen zer galdu ote zaidan hain urruti. Baina bada zerbait barruan uzten ez didana “ezer ez” erantzuten. Haitiko hartan ere “ezer ez” esaten utzi ez zidan hots huraxe bera.

Kontzientzia deitzen diote. Oraingoan ere nire baitako astoak egun gutxi barru jango duen horixe, belarra delakoan.

OHARRAK (Post scriptum)

Toki batzuetan ikusi dudanez (adibidez, Imanol Epelde zarauztarraren 27 zapata blogean) berdea da astoak jan zuena; nik ezagutzen dudan aldaeran, belarra.

Nolanahi ere, honela dio astoa lapurtu diotela-eta, Ernani Txikia bertsolariak jarritako bertso batek:

Arek gaixoak izan bear du
pikaron batek ostua,
seguru asko il da jateko,
ala daukagu juzkua.
Kontzientzia astoak jana
eta gizonak astua,
argatik dabil bi ankekoa
laukoarekin nastua.»

 

Bai artetsuak!

Artearena omen diru beltz gehien mugitzen duen aktibitatea, drogarenaren atzetik, eta armenenaren aurretik. Albisteak ez gaitu harritu: beste bi trafikoek ez bezala, artearenak glamurra du (o, Picasso, ene, Matisse!) eta arte-delitu asko artistikoki burutua izan ohi da, abildade handiz egindako maisu-lana. Arterik arteena, ordea, konkistaren legearekin egindako lapurreta erraldoiak. Ez dugu galdetzen Britishean edo Louvren zergatik dagoen hainbeste arte egiptoar; Pardok nola daukan Flandriako hainbeste pintura, Greziatik Hermitagera nola iritsi den Periklesen garaiko hainbeste kapitel eta zutabe, zenbat artista ibili den Espainiako ermitetan New Yorkeko Moma hain ugari hornitzeko pieza erromanikoekin…

Nafarroa da gure museorik ederrena, baina laster ahaztuko zaigu Eliza nola egin zen jabe. Esku-arrantza artetsu bezain artistiko baten bidez, Gobernua maisu-lana obratzen ari da eta Eliza gozatzen.

Zaborraren erdian

Pinturaren historian, oso etekin onak eman ditu Emakumea irakurtzen izeneko erretratuen galeriak. Emakume bat eta liburua, bakardade osoan. Argia kontzentratuta dago emakumearen begietatik eskuetarainoko tartean, begiradaren libururainoko joan-etorrian biltzen da koadroak kontatu nahi diguna.
Urtero ematen diren Word Press argazki-sarietan gerra, gatazkak, umeen mindura eta halakoak ikusten dira: munduak hain ugariak dituen tragedien aurpegiak. Aurtengo sarietan ere ez zaigu horrelakorik faltatu. Baina sosegu handiz irakurtzen ari den emakume baten argazkiak harritu gaitu gu: aspaldi itxia behar zuen Nairobiko zabortegi tzar baten erdian dago emakumea, zabortegitik erreskatatutako liburu bat eskuetan duela.

Emakumea da —eta emakumea egiten ari dena— zabortegiaren erdian zaborra ez den bakarra. Jakin-mina pizten du zer ari ote den irakurtzen. Baina bageneki, argazkiak misterioa galduko luke.

OHARRAK (Post scriptum)

Titulu batek beste titulu guztiak baztertu lituzke. Ateak itxiko lizkioke asmamenaren misterioari eta ateak zabaldu dezepzioari.

Giltzapean

Piztu argia, itzali argia esaten dugu. Baina argiari ematekoa hondatu bazaizu, etengailua konpondu beharko zenuke, hiztegiak hala ematen du, behintzat, etengailua, erdaretako interruptor/interrupteur. Garai batean, ordea, giltza esaten genion, giltzak zeukan argiaren sekretua: giltzari eman, eta argia egiten zen; giltza kendu, eta ilunpea. Koldo Mitxelenak zioskun “aldiro-aldiro aldatzen eta aberasten ari den hizkuntza jakitea, argiaren giltza non dagoen jakitea bezalaxe” dela.

Italiako neorrealistentzat gizartean argi egitea zen beren artearen egiteko nagusia; pelikulak errodatzea eta nobelak idaztea argia piztuko zuten giltzak egitea zen haientzat. Joan zen asteburuan Carlo Lizzanik, pelikula eder askoren zuzendari (Maitale koitaduen kronikak…) eta gidoilariak (Alemania 0 urtea, Arroz mikatza…) bere buruaz beste egin zuen. Ohartxo bat utzi zien bere oinordekoei: “Giltza kentzen dut”.

Aurreiritziak, arrunkeria eta fokuen argia

Hannah Arendt Jerusalenera joan zenean Eichman-en epaiketaren hurbileko segizioa egitera, osatuta zekuan Mossad-eko morroiek Argentinan bahitutako naziaren argazki robota. Literaturak, zineak eta propagandak gizendutako nazien argazkia zeraman Arendtek ere hegazkineko eskailerak igo zituenean: kriminala zen Eichman, fanatikoa, bihozgabea, kalkulatzailea, odolzalea… Munstroaren argazki horri erantsi beharra dago, nola ez, Hannah Arendt pentsalariaren judu izaera, judu izate soilagatik haren herriak sufritutako mina.
Munstroa zenbat eta munstruago marraztu, iruditzen zaigu oso urruti gaudela berarengandik, distantzia salbaezina dagoela haren eta gure artean. Munstro baten barne mekanismoak ulertzeko nahiak eraman zuen Arendt Jerusalenera. Handik hilabete batzuetara, ordea, gaizkiaren banalitateari eta izugarrikeriaren atzean egon litekeen arrunkeriari buruzko tesia buruan zuela itzuli zen New Yorkera. Bi hegaldien arteko tartean, epaiketak iraun zuen hilabeteetan, pentsalariak Eichmani begiratzen zion, haren hitzei erreparatzen zien, haren diskurtsoa eta arrazonamenduak analizatzen zituen. Aurkikuntza batek harrituta zeukan Arendt: arrunkeria zen gizon harengan ikusten zuen ezaugarri nagusia, arrunkeria zerion gizonari bere izaeraren joskura guztietatik. Bidegabekeria izugarrienen atzean, Arendtek ez zion arrunkeria baino ikusi akusatuen aulkian zeukan munstroari; dena gristen zuen arrunkeria triste mortala.

Margarethe von Trottaren Hannah Arendt filma ikusi nuenean (pelikulak ikusle asko izan omen ditu gurean, baina aipagarria egiten zait, eta tristea, isiltasuna gertatu izana utzi duen ondorio publiko ia erabatekoa), beste Anna bat etorri zitzaidan burura, baina oraingoan fikziozkoa nuen filmak gogora ekarritako emakumea. Tolstoi Anna Karenina idazten hasi zenean —ordurako idazlea emana zegoen Ebanjelioen irakurketan inspiratutako jardun anarkista mistikoari—, burgesia errusiarreko hainbat emakume ezkonduen inmoraltasuna salatzea zeukan buruan. Izan ere, Tolstoik pentsatzen zuen emakume ezkonduen fideltasun faltak, matrimonioa puskatzeaz gainera, familia osoak hondatzen dituela, familiaren balioak suntsitzen. Bada, idazleak fideltasun ezaren kalteetan argi egitea zuen helburu. Baina nobelaren idazkuntzak bere lege propioak ditu, eta Tolstoi, oroz gainetik, idazle-idazlea zen. Eta nobela, hain bereak dituen prozedurei esker, bere bide propioa egiten hasi zen: Tolstoi idazlea nagusitu zitzaion Tolstoi ideologoari, eta Anna adulteroaren ustezko arrunkerian zentratu ordez, batere arruntak ez ziren ertzak argitu zituen. Nobela, adulterioaren kondena izan beharrean, Anna Karenina ulertzeko eta salbatzeko saio bat da, adulteriotik suizidiora bitarteko haren guruzbide gero eta mingarriagoan.

Aurreiritzien bidetik jotzen duten obrek batere mesederik ez ongiari: argi egiten duten lanparak izan ordez, ilundu egiten dute ingurua, beren fokua desbideratuz deserosoak edo zikinak iruditzen zaizkigun zokoetatik. Baina literaturaren egitekoa —eta, oro har, pentsamenduarena— fokua jartzea da; baina ez ohiko topiko eta aurreiritzien arrunkeria normala dela esateko edo trapu zikin etxekoak ezkutatzeko, ordu arte argirik ikusi gabeko txoko, zirrikitu eta arrakalei erreparatzeko baizik.

Aztertu eta argitu nahi denari buruzko hurbilketa ahalik zuzenena (justuena) da idazkuntza: mundua juzkatzea bainoago, mundua ulertzen saiatzea du helburu.

(Joan zen igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)

Etxeko zoroa

Irudimena edo imajinazioa. Gizakiok badugu nork bere ganbaran gure eskarmentutik abiatuz inoiz ikusi gabeko irudiak edo pentsatu gabeko ideiak sortzeko gaitasuna. Avilako Teresak etxeko zoroa deitzen zion. Irudimenik gabe, Altxerriko marrazkiak egin zituen gizaki hura ez zen honaino iritsiko. Ez, behintzat, iritsi den moduan, telefono mugikorra patrikan eta Zinemaldiko filmaren bat ikusteko sarrera eskuan. Pedante jarrita: zibilizazioa irudimenaren fruitua da.
Iragarri dutenez, zientzialari talde bat imajinazioaren barrunbeak deskubritzeko zorian omen dago, laster jakingo omen dugu nola funtzionatzen duen, nola lortzen den astoa eta konfitea bezalako bi kontu muturrekoak lotu eta astoaren konfiteak! asmatzea.

Beldur naiz imajinazioaren barrunbeak ezagutzeak ez ote digun jostailu maite bat puskatu zaion ume batena bezalako frustrazioa ekarriko; behin tripak ezagututakoan, etxeko zoroak ez ote duen xarma guztia galduko.

Ispilua

Beste herrialde batera goazenean, hango hirietako arkitekturak ematen digu hiriari buruzko informazio lehena eta inportanteena. Ez daukagu arkitekturaz deus jakin beharrik: iragan belaunaldiek praktikatutako arkitekturari esker, begietatik sartzen zaigu hiriaren historia, bertako kaleetan gabiltzala burua jasotzen dugu eraikin eder baten fatxada gozatzeko, etxeen arteko armonia (edo armonia falta) aztertzeko.

Krisiak azaleratu duen hondamendia ez da ekonomikoa bakarrik. Dirua erruz eta erraz dantzatzen zen (zuten) garaietan, adreilua eta zementua aberastasunaren motore eta marka zirenean, arkitekturak

Etsiari ihes

Ez dakit krisiak nekatuta harrapatu gintuen, edo krisia den nekea ekarri diguna. Jakitez ez dakit ba ote dagoen bien arteko loturarik ere. Baina ezinean gabiltza, ilusio gutxi ikusten da bazterretan, gurdi astun baten ibileraren antza du euskal gizartearen eguneroko jardunak. Beharbada gehiegitxo esatea da, baina ematen du etsipenak bertan goxo egin duela gurean. Ulertzekoa litzateke: motibo asko dago pesimismoaren apologia egin eta etsipena barreiatzeko, horretarako aski da eguneroko leihotik begiratzea edo etorkizunaren balkoira irtetea.

Zailagoa zaigu