Mugimendua

Neska koskor baten hatzak teklei eragiten, tiriki-tauki, mugimendu arin etengabean. Ahaztu egiten zaigu idazteak zenbat duen artisautzatik. Eta neskaren begiak eta haien mugimendua? Nabarmen da buruz dakiela teklak non dauden, mekanizatuak ditu mugimendu guztiak, eta, denbora osoan pantailari begira, etengabe mugitzen ditu begiak, okinak ogi egin berriari begiratzen dion bezala aztertzeko letra idatzi berriak, idatzitakoa puntuan dagoen erabaki arte. Lafittek, erdi itsututa baitzegoen, idazten zuenari begiratu gabe egiten zuen lan, baina aldian behin, lupa bat hartu eta idatzitakoa aztertzen zuen bere begi erdi itsutuekin. Eta zer esan neskaren memoriaren etengabeko joan-etorriaz, irudi batetik bestera, hitz egokienen bila, oroimena astintzen, ideia zoro muturrekoenak dantza lotuan jartzen? Idazten ari denak ere izango du mugimendua, idatzi orok du berea

Adina

Berrogeita hamar urtetik gora, langabeziaren desditxa, ate bat eta beste bat ixten ikustearen atsekabea. Tipo gogorra izan da beti, lanak ez du kikiltzen. Baina adinagatik galdetzen zioten ate guztietan. Azkenean, txiripa batek arrantzarako bidean jarri zuen. Bera kostakoa da, baina itsasoa arrotz zitzaion, oso arrotz. Hala ere, tripetako desosegua jan, eta arrantzan hasi zen, berdeletan, antxoatan, legatzetan. Eginak ditu hamalau orduko lan-egunak, sareak botatzen eta biltzen, legatzak saretik askatzen. Ez du sekula hain lan gogorrik egin, adina zama zaio, balda-balda eginda oheratzen da gauero, baina ez du etsi nahi. Latzagoa omen zaio bere buruarekin daraman lehia sarearekikoa baino, oraindik ere balio duela erakutsi nahi baitu. Ez dela ontziko inor baino gutxiago. Ohituko dela, ohituko dela, ohituko dela, egingo duela aurrera

Lekuz kanpo

Zerbitzari berri batek atera zidan atzo eguneroko kafetxoa. Lotsati, ezker-eskuin begiratzen zuen, barrako lankideen oniritziaren bila balebil bezala. Kafea puntuan zegoela esan nion, neska animatzeagatik batik bat. Bezero bat hurbildu zen barrara, eta neska ikusita,

Ilunpean

Lagun baten etxean geundela afaltzen, argia joan zen. Luze jo zuen lehen minutuak, luzeago bigarrenak. Etxe honetan ez al dago kandelarik!, bota zuen batek. Ez zeukaten kandela ziztrin bat ere. Agian ez zeukaten pospolorik ere erretzeari laga ziotenetik. Eskerrak ilargi betearen argiak gure plateretakoa erdi ikusten lagatzen zigun!

Hamar minutu doi iraun zuen argi faltak, baina aski izan zen mahai inguruan geunden guztion gogoa iluntzeko. Argi elektrikorik gabeko mundu bat aipatu zuen afaltiar batek, argi elektrikorik gabeko mundu bat imajinatzen hasi ginen guztiok. Akabo egun ezagutzen ditugun moduko gauak, agur gure sukaldeetako erosotasunari, ixo irrati-telebistak, adio betiko Interneti! Munduaren akabera ezagutuko dutenak ez dira gu geunden baino askoz ere abailduago sentituko.

Argia egin zenean, Bibliaren hasierako fiat lux! hartan unibertsoak sentituko zuen poza etorri zitzaidan burura.

Bisitaria

Zahar etxeko egongela nagusian, pertsona batzuk telebistari begira, arreta handirik gabe. Albistegia gerra urrutikoren baten irudiak ematen hasi da. Agure batek pelikula bat al den galdetu du. Ondoan daukan lagunak erretxin erantzun dio:

Erramuarena

Ni bizi naizen auzoko elizan, gaurko egunez baserritar bat arduratzen da erramu sorta eder bat elizara eraman eta jende artean partitzeaz. Gure auzoko emakume batek, ordea, bere erramua eramaten du, baina ez elizan emango diotenari mespretxu egiteagatik. Badira urte batzuk bere seme bakarrak hartu zuela erramu-adar eder bat moztu eta amari oparitzeko ardura. Ordutik,

Nostalgia

Leihora hurbildu eta gortina apartatu du. Segundo batzuk egin ditu bertan. Gero, etsipen keinu bat egin eta leihotik apartatu da. Egunak argitu duenetik, askotan egin du gauza bera. Zerbaiten peskizan dago, baina espero duena ez da postaria, etsipena ez dio bisitaren bat ikusi ez izanak eragiten: leihora hurbiltzen den aldiro gora begiratzen du; eguzkirik eta argirik gabeko zerura; laino gris astunen geruzara.

Erlojua

Itsas paseoan doala, puskatu den zerbaiten kraska metalikoak ikaratu du ibiltaria. Beste kraska bat. Eta beste bat. Ibiltariak burua jaso du. Aurrez aurre, erloju tzarreko orratz bat; bertako orratzak jauzika dabiltza. Egunsentia bere lehen argi urretsuak barreiatzen ari da itsas gainean, goizeko zazpi t

Tunelak

Atzo arratsaldez, mutil bat trenez, erdi lotan. Durangotik bueltan inondik ere, liburuz beteriko bi poltsa baitzeuzkan oinetan. Nabari zitzaion leher eginda zegoela. Gogoratu nintzen goizean mutilak neska batekin egin zuela, oso txera gozoan, haranzko bidaia. Itzuleran, bakarrik zetorren.

Trena tunel batean sartu zen eta bidaiariak begiak zabaldu zituen, tuneleko zalapartak susto batean esnatu balu bezala. Freudek dio Ametsen interpretazioa liburuan tunel batean doan tren baten ametsak harreman sexualak dituela oinarri. Neskarekin hautsi ote zuen pasatu zitzaidan burutik. Beharbada, mutilak horregatik zabaldu zituen begiak tunelean sartzerakoan: ez zuelako ametsik egin nahi, ez zeukalako ametsak eragingo liokeen frustrazioa sentitzeko gogorik.

Trena tuneletik irten zenean, mutilak liburu bat atera zuen poltsetako batetik. Freuden Ametsen interpretazioa zen.

Bizitzak, kostaldeko trenbidearenak bezala, tunel asko ditu.