Apopiloa

Hainbat gauza baikorragoren artean, Patxi Baztarrikak honakoa ere esan zuen herenegungo agerraldian: “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten da euskaraz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan”. Esaldia formula daiteke beste modu batean ere: “Duela hogei urte baino gehiago hitz egiten da gaztelaniaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetan”. Ifrentzua deitzen zaio. Baita galtzerdiari buelta ematea ere.

Baina Baztarrikak esandakotik abiatuta, beste formulazio bat ere badarabilt nik buruan bueltaka, hirugarren bidea deitzen duten horietakotzat har daitekeena: “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten duzu zernahi hizkuntzetan etxean”. Telebista edo sare sozialak ditugu etxean solaskide nagusi, etxean entzuten den puska handi bat ez da gurasoen eta seme-alaben jarduna. Etxeko zalaparta etxean sartu ditugun apopiloena da. Haien jarduna dibertigarriagoa da, nonbait, etxean bizi garenon artekoa baino.

 

Hizkuntzaren antzokian

Imajina dezagun hizkuntza etengabeko antzezpen erraldoi baten moduan. Obrak hiztunok gaitu aktore, hizkuntzaren hedadurak hartzen dituen herri eta hiriak antzeztoki. Antzezpenak badu libreto nagusi bat —hizkuntza bera—, baina, mendez mende, libretoa egokitu egiten da gorabehera historikoetara, sasoi bakoitzeko argi-itzalek argiztatzen dituzte eszenak, garai bakoitzari dagokion mundu-ikuskera jasotzen du libretoak. Dekoratuak ere (jauntxoren baten dorrea hemen, eliza bat hor, guda-eremu bat han, baleontziren bat Ternuara bidean…) egokitu egiten dira edo, besterik gabe, berriak jaso. Mendeari mende, obra aldatzen doa, baina sustraia —libretoa— galdu gabe. Hiztunok obra beti beraren garaian garaiko interpreteak gara.

Aktore taldea ere ez da, noski, beti bera: hizkuntzek baino askoz ere bizi-iraupen laburragoa izaten dute hiztunek, belaunaldi askoren emaitza eta garapena dira hizkuntzak. Begira diezaiogun orain berrogeita hamar urteko aktore taldeari. Nire belaunaldikoek hemezortzi bat urte genituen orduan, mundua iraultzeko gaitasuna dutela sinesten dutenen kontraesanez betetako adin zapartaria. Nire belaunaldiko asko euskararen aldeko apustua egiten ari zen, batzuk beste batzuk baino serioago: etorkizuna hipotekatzeko arriskua hartzen, alegia; ikastolak ez ziren bertan ikasten hasitako umeak baino zaharragoak, euskara ez zegoen unibertsitatean, ez zegoen kulturaren aretoetan, ez zegoen agintarien edo lanbide liberalen jardun profesionalean. Euskararen aldeko apustua egin nahi zuenak oso mugatuak zituen eszenategia eta jarduera.

Euskarak defizit handiak zituen eta hainbat alorretara heldu ezina. Eta, are tamalgarriagoa zena, euskaldunen artean zailtasunak genituen elkar ulertzeko, baina ezintasunaren motiboa ez zen, behingoagatik, gure arteko herra, euskaren arteko desberdintasuna baizik. Harkaitz Canok egunotan kaleratu duen liburutxo bitxian (Txalorik ez, arren, Edo! argitaletxea) ekarri digun eszena batek ilustratzen du ondo elkar ulertu ezinaren tragedia. Aparteko gertakari bat da, jendearen memorian suz markatua geratzen den horietakoa. 1967a da, Bertsolari Txapelketa jokatzen ari dira Donostian, Anoeta frontoia lepo dago. Lopategi, Gorrotxategi, Lazkao Txiki eta Xalbadorren artetik, epaimahaiak Xalbador hautatu du Uztapideren kontra txapela jokatzeko. Jende asko txistuka hasi da, bakar batzuen txaloek ezin dute zalaparta estali.

Ez zen gustu kontua izan. Ez, behintzat, hori bakarrik. Gertatu zen jende askok ez zuela Urepeleko artzainaren euskara ulertzen, ezta haren bertsokera ezagutzen ere. Ezjakintasunak ezin zituen bata zein bestea preziatu. Baina txistuak amaitutakoan, Xalbadorrek euskaltzaleen memorian geratu  den bertsoa kantatu zuen: Anai-arrebak deituz hasi zen minutu batzuk lehenago txistuka aritu zitzaion publikoari eta maite zaituztet oraindik esanez bukatu zuen bertsoa.

Goraxeago aipatu liburutxoan, Canok txistuak txalo bilakatu zirenekoa aztertzen du. Ni eskaintzen ari naizena Canorenaren osagarri da: euskalkiak gero eta arrotzagoak ziren elkarren, eta Anoetan gertatu zena gaitzaren manifestazio ezin argiagoa zen. Frontoian zegoen jendea euskaltzalea zen, askok euskara maila jasoa zuen eta euskarari buruzko ezagutza duina. Eta, hala ere, zailtasunak Xalbadorren bertsokera bere osoan —hizkera ere barne— gozatzeko. Handik urtebetera, Euskaltzaindia Arantzazun bildu zen Euskara Batuaren lehen pausoak emateko. Noski, Anoetan gertatutakoak ez zuen zerikusirik Arantzazuko bilerarekin, Anoeta ez zen izan Arantzazura iristeko geltoki, baina bien arteko loturak perspektiba eta iradokizun politak oparitzen dizkigu garai asaldu haien nolakoa azaltzeko.

Historia ezaguna da eta ez naiz luzatuko. Atzean geratu dira (h)arri bezain  (h)its utzi gintuzten euskara batuak eragindako desadostasun eta zakarraldiak. Baina zailtasunak zailtasun, ahaleginak ez zuen hutsean jo eta ahalegin hari esker ari gara interpretatzen orduan ez bezalako hedadura duen libreto bat. Orduan ez bezalako protagonistak ditu libretoak, orduan ez bezalako dekoratuetan interpretatzen ari gara euskararen obra: unibertsitatean eta hezkuntza osoan, hedabideetan, literaturan eta arte eszenikoetan.  Libretoak orain aktore asko ditu asko dakitenak. Sukaldea edo kalea ez dira jada eszenategi bakarrak, eta jende askoren konpetentzia handiko euskarak apenas du sukalderik edo kalerik. Asko ari dira aldatzen eta ugaritzen hizkuntza eta hizkuntzen arteko joan-etorriak bizitzeko moduak. Hizkuntzarenganako lotura —ez soilik afektiboa, baita ezagutzazkoa ere— premiazkoa du euskarak mendez mende iraun duen libretoa antzezten segitu nahi badu.

Jarrita daude, eta sendo, euskara batuaren oinarri nagusiak, pauso sekulakoa eman dugu. Zeuden aukeretatik bat erabaki izana da giltzarri. Enbor baten aldeko apustua egin, eta gainerako guztia enbor horren ingurura bildu izana. Baina gainerako guzti hori ere euskara batua da enbor nagusiaren dinamika indartzera baldin badator; aldiz, mihura da —arbola ahultzen eta itotzen duen parasitoa—, enbor nagusiaren perspektiba galtzen badu.

Harrotzeko moduan gaude. Harrotu, zertaz, ordea? Aurrekoek egindako hizkuntzarekin espresatzen dugu pentsatzen eta sentitzen duguna. Zer eransten diogu berria, zer sortu dugu lehen ez zegoena? Interpretatzen ari garen libretoaren guztiz gehiena bazeukan, praktikan eta ahalmenez, orain berrogeita hamar urteko euskarak. Gure belaunaldiak etekin handiak atera dizkio hizkuntzari, horixe egia, baina hizkuntzaren aukerak beti dira askoz ere ugariagoak hiztunok ateratzen dizkiogunak baino, eta hori kontuan izatea ez da  batere tesitura txarra hizkuntzarekin dugun harremanaren nolakoa finkatzeko, dauzkagun iniziatibak, partikularrak zein sozialak, kalibratzeko. Baita iraganari begiratzeko ere. Norbaiti entzuten edo irakurtzen diodanean bera idazten hasi zenean —edo zuzenbide-eskolak ematen edo antzeko beste zernahi egiten— ez zegoela ezer, gauza bera bururatzen zait beti: “hizkuntza zeneukan, orduko hizkuntza huraxe daukazu orain ere, baina organizatuagoa, horixe aldea!”.

Ladinoa

Oportunismotik erreparazioaren arteko bandan, Rajoyren Gobernuak sefardiei erakutsi dien aitorpenaren ingurumariak ertz asko ditu. Baina esan eta iradoki diren guztien gainean, bada bat deigarria euskararen ikuspuntutik: sefardiek beren hizkuntzari —ladinoari— bostehun urtez eutsi izana azpimarratu du Justizia Ministerioak. Txalo asko entzun dira. Bihoazkie gureak ere. Baina ez gaitezen erratu: ez dira erratu. Ladinoa judu-gaztelania da, gaztelerari eutsi izana da bedeinkatzen ari direna. Euskararen den partean, ordea, eskarmentu handia  dugu, eta ez da, hain justu, euskarari eusteagatik jaso ditugun txaloena. Ez atzo. Ezta gaur ere. Baita Madrileraino joan gabe ere. Galdetu Barcinari.

Sarean dagoen RAEren gaztelaniazko hiztegian, <I>ladino</I> hitzaren lehen adiera, <I>astuto,  sagaz, taimado</I> da. Erretiratuko ahal dute laster datorren bertsio berrituan. Edo ea aldatzen duten esanez orain agintari oportunistei deitzen zaiela horrela.

Generoa

Kamiozalea joan da fabrika batera, hustu du zeraman karga, hartu du berria… Jostuna galtzerdi baten orpoa errepasatzen ari da… Agintariak hiritarrei zuzendutako diskurtsoan… Ez dut esan kamiozalearen, jostunaren, agintariaren generoa: imajinatu duzun kamioizalea gizonezkoa baldin bada, irudia ez duzu zure hizkuntzak emana, marjinazio sekulako batek egositako konbentzioek baizik.

Egun batez, kontatzen du Imre Kértesz nobelagileak, irakurle aleman batek galdetu omen zion nola idatz zitezkeen maitasun nobelak hungarieraz, hizkuntza hartan genero bakarra baitago, ez baitira maskulinoa eta femeninoa desberdintzen. Euskaraz ere paretsu. Baina hori eragozpen bat da —maitasun istorioak kontatzeko bezala beste zernahitarako ere— ala abantaila?

Zergatik ez mundu ikuskera propio baten ezaugarrietako bat, zergatik ez sormenaren akuilu eta pagotxa, izan ordez generoa duten hizkuntzenganako morrontzak sentiarazitako ahulezia?

Permalink-a Erantzun 1

Mihia haginean

Ez zituela errusieraz mintzatzen diren ukrainarrak abandonatuko, hori esan zuen Putinek orain egun batzuk, Ukrainako krisia bizitzen ari den etapa berriaren atarian. Ez zuen lur puska bat aipatu, ez zuen Krimea errebindikatu, ez zuen Errusiak lurralde hartan lituzkeen eskubide historikoez hitz egin. Lurraren lehia aipatu ordez, hizkuntzaren deia, lurrarena baino are telurikoagoa, baliatu zuen. Eta eskubide baten babesa ere errebindikatu zuen presidente errusiarrak: Errusiako mugak baino haratagoko errusiera-hiztunak babesteko eskubidea.

Putinek, abila da, haginak min ematen dion lurraldea aipatu gabe, han pausatu zuen mihia. Baina ahoa ere zabaldu zion aukera (oraingoz) hipotetiko bati: hizkuntza baten inplantazioaren araberako eskubideen nazioarteko legediari. Polita ematen du. Baina babesa izango luketenak hizkuntza hegemonikoak lirateke beti, ukrainera edo tartarera —Ukrainako hirugarren hizkuntza— bezalakoen kaltetan.

Permalink-a 4 erantzun

Ama, amaorde

Jhumpa Lahirik, Lur ezohikoa ipuin-bilduma arrakastatsuaren egileak, ingelesez idazten du; semeaz erditu zenean, bengalieraz mintzatu zitzaion; orain ingelesez egiten dio. “Ingelesa amaorde bat da niretzat”, esan du bere azken nobelaren promozioan.

Ama, amaorde, inude, maistra/maisu, adopzioko ama, ume-lapurra, plangintza politikoa, hizkuntza hegemonikoen itzal luzea, lan-diru-arrakasta hirukotea, globalizazioa…
Hiztun bakoitzak harreman identitario propioa du bere lehen hizkuntzarekin, inguruan dituenekin: gehiago gara bizitzea tokatu zaigun garaiarenak, amarenak baino. Hizkuntza auzietan er baie. Amaren zilbor-hesteaz besteko lotura batzuk ere baditu gaurko hiztunak: egiten duguna, ia tititik hasi eta gure eguneroko taka-takan, gero eta gutxiago da, zentzu betean, ama hizkuntza.

Ama hizkuntza, zilbor-heste. Nola, ordea, eta zeinekin, zergatik eta zertarako… Globalizazioan gu izaten segitzeko galderak dira.

Permalink-a 2 erantzun

Mihia aske

Gogoan izatekoa Elías Canettirena: Londresen pasatu zuen gerra, alemanen kontrako tenkaren bihotzean, inor alemanez entzute hutsa susmagarri zen garai zailetan. Canettik ere ez zituen naziak maite, baina bai hizkuntza alemana. Eta alemanari eskaintzen zion bere sormenaren bulkada guztia. Etsaien hizkuntza bera egitea zen bere gerra, baina hura zaintzeko, huraxe gordetzeko bere: nazien ahotan zikin zena, bere idazkietan izan zedila ahalik garbien. Estuasunak estuasun, ez naziek ez exilioak kenduko zioten hizkuntza.

Esperientzia horren bihotzetik, urteak eman zituen zehazten eta ontzen txikitan hainbat hizkuntzakin izandako harremanen oroitzapenak. Testigantza hartatik jaiotako liburu ederraren euskal itzulpena kalean da egunotan, Mihia aske izenarekin. Etxeberri Sarakoak Etxeberri Ziburukoarengatik esandakoa zuzen aproposa du euskarak Elias Canettiri ongi etorria emateko:

“Mihia libre eta sufle du eta ausartki mintzo da”.

Permalink-a 4 erantzun

Nerabea altxorraren islarantz

Egun batetik bestera, gurasoak ohartzen dira umea aldatu egin zaiela. Gero eta autonomoagoa da; gurasoek zer esan, berak justu kontrakoa egiten du; sarriak ditu kolpeko haserrealdiak; lagunei bihotza zabaltzen dien determinazio berarekin ixten die gurasoei; sekretuak ditu, mesfidati bihurtu da, gurasoen intromisio bakoitza etxeko elkarbizitza zilipurdikatzerainoko casus belli bat bihurtzen du. Brastakoan, gurasoak eta jada gaztetxo egin dena arrotz sentitzen dira elkarrenganako. Petral hori al da orain artean ezti bitsetan eduki gaituen umea?, diote gurasoek. Buruximur horiek al dira hainbeste miresten nituen gurasoak?, dio nerabeak. Gurasoek ez dakite nola adierazi gertatzen ari zaiena. Nerabeak ere ez; baina baleki ere, ez lieke bihotza zabalduko.

Aita hiltzen zaion egun berean hasten du Jim Hawkinsek, Stevensonen Altxor Uhartea nobelako protagonistak, bere abentura. Ez da kasualitatea. Aita bizirik, ez zukeen itsasoko bidea hartuko, altxorraren misterioa argitzen saiatzeko aukerarik izango. Aita hiltzearena har bedi metafora gisa: nerabeak bere autonomia eraikiko badu, aitarenaren gainetik edo kontra eginez saiatuko da. Ordurako deskubritzen hasita dago kalea, lagunen, koadrilaren eremua. Sexu propioa eta besteena. Alkohola eta haratagokoak. Guztiak ere, helduen mundukoak. Asteburuak borroka ekaitzez beteak dira gurasoentzat, konkista txiki eta handien plaza nerabearentzat: ordutegia, paga, janzkera berriak, gurasoen gustukoak ez diren ohiturak. Ordu arte gurasoek dena zekiten umearen ibilerez. Pixkanaka, gero eta gutxiago jakingo dute, eta jakingo duten apurra zeharka izango da: beste gurasoren batek esandakoarengatik, alkandorako porro usaiarengatik, whasapparen bidez jasotzen dituen dei ugariek eragindako susmoengatik. Bitartean, nerabea ikusten ari da kalea, gaua, deskubritzen ari den mundua gazteleraz bizi dela. Etxeak —eta, neurri batean, eskolak— egiten ez dion hizkuntza batean.

Oso bide luzea egin dut iritsi nahi nuenera heltzeko, eta heldu naizen lekua askotan ez da orain arteko lerrootan kontatu dudana bezain kolore ilunekoa. Ados. Baina mundutxo bat deskribatu nahi nuen eta nerabeekin usu gertatzen den giroa azaldu, hizkuntzaren auzia ere nerabeen autonomia-bidean kokatzeko. Adituak esaten ari zaizkigunez —eta ez espanturik gabe— nerabe euskaldun askok gero eta lehenago egiten du gaztelerara jauzi. Hamahiru urteren bueltan. Edo lehenago.

Haurtzarotik helduarora bitarteko adin zail bezain erabakiorra bizitzen ari da nerabea, inoiz biziko duen iniziazio-erriturik inportanteena. Testuinguru horretan kokatu beharko genituzke nerabearen egonezinak, isiltasun eta oihuak, autonomia-gosea. Giro horretan, halaber, kaleko hizkuntzaren deskubrimendua eta hark eragiten dion lilura ere. Jim Hawkins laster ohartu zen altxorraren islara iristeko itsasoko kodeak ikasi behar zituela, altxorraren mapa irakurtzeko ere bertako kodea dezifratu behar zuela. Gertatzen dena da Hawkinsek aurkitu eta argitu nahi zituen kode horiek etxeko hizkuntzan zeuzkala, berak zekien bakarrean: ingelesez. Nik deskribatutako nerabea, ordea, mundu elebidun batean bizi da, eta etxean euskaraz ari den bitartean, kaleak, lagunarteak, gauak, helduen munduak —altxorraren islak, altxorrak berak— gaztelaniaz egiten diote.

Bere nortasuna erabaki eta finkatzeko ekaitz bete batean bizi den nerabe batek nola egingo dio aurre horri guztiari? Nola planteatuko du —diogu— kontzientzia linguistikoa? Jim Hawkinsek hartu zuen ontziak Hispaniola zuen izena. Nire nerabea enbarkatzera doan ontziak, ordea, izena eta izana ditu gaztelaniaz. Baina euskaraz egin dezala nahi lukete gurasoek, hala nahi genuke euskara nabigatzen eta altxorraren bila ikusi nahi dugunok.

Etapa laburra da nerabezaroa, trantsiziokoa, baina inportantea oso. Alor askotan, behin betikoak izango diren pautak bideratuko ditu nerabeak. Tartean, hizkuntz hautamenari dagozkionak. Baina euskarari eusteko, urria du euskarak eskaintzen diona. Argitaletxe batzuen gazte literaturaren sailek nerabe bati eskaintzen dioten aukera urria kenduta, zer? Eskerrak gazteen munduak eta euskarak sarrera dezentea duten teknologia berrietan. Gauza bera ikusi nahi genuke euskara sustatzeko sortu zen —eta horretarako ordaintzen dugun— telebistan ere. Zer dio auziaz, zer leku eskaintzen dio euskararen sustapenean halako garrantzia duen adin-segmentu horri, non daude nerabeak erakarriko dituen programak, sailak, istorioak? Eskolari dagokionez, nago nerabezaroko estrategien talaiatik begiratu behar litzaiokeela euskararen auziari, ez aparteko fenomeno bat balitz bezala.

“Denok hartu genuen altxorraren parte eder bana”. Jim Hawkinsek nobelaren bukaeran dioena dugu eginkizun.

(Orain egun batzuk, >Diagnonisa izeneko zutabea argiratu nuenean, gaiari tratamendu luzexeagoa ematea agindu nuen. Noticias taldeko berripaperetan argiratatutako hau izan liteke agindutakoa. Baina, noski, gaia ez dago agortuta)

Diagnosia

Nerabe euskaldun peto askok gero eta lehenago egiten omen du gaztelerara jauzi. Orain gutxi arte, hamasei-hamazazpi urterekin gertatzen zena behera eta behera egiten ari omen da adin-eskalan. Hamahiru urte ingururaino. Edo are beherago.

Alkoholaren paralelismoa datorkit burura, prozesu bertsuaren bi ertzen tankera hartzen diet biei. Bi prozesuek ispilu bera dute: kaleko mundua, arriskuz betea (Ez sartu han! Ez edan! Goiz erretiratu!), baina tabuaren erakarmenarekin. Gaztelania ere bete-betean sartzen da eskema horretan: gurasoen agindua aratza da (euskaraz!), baina kalea, gaztelaniarena. Alkoholak eta gaztelaniak —bakoitzak bere gisa, baina kalean topo eta topa eginez—debekuaren lilura dute.

Helduen mundura iragan nahi duten neska-mutil batzuen iniziazio-errituaren ikuspegitik begiratuta, beste dimentsio bat hartzen du arazoak. Kezkagarria, noski, baina diagnosi zuzena da kezkak gainditzen hasteko lehen garaipena.

OHARRAK (Post scriptum)

Gaiak merezi duelakoan nago. Ea egun hauetako batean tratamendu luzexeagoa emateko gai naizen…

Eskratxea

Harrigarria Gaztelania Urgentearen Fundazioak (Fundéu) eskratxea hautatu izana urteko hitza, eta kontsiderazio urgente batzuk etorri zaizkit arrapaladan, gehienak nire izaeraren alde onberarenari isuritakoak: gaztelaniaren hegemoniak beste hizkuntzetan eragiten duen presioaren kontzientziak eragin dielako hautatuko zuten eskratxa urteko hitz; Nafarroako Gobernuak euskararekin praktikatzen duen jazarpena eta eguneroko bizitzan sufritzen duguna salatzeko; gaztelania ez diren beste hizkuntzen ikusgarritasun falta seinalatzeko…

Esango zait horiek guztiak ez direla eskratxe kontsideratu behar, zentzu zabal lausoegia eman diodala hitzari. Agian arrazoi dute eta beste hari batetik tiratuko du orain nire alde onberak: Fundéu delakoak Fundéu BBVA du izen konpletoa. Harriduraz gainera, irriño ironikoa ere eragiten du: eskratxeak egiteko hainbat motibo eman ohi dituen bankuetako bat da Fundazioaren patrozinadorea.