Leihotik leihora

Whatsappa sutan dauka beti, telefonoz bidaltzen dizkio mezu intimo guztiak, baina gero ez da hartaz hitz egiteko gai! Komunikazioaren aroak ez du harreman hurbila bermatzen!
Eta horrelakoak. Baina ur ustez geldiek bilatzen dute beren zirrikitutxoa.

San Martin egun batez, autobideak aspaldi desagerrarazitako Orioko baserri batean, bi bertsolari leihotik leihora lehian. Jendeak tripak lehertzerainoko algarak egiten ditu. Hirurogei bat urte pasatu dira bertsolaritzari buruz dudan lehen oroitzapenetik: ez dut zalantzarik zirto erotikoak zirela algaren metxa. Leiho batetik besterako jardun erotikoa iradokitzen du “Maria goikoa! Zer dun, behekoa?” elkarrizketa errimatuak ere. Bietako bati senarra etorri zaio, gaur ez da iturrira joango. Zer egingo duten etxean? Hartu leihotik leihorako elkarrizketa guztia, xuri eta gorri eta kikiriki kolofoiarekin, klabe erotikoan.

Gaurko leihoetan eta aspaldikoetan, antzeko libido.

OHARRAK (Post scriptum)

—Paralelismo bat egin nahi nuen sareko leihoen eta gure ahozko tradizioko lehioen artean, baina ustean nago oso lauso geratu dela asmoa. Hala bada, ea hurrengo batean…

—Iturria: irudiak jario erotikoa nabarmena duela, zalantzarik ez. Baina iturriak badu beste elementu bat gutxi aipatzen dena: emakumeen enkontrugune fisikoarena. Iturrian elkartzen ziren, lisiba egiteko eta beren konfidentzietarako. Orain hamar bat urte, Zarauzko ONG batek aditu batzuk bidali zituen Ekuadorrera hango herri batzuetako plazan ura ateratzeko, auskalo noraino ur bila joan beharrik gabe. Emakume batzuk ez omen daude oso pozik: iturriko jarduna omen zuten beren arteko solasetarako aukera bakarra.

Permalink-a Erantzun 1

‘Ixa xuxen’

Hogeita bost urte xuxen edo, gutxienez, ixa xuxen idatzi behar genuela tematu zirenetik: ez dute meritu makala guztiz despejatu ezin dugun xuxen idaztearen ixa inkognita argitzeko tema.

Baina gaizki hasi naiz: despejatuk Xuxenen txibato gorria piztu dit. Txibatok ere bai. Honaino heldu haiz, amigo!

Ez ditut zuzenduko. Eskola zaharreko honek gaztelaniaz ikasi zuen inkognitak despejatzen —ahaztu ere bai hizkuntzen beharrik gabe— eta zaharrez nagi naiz inkognitak askatu egiten direla ikasten hasteko. Txibato hitzari dagokionez, oso erro gaizto bihurriak hartuak ditu gure hizkeran, hain erraz baztertzeko. Biak gordeko ditut, bada. Nire aukera da. Xuxenek abisua eman dit. Eta askatasuna. Erratuko banintz, kulpa ez luke, Axularren hartan bezala, Xuxenek, baldarrontzi honek baizik.

Ixa xuxen ibiltzeko makuluak eutsiko ahal dio beste hogeita bost urtez bideari eta bertan topa dezala Euskalerria Irratia albistea eman dezan.

OHARRAK (Post scriptum)

Xuxen ez da, jakina, Ixak hogeita bost urteetan egindako lan bakarra (Ixarik gabe, euskarak ez luke gaur duen tokia informatikaren plazan) baina Xuxen da Ixaren bandera ontzia, edo niri hala iruditzen zait behintzat. Orain hamar urte zutabe honekin hasi nintzenetik Xuxenekin bizi izan dudan harreman sentimentalarengatik izango da.

Kontra-etiketatik

Bere senean dagoen inork ez du zalantzan jarriko sareak munduari ekarri dion onura. Babel mugarik gabea txiki utzi duen unibertso are mugagabeago bat sortu da (sortu dugu) oso denbora laburrean eta ia oharkabean. Denetik dago, denetik aurki daiteke bertan. Baita kritika latzak, gustu txarreko komentarioak, inoren kontrako isekak eta laidoak ere, askotan anonimotasun koldarrenenarekin babestuak. Onurak txalotzen baditugu ere, kezka da nola arriskuak eta galerak saihestu. Baina ez da auzi erraza. Google irabazle irten da

Etena

Lagun artean, telebistan agertu berri den lehendakarigaiak zenbat urte ote dituen. Taldeko batek bere I-phonea atera du eta datuaren bila hasi da. Bitartean, ordea, taldea beste gai batera pasatu da, agian delako lehendakarigaiak euskarari buruz duen jarreraz mintzatzera. Handik laster, ordea, I-phonea atera duenak eztabaida hondatu du lehendakarigaiaren adina kantatuz: berrogeita hamaika urte!

Txantxak txantxa: gure zerebro xaharrak protagonismoa galdu du, gailuek hartu dute, neurri batean beintzat, gure jardun askoren dinamika. Zer jakin nahi dugun, momentuan daukagu erantzuna. Ez da txarra. Internetik gabe ez genuke jakingo zer egin. Baina kontua da teknologia berriei esker askotan datua, xehetasun txorrotxa eta anekdota nagusitzen zaizkiola diskurtsoari, osotasunari. Neuk ere maite ditut trepeta berriak, baina

Etorkizuna

Orain arte ikusi ez nuen trepeta elektroniko bat dauka lagunak eskuan. Eta horrek zertarako balio du?, galdetu diot. Lagunak ez badaki, ez daki inguruko inork. Trepeta erakutsi dit, hatz puntari eragin dio, irudiak pasatu dira abiada bizian, une hartantxe gertatzen ari den munduko albiste inportanteena ezagutu dugu, inoiz praktikatuko ez dudan jolas distiratsu baten nondik norakoak esplikatu dizkit

Aspertzeko eskubidea

Eric Emerson Schmidt. Horrela esanda, izenak ez dizu beharbada askorik izango. Google enpresaren presidentea eta zuzendari nagusia izan da urtetan. Orain egun batzuk, karguari utzi dio. Agur esaterakoan, iPadek, smartphonek edo cloud computing bezalako sistemek ekarriko dizkiguten aurrerapenak aipatu zituen: hemendik aurrera, ezinezkoa izango omen da ezer ahaztea, inon galtzea, aspertzea.

Horiek entzunda, txaloka hasi nintzen ni, konturatu nintzen arte ezer ahaztu ezinik bizitzea ez dela lehendabiziko kolpean ematen duen bezalako pagotxa; bestalde, giza izaeraren oinarri-oinarrian dago galtzearen eskarmentua, bizitzaren zangetan galduz ikasten baitugu geure buruak aurkitzen; aspertzen jakitea ere ez da batere mauka txarra denbora bete eta bete eta bete egiten dugun honetan