Izua hemen

Hitzen baten bila bazabiltza, nahierako nahi adina hiztegi daukazu sarean. Zerbaiti buruzko informazio fidagarria (?) nahi baduzu, Wikipediara jotzen duzu. Idazten ari zarenak okerren bat egin orduko, hor hasten zaizu Xuxen abisu gorriak ematen. Zernahitarako egarria asetzen dizun iturria da Internet. Baina egunen batean, “Internet erori egingo da eta izuzko uholdeak biziko ditugu”, iragarri berri du Dan Denett filosofoak. Momentu apokaliptiko hartan, Ebanjelioak salbatuko ez direnei iragarritako “negarra eta hortz-karraskak” entzungo dira, eta lehendabiziko paniko-egunak gainditzeko gai bazara, ez duzu beste erremediorik izango: entziklopedia zaharretara jo nahiko duzu, hiztegi horizkatuen bila hasiko zara, aspaldiko urtetan ukitu ere egin ez duen gramatika betikoa beharko duzu, baina, ai tamalaren lorra!, damu eternoa etorriko zaizu bi sosetan saldu zizkiolako bigarren-eskuko liburuen tratulari bati.

Amen!

Esaten ari dena ez dator bat pentsatzen ari denarekin; eta egiten ari dena esaten ari denaren guztiz kontrakoa da. Nola deitzen zaio halako bati? Zeuk erabaki, ez zaizu adibiderik falta, halakoen fauna-bilduma ederra erakusten ari dira egunotako hedabideak.

Trantsizioaren aita, aitaponte, Cid Kanpeadore eta nik ahal dakit zer gehiago deitu dioten. Trantsizioak ekarri zuen gauzarik deigarriena antolaketa autonomikoa izan omen da (laster, denentzat kafea formularekin indargabetu zuten gosari-lege huraxe), baina Estatu-mota hura ekarri zuena aho betez eta triunfalki goratzen ari diren horiexen eguneroko lana da Estatu-mota hura argaltzea, aitzakiak bilatzea hemendik pixka bat eta handik puska bat kentzeko. Zentralismora itzultzea, hitz bitan esateko.

Lurperatze lanetan zebiltzala, Avilako katedralean bat baino gehiago ari zen, seguru nago, amen! esan, eta Suarezek egindakoak ere nola lurperatu pentsatzen.

Politikosfera

Irakurtzen dituzu egunkariak, entzuten eta ikusten dituzu albistegiak, eta ohartzen zara albiste askok ez duela zer ikusirik zure eguneroko martxarekin; zure gaurko kezkekin eta biharko zereginekin. Autoa matxuratu zaizu eta berandu iritsiko zara hitzordura. Umeak sukarra du, bihar ezingo haurtzaindegira eraman eta nori utziko diozu, lanera joango bazara? Hedabideek deskribatutako mundua eta zuk bizi duzuna paralekoak omen Ederto. Baina sekula bat ez egitea da paraleloen muina.

Ona da Rubalcabak lehengo batean Rajoyri galdetzen ziona: ze mundutan bizi haiz hi? Zinez ona, bai. Txaloak. Baina primerakoa Rubalcabari berari botatzeko ere: ze mundutan bizi haiz, txo? Ze mundutan bizi zarete, ze lotura daukazue mundutarron bizipen eta kezkekin?

Ze mundutan? Hedabideek ere Rubalcabaren galderak irudikatutako esfera (burbuila) politiko horixe dute arnasgune nagusi. Politikosferatik kanpo ez balego bezala airerik…

Permalink-a Erantzun 1

‘Ring’-ean

Garai bateko irrati-telebistetako elkarrizketetan, solaskide biek egiten zuten zalantza: alditan, elkarriztatuak ez zekien nola erantzun kazetariaren galdera zorrotzen bati; alditan, kazetaria zen ez zekiena zer galdetu, adibidez, arrazonamendu distiratsu bat entzun ondoren. Biak agertzen ziren maila berean. Aspaldi handi honetan, ordea, ez da berehalakoan ikusten edo entzuten zalantza egingo duen kazetaririk. Eta ez dago gaizki, hori du agian bere egitekoa, baina kazetari eredu berri bat nagusitu da: inoiz zalantzarik egiten ez duearena. Batere pitzadurarik gabeko jarrera askotan harro airea erakusten du ideietan, bere galderetan… eta politikoki nondik den herren ikusten zaio.

Elkarrizketatuaren eta entzuleen arteko bitartekaria bainoago, bere publikoaren txalo bila dabilen boxeolari boteretsua ematen du halako kazetariak: ring inguruko publikoaren odol-oihuak entzunik, kontrarioa K.O. uztea du helburu.

Permalink-a 3 erantzun

Sasoi uherra

Sasoi uher, lauso, anbiguoa bizi dugu, esaten zaiguna ez da gertatzen dena, kaskoan sartu nahi zaiguna baizik, komenientzia, interesa, etekin azkarra. Esatariak ez du esan berri diguna sinesten, guk ere ez diogu sinetsi. Aspaldi ikasi genuela interpretatzen? Egia. Baina esan zaiguna jaso eta interpretatu bitartean, esandakoak bere bidea egin du hedabideetan, sarean, iritzien zurrunbiloan. Tokia hartu du, egokitu egin da, bertan goxo egin du manipulazioaren sehaskan.

Psikologia konduktistak aspaldi aztertu zuen errepikapenaren indarra. Umeak esaten badizu “aitari ikusi diyot” eta zuk erantzuten badiozu “ez da ikusi diyot esaten”, indartu duzuna “ikusi diyot” da, zuzendu nahi zena: errepikapenak akatsa indartu du eta garaile bihurtu. Hartaz, gure sasoi uher, lauso, anbiguoaren airean gelditzen dena errepikapenaren muina da, gezurra, hark esan duen azkena eta zuk errepikatu duzuna zure desadostasuna adierazteko…

Zaborrarena

Madrilen pilatutako zaborrari Werti Bruselatik iritsitako abisukoa erantsi behar zaio. Zaborrak zaborrari dei, harrigarria da zaborraren indar biderkatzailea.

Madriletik gatozen Gipuzkoara: hondakinen zaborra baino organikoagoa dute politikariek beren arteko zaborreria kudeatu ezina, herrietako harremanak kirastu eta gaiztotzerainokoa: zintzilikarioetan, organikoaren edukiontzi marroietan edo plastikozko poltsetan kabitzen ez den zabor asko dago gure baitako bazterretan. Zaborrak zaborrari dei, eta gatozen politikagintzatik kazetaritzara: berripaperen orriek badute beren edukiontzia, baina kontainer urdinetan kabitzen ez den zabor asko dario kolore bateko zein besteko paperetako tintari, sareko jarioari.

Kazetari nafar batek —ez daki euskaraz— la zaborra a la papelera! agintzen zigun informazioren bati traza gaiztoa hartu orduko. Paperontzirako bidea hartzen ez duen zabor asko ibili ohi da erredakzioetan ere.

OHARRAK (Post scriptum)

Kasualitateak batu ditu nire zutabea eta Zubietako errauste plantaren albistea. Baina hemendik astebetera edo hamar egun barru idatziko banu, seguru egongo litzatekeela zaborrarekin zerikusia duen beste gertakariren bat. Zaborra auzi da gurean, albiste asko sortzen ditu, eta kasualitatea baino areago, probabilitatea deitu beharko nioke gaurko kointzidentziari.

Globoak

Garai batean, kazetaritzak artean ospetxoa zuen aroan, albisteak ez ziren gertatzen: gertatutakoaren berri ematen zuten, gertatutako zerbaiten kontakizun ziren; ondorio eta ez iturri. Orain, beren mundutxoan burua pixkatxo bat ateratzeko politikariek propaganda-gabineteak dituztenetik, soberan daude gertakariak: aski da kazetari batek euli bati begira idatzitako prentsa-ohar bat, ezer gertatu ez den lekuan albiste bat lehertarazteko, eta, albistearekin, gertakari itxurako globo bat.

Demagun egunotakoa: sozialistek ez daukate oraindik hautagairik, ez dago garbi primariak izango dituzten ere, baina hilabateak daramatzate, hilabeteak pasatuko dituzte berek eta hedabideek aieru hutsez puztutako globo erraldoi baten inguruan. Propaganda-gabineteetako lanak aspaldi hartu zuen errealitatearen tokia: berentzat propio eraikitako errealitate-edo horretan bertan goxo eginda, politikariak nola ostri hurbilduko dira hilkorron plazara…

Elkar bazkatzen

Egungo kazetari entzutetsuek, kastako kazetari deitzen dieten horiek, punta-puntako politikariekin bazkaldu eta informazio pribilejiatua lortzen dutenek, isiltzen dutenarekin lortzen omen dute beren zakur zahar estatusa, ez esaten dutenarekin. Hala dio Manuel Jabois kazetari galiziarrak. Ez dabil oker. Kazetari askok dakien guztia kontatuko balu, makina bat politikari galduko litzateke, alderdi politiko asko joko luke kakeriak, eskandalu bat baino gehiago lehertuko litzateke bazter politikoetan. Baina dakitena kontatzea dute lanbide: zergatik gordetzen dute mingaina txuloan?

Auzia da puntako politikariek ere kontu asko dakitela kastako kazetariez: bazkariz bazkari eta konfidentziari konfidentzia, elkar bazkatzen dute, kazetariek ere politikarien erantzukizun berdintsua hartuz hainbestetan salatzen duten politikagintzaren gainbeheran, politikariek kazetarien neurri bertsuko ardura hartuz kazetaritzaren lotsan.

Sisifori izkin

Hedabideetan-eta idazten dugunontzat nahiz hedabideen jarraitzaileentzat, errealitatearen alderik neketsuena da eguneroko martxak ez duela atsedenik hartzen. Inoiz ez. Ezta udan ere, albiste gutxi ematen omen duen sasoian: guk atseden hartzen baitugu, munduaren ibilaldiak ere har dezala atseden. Alferrik, ordea. Hartan ere errealitateak uko egiten dio oporrak hartzeari: ez da falta izaten gerrarik, istripurik, eskandalurik, estimutan genuen norbaiten heriotzarik. Errealitatea ez da nekatzen, mendian gora eta mendian behera dabilen Sisifo nekagaitza da, eguneroko gertakarien harri tzarra garraiatzen.

Ez, errealitatea ez da nekatzen. Baina hedabideetan-eta errealitatea deskribatu nahian dabilena, bai, nekatzen da. Eta nekatzen da eguneroko gertakizunak arretatsu irakurtzen dituen lekuko interesatua ere.

Bada, errealitateak oporrik ematen ez digunez, norberak hartzea onena. Zuek, nik.