Mozorro dantza

Ostegun gizen, mozorro dantza, nadin odolki, betor buzkantza!

Nadin hordi Barrikan, asto zurrutero Zaldibarren, txikitero jator Baraibarren. Izan nadin atso tronpetari Elorrion, konfiteru fin Otxandion, uzker-artillero Donostian. Izan nadin izan iraultzaile Baigorrin, moderatu Urepelen, jotaketarra Jataben. Nadin nadila apustuzale Erronkarin, muslari trebe Tuteran, hordago-jole Muskitzen. Nadin eta nadin Errenterian dendari, markesaren alaba Mutrikun, sardina saltzaile Santurtzin, damatxo gazte Donazaharren, krabelina Arrosan. Nadinean nadin bisexual Amorebietan, behi susara Mugiron, asto mandako Tolosan. Izan nadila fabulatzaile Alegin, adarjole Burlatan, Txanogorritxo Otsozelain. Nadinka nadin brokerra Bankan, soldadu raso Guardian, galerista Artean, legelari zahar Foruan. Nadintxoan nadin logopeda Bokalen, dentista Ortzaizen, langile zahar Olaberrin, enterratzaile Errexilen.

Ostegun gizen, mozorro dantza!

Permalink-a 7 erantzun

HIZTEGI ETA BESTE (II)

HORTZAK JANTZI ALA JARRI?

Adinean aurrera goazenontzat ez da harritzeko ordezko hortzen premia, bizitzaren ogi gogorrari emandako horzkada ugarien ondorioz. Baina halako trepeta bat eraman beharra neketik gutxirik ez ahoarentzat, eta buru kantsazioa ere etorri zaigu asmatu ezinik hortzak jantzi egin behar ote ditugun ala jarri. Irudipena dut biak leudekeela ondo, baina ni, badaezpada ere, bereizten hasi naiz: dotoreziaren protokoloak hala aginduta, nonbait txukun agertzeko bada, jantzi egiten ditut hortzordeok; okelari edo zerbait gogorrari ekiteko baldin bada, jarri esaten ikasi dut.

Horrela, behintzat, trepeta gogaikarriak gozamen pittin ematen dit hitzen mahaian.

JAUN TA JALE

Jaun ta jaberen aldagai logikoa.
Ikus Georges Grosz-en marrazki honetan:

Baina gerra galdu eta sardina zahar tristerik gabe geldituko balira, jaun ta gabe.

HUSKI, UZKI

Hutsaren hondakinak huskiak edo huskinak omen. Gosetuak, huskiak uzkitik…

KARPANTA

Nire belaunaldiko komiki zaleok karpanta gosearekin lotzen dugu. Euskaraz, ordea, karpanta bat emakume lotsagabea omen.

Aforismoak eta beste (III)

Etsietsi.
Orotarikoak etsiren bigarren adieran dio izen, adjektibo edo adizlagun baten atzean etsi jartzen bada, askietsi, askoetsi, ederretsi, jauretsi, onetsi, hautetsi, handietsi, hiletsi bezalako hitz politak sortzen direla, eta kontsideratu ondoren gero eta jende etsi gehiago dabilela bazterretan, pentsatzen hasi naiz ea gure ondorengoek ez ote duten gure garaia etsietsiko…

Bat, bi, hiru, lau, bost
BATasuna BIderatzeko (H)IRUdi LAUena BOSTekoa ematea da.

Hazia botata.
Atzo arratsaldean, sekulako auto-festa zebilen ikastolaren inguruan, autobusetako zaintzaileen huelgaren eraginez. Nire ondoan zen emakume batek:
—Hazia botata baino automobil gehiago dabil gaur.

Igerri/Egarri
Tabernariak laster igerri dio egarri dela.

Konparazione bat
Ile bat goitik behera erdibitzea baino kontu zailagoa da denen gustua egitea.

Besterik ezean
Besterik ezean, baba beltzak eltzean.

Hitzaren emaginak

Badaude existitzen ez diren hitzak existitu zain: deskribatuko lituzketen errealitateak ezagutuko genituzke. Orain hirurehun urte sortua da nostalgia: Hofer izeneko soldaduak hitza asmatu aurretik jendeak sentituko zuen geroago Nemesio Etxanizek urruti-mina deitu ziona, baina Hoferrek sortu arte ez zuen izenik. Badira ahanzturaren ganbaratik errekuperatzen diren hitzak, halako bat da Orixek ganbarako kutxa haustu batetik ateratako satsukeria. Badaude hitzak berriak sortzeko ispilu direnak: gogotxartuk odoltxartu, ostitxartu, potrotxartu bezalakoak eman ditzake. Badira jolas gisa jaiotzen diren hitz berriak: sinonimoen menturazko lotura baliatuz sortua da solasjaipausa. Badira hitz ezagunak beren adiera zaharra ezagututakoan (kaskabiloa, edo galburuaren xakutoa) esanahi berria ulertzen laguntzen digutenak…

Hitz berriak, hitz zahar berrituak, noiz jaioko dauden hitzak, errealitate ezkutuen emaginak.

OHARRAK (Post scriptum)

—Hitz berrien artean nostalgia ekarri dut adibide. Oso ezaguna da hitzaren nondik norakoa, sentimenduen mundua du eremu. Ekar nitzakeen adibide hurbilagoak ere. Ikastolarik ez zen garaian hitz sortu berriak egoera berri bat islatu zuen, zer emango zuen jakin gabe. Zer esan euskaldun berri espresioak ekarri zuenaz? Euskararen munduarekin zerikusia duen hitz asko eta gaur guztiz arruntak egiten zaizkigunak —euskalki, euskaltegi, Euskaltzaindia bera— berriak dira, eta, halaber, egoera berri bat deskribatzen laguntzen dutenak.
Munduaren emaginak deitu nahi nion zutabeari, baina luzeegia zen dauzkagun neurritarako.

Aforismoak eta… (II)

—Zientziaren hizkera zuzen zehatza iritsi ezin daitekeen tokietara heltzen dira metaforak, paradoxak, kointzidentziak, hitz jokoak.

—Abila zen hizkuntzaren baliabideak behartzen, harik eta, koska bat estuago eginik, hainbeste maite zuen hizkuntza zintzurra guztiz estututa ito zuen arte.

—Sistemaren bat asmatu beharko dugu sistemaren atzaparretatik askatzeko.

—Azarra da arraza.

—Hagoan egon: hil ala bizian egon.
Hizkuntza ahoan bageneuka, ez legoke hagoan.

—Bertan goxo atsegina bertan nagi bihurtzen du errutinak.

Permalink-a

Hiztegi eta beste (I)

Eroloka.- Oilalokaren ispiluan sortua. Eroa, bai, baina buruan haize asko duena, alaia, poz banatzailea, festetarako lagun aproposa. Marijai bat aukera-aukerakoa. Orotarikoak ez dakar.

Igualean. Aukeran. Igualean, nahiago xanpaina. Zarautzen taberna bat daukan Aiar tabernari batek zein mahaitan jarri erabaki ezinik dagoen bezero talde bati esana: Igualen, hobeto egongo zarete toldopen. Orotarikoak badakar.

Aidura. Haize atsegina. Aidura ederrean pasatu genuen arratsaldea, atariko lizarraren azpian. Ez nahastu ahidurarekin. Orotarikoak ez dakar.

Zahartzen eta zakartzen. Biologiak askotan dakarrena bi hitzen hoskidetzak baiesten du.

Kamusada. Dezepzioaren sinonimoa. Eta, egia osoa esateko, asko dezepzionatzen gaitu edo kamusatzen ahazturaren ganbaran edukitzeak. Orotarikoak badakar.

Zendubete. Euskal hitz peto-petoa ematen du, baina, izatez, nik dakidala, ez da. El conde Lucanor ipuin sortan ageri den ekialdeko printze kontseilari baten izena da. Norbait hilda eta ondo hilda dagoela ziurtatzeko hitz egokia litzateke euskaraz. Ez diote autopsiarik egin beharirk izan zendubetea zegoela ikusteko.

Permalink-a

Aforismoak eta… (I)

—Etorkizuna ez da inoiz opari bat, konkista edo porrota baizik.

—Urlia Uria, Sandia Saldias, Berendia Beremendia.

—Abezeari abedea deitzen zitzaionekoa.

—Anaia Handiak zenbat gauza ote daki gutaz guk ez dakiguna!

—Maisuak buruz ikastera behartu ninduen poema goratsua. Ez zait ahaztu. Ez dit ezer esaten.

—Gerrari bakea deitu izan bagenio ere, hildakoak milaka.

‘Inpultsua’

Aspaldi ttipian hots ugari ibilli dabil airean erremolinoka, erranka esanez euskara batu-bantu santua aldaretik jaitsi barik barikua bizitzen seiutuko deula kristau txintxoen morun, aitzinerat atera guranahi deun gure pan-lingua benedikatuagaz. Bada eta really, proposa dezagun apropoz eta oso seriamente, Babelgo babuak izateari itxita alegiya —eta egun arte exibitu dugun diziplina itsu itsusirik gabe—, gizaki eta emazteki oro guzti denen gustu eta gisako gisatu perfomantiko bat, errex prantatzeko mouko mokadua eta euneoko premiyak assez bastante xamar alimentatzeko neurriya eta xanidadea eukiko dituna, bakoitzari askatasun librea emanez ahora eamateko norbeari deritzaizkiokeenak batbederaren senak erraten diotson era prehistorikoenean, eta atzea in ber baldin bá hogoi urtez edo haboro atzeago, in daigun atzea, gure nazioaren ondran eta alabantzan, porque, colegos y colegas, cuesta abajo se vive mejor, goodbye, amen.

Altzoa

Bizitza ulertzen, bizitza bizitzen laguntzeko pilula labur zorrotzak dira aforismoak. Filosofia-dosi konprimituak. Twitter-ek eta aire berria ekarri diote generoari, liburugintzan ere arrakasta dute aforismo-bildumek. Zerbaitegatik izango da: gorputzak Ibuprofeno bezalakoak eskertzen dituen bezala, espirituari ere on zaio laguntza, pilulatan emana badarik ere. Nik, behintzat, kontsumituko nituzke Aresti edo Mitxelena bezalakoen testuetatik ateratako pilula labur esanguratsuen bildumatxoak, bizitzaren patrikan eramateko.

Igandean horiek eta horrelakoak nituen buruan, telebistaren aurrean. Zer dira erremate asko, ez badira aforismoak?, nerabilen kabutan. Eta amesten ari nintzelarik bertsolaritzaren historiako erremate ederrenen, aforismo zorrotzenen bilduma bat, Juanito Dorronsorok doinuekin egin duen antzeko lan bat, Maialen Lujanbio aforismo eder batekin irten zitzaidan bidera:

“Altzoa da helduok dugun sehaska”.

Batuaren zoriz eta zoriaz

Xabier Euskitzeren joan zen igandeko zutabearen haritik nator. Bertan, eta besteak beste, galdetzen zuen euskara batuak zergatik izan duen hainbeste prestigio-galera azken urteetan. Galderak merezi du debatea, baina debateak ertz asko ditu, eta nork nondik begiratzen dion, zalantzarik ez askorako ematen duela; eta, batez ere, zalantzarik ez debateak berebiziko munta lukeela.

Lehenik eta behin, nekez uka daitezke batuaren onurak. Onura nagusia, zernahitarako balio izatea. Umorea egiteko, medikuarekin mintzatzeko, sedukzitzeko, bertsotarako, txakurrarekin hitz egiteko. Euskara bera da, jakina, umorea egiteko, medikuarekin mintzatzeko, sedukzitzeko, bertsotarako, txakurrarekin hitz egiteko balio duena, eta batua, nik dakidala, euskara da. Kalean nabilenean lagunekin basoerdi pare bat hartzen, batuan jarduten dut herri euskaran jardunez, biak osagarri ditut eta ez ezkonezin. Idazle lagunekin, kaleko euskaratik pixka bat urruntzen den erregistro batean jarduten dut, beti batuan. Han-hemen, eta, nik dakidala, beti, batuan aritzen naiz. Amaginarrebarekin bezala Piarres Xarritonekin. Euskara batuan ari naiz askotan kontatzen dudan pasadizo bateko tipoak “berorrek nahi baezu atsalden etorriko yau!” esaten duenean ere, esaldi hori sartzen dudan testuingurua euskara batuan adierazia dagoelako. Batuan dago irakurtzen ari zaren hauxe ere.

Gertatzen da batuak posible egiten dituela hizketarako egokiera guztiak —non, norekin, noiz eta zein girotan, zertan eta zertarako, euskalkiak, jergak, haul hizkela, zapo-erdara, gasolina hartzerakoan mintzatzen zaigun neskaren ahots eta mezu metalizatu artifiziala…—.

Dioenak euskara batuak ez duela umorea egiteko balio, batuaren ahuleziak bainoago, bereak jartzen ditu popa bistan. Eta hori ez ulertzeak popaire jartzen du uztai-belarra bezala errotu eta hedatu den aurreiritzi bat, oso kaltegarri gaiztoa: euskara batu bat eta bakarra dagoela. Eredu bakar baten hazi eta emaitza dela batua. Baina horrela ulertutako —eta praktikatutako— batua gotorleku bat da, euskalki eta hizkera desberdinen arteko lingua franca bat kasurik onenean, jerga elitista bat txarrenean.

Egin dugun akatsik handiena? Zurrunegi jokatu izana, euskara batua malgutasunik gabeko mortura desterratuz. Umeek zerbaitegatik hitz egiten dute serio-serio eta batua imitatuz errespetu handiko —beldurrezko— pertsonaia bat errepresentatzerakoan. Estu eta zorrotzegi jardun izana dugu akats, batuak bide bat eta uniformea balu bezala: gure jardun batuaren arnasa kolore bakarreko formaltasunaren gorbatarekin estutu dugu eta kortsearekin mugatu; etxeko zapatilekin joan gara mendira eta mendiko botekin sartu gara amorantearen ohean.

Erantzukizuna nork duen? Polifemo ziklopeak Ulisesi galdetu zionean nola zuen izena, Outis (Inor ez), erantzun zion Ulisesek. Bere izena eman izan balio, galdua zen. Ez da erantzuleak bilatzen hasteko asunto bat, eta esango banu errudunak garela denok eta inor ez, Ulisesena egiten ariko nintzateke. Aukeran nahiago dut esatea batzuek erantzukizun handiagoa dutela/dugula beste batzuek baino. Idazlea naizen aldetik, hona nire pertzepzioa: beharrezkoa baikenuen batua aurrera ateratzea, esaneko soldadu bihurtu ginen. Soldadu uniformatuak: aholkua legetzat hartzen genuen; zurruntasunaren defentsak kanpoko eta barruko erosioetatik libratuko gintuela sinesten genuen; zuzentasunari —arauari— buruzko hausnarketa asko egiten genuen, baina adierazkortasunaren —askatasunaren— praktika gutxi bideratzen. Formaltasunaren hotzak lehia irabazi zion freskotasunari.

Batua esankortasunaren didaktika falta larrian dago. Badakit diodana eskematikoegia dela, baina debaterako onuragarriagoa izan daitekeelakoan, zizpuru batekin uzten zaituztet:

Ai, ederra zoria, euskara askotarikoa, ugaria, noranahikoa mintzatuko balute gure ahoek!

(Atzo, igandea, Noticias taldeko egunkiarietan argitaratua).