Beraiek jakin gabe

Joan den asteburuan Noticias taldeko egunkariek euskal itzulegintzari buruzko nire artikulu bat argitaratu dute. Itzulpengintzak guretzat duen garrantziaz da. Jokatzen ari garenari buruz zein gutxi dakien jendeak.

Euskaraz ekin nion artikuluari, baina laster gaztelaniara pasatu nintzen. Uste dut —nahiz eta gero eta eszeptikoagoa naizen— ona dela gure arazo, kezka eta lorpenen berri gaztelaniaz ere ematea. Ez dakit. Etsipenaren kartak iristen zaizkit beti…

Liberala

Liberal hitzak ez du prentsa onik, arriskutsua da. Tentu mingaina erre eta kontuz bazterrak nahastu, gauza bat adieraz dezake-eta esparru jakin batean, arras desberdinen bat beste eremuren batean. Gaur egun hitzak zernahitarako balio dezake. Baita irain gisa ere. Politikak eta ekonomiak aspaldi lokaztu zuten jatorrizko esanahia, eta ditxosozko hitza galtzen joan da garai bateko adiera positiboa.

Baina erreka zikinen iturri garbira jotzen badugu, hitzak oso ederra du han-hemengo hizkuntzetako hiztegiek ematen dioten lehen adiera: eskuzabala, eman onekoa. Pentsamenduz nahiz egintzetan eskuzabala denari deitzen zaio liberala. Hurkoaren askatasuna errespetatuz, berea sendotzen duenari.

Hitzaren adiera jatorrizkoak ezin zuzenago definitzen du Jean Haritschelharren izaera: eskuzabaltasunezko liberaltasun hori zuen Haritschelharrek munduan izateko modua, kultura ulertzekoa, harremanak zaintzekoa.

OHARRAK (Post scriptum)

Haritschelhar ala Haritxelar? Akademikoak Haritschelhar sinatzen zuen, eta egunotan berari buruz mintzatu garen askok berak zerabilena erabili dugu. Beste batzuek, tartean berripaper honek, Haritxelar erabili du. Hala da euskara batuan, baina ez da berak zerabilena errespetatu behar?

Nire hautua garbi dago nire zutabean.

Atsedentxoa

Atsedentxoa eman digute, atsedentxoa aprobetxatzera goaz egun batzuetarako Madrilera. Erakusketa batzuk, antzerki pare bat, liburu-dendak, eta, eguraldiak laguntzen badu, terrazetan irakurtzeaz gainera, paseatu, paseatu

Olagarrotan

Arraldeko arrantzan ibili ez denak nekez imajina dezake zer nolako angustia sentitzen den olagarro bat harrapatu eta haren zortzi erroak besora itsasten zaizkizunean, ezin askaturiko besarkada estuan. Ezin duzu animalia gainetik kendu, odola xurgatzen ari zaizula iruditzen zaizu, harik eta haren burua zure ahora eraman eta buru azpian daukan hagin bakarra hortzekin erauztea lortzen duzun arte. Orduan, olagarroak, hil zorian, zortzi erroak askatzen ditu nagi-nagi, eta besoa guztiz libre sentitzen duzu.

Nerabetako komiki eta pelikularen batean ikusten zenuenean ontzi tzar bat olagarro erraldoi baten zortzi erro luzeek kateatuta, oso ondo ulertzen zenuen

Mimosa

Urtarrilean sortzen da gehienetan, otsailean ere bai batzuetan, eta sortu ahala anaiak mimosaren adartxo bana banatzen digu senideoi, urte on baten atari gisa. Aurten, ordea, mimosa aurreratu egin baita, anaia ere aurreratu egin zaigu bere urteroko opariarekin: Gabon Zahar goizez mimosa-adar eder bat besoetan zuela egin zigun bisita, eta eztiaren usain sarkorra oroitarazten duen lurrin gozo trinkoz gainezkatu zitzaigun etxea.

Ukitzen duzunean, hostoa uzkurtu egiten zaio eta ahul itxura hartzen du, lotsatu egin balitz bezala. Etsaiengandik babesteko bere estrategia da. Izena latinezko mimus (mimo antzerki-mota) hitzetik datorkio: mimoak bezala, mimosak ere isilean eta keinu hutsekin agertzen ditu sentimenduak. Ingelesez, aldiz, sensitive plant (landare sentibera) edo touch-me-not (ez ni ukitu) deitzen zaio.

Bihoazkizue urte berriarekin mimosaren usainak ekarritako jakingarri delikatuok.

Aurki arte

Jiratu eta zure lanaren espazioari begiratu diozu, azken begiraldia eman diozu zure mahaiari, zure makinari, zure erremintari. Agur, konpai, aurki arte. Merezitako opor batzuk hartzera zoaz. Baina zure mahaiari, zure makinari, zure erremintari begiratzeko modua ez da beste urteetan bezalakoa izan. Garai batean, bazenekien itzuliko zinela, bazenekien hor izango zenituela mahaia, makina edo erreminta zure zain. Orain, garai bateko segurtasun hura sentitu nahi zenuke, sinistu egin nahi zenuke oporren ostean ere lanaren espazioa eta lanabesa hor izango dituzula zure zain. Baina ez, ez duzu segurtasun hura, eta, gainera, etorkizunari buruzko korromioan pasatuko dituzu oporrak, hori ere ondo dakizun kontua da, gogoan dituzu-eta, ondo gogoan ere, denbora luzez lanik gabe

Notak

Hamasei bat urteko bi neska-mutil sartu dira autobusean. Neska negarrez ari da. Pena ematen du, baina ingurukooi eragiten digun pena baino lazgarriagoa izango du berak, horrelako zotinak egiteko. Aldian behin, atzeraka eragiten dio aurpegian behera eroritako ile beltzari. Ez zaio askorik ulertzen, baina azterketaren batean huts egin izana du, nonbait, mindura. Ondo ikasita zeukala galdetu diotena, baina urduri jarri dela. Ez dagoela eskubiderik, ezin dela urte osoko lana karta bakar batera jokatu. Mutilak nahiko etsita begiratzen dio. Halako batean, neska kontsolatzeko premian sentitu da. Lasaitzeko, egoteko notak jakinarazi arte.

Oportxoak

Kanpora noa, oportxo batzuk hartuta, astelehena arte. Ez dakit sorotxo hau egunero zaintzeko aukera izango dudan.Saiatuko naiz, baina nork daki. Baina astelehenetik aurrera, ezer okerrik ez bada behintzat, berriro hemen.