Izen bila

Fabrice del Dongo, Parmako kartusia nobelako pertsonaia nagusia, soldadu da bataila batean. Kanoikaden eta eztanden artean dabil, egoera lazgarri baten lekuko da, baina haren begiek ez dute hurbilekoa baino ikusten: soldadua nekez ohart daiteke batailak daukan garrantziaz. Bizitzen ari denak ez du artean izenik, Fabricek ez daki laster Waterlooko bataila deituko diotela protagonizatzen-edo ari den gertakari historikoari. Joan zen mende hasierako krisi ekonomiko latza bizitzen ari zirenek ez zuten ezagutzen deskalabru hark hartuko zuen izena, ez zekiten 29ko krackaren biktimak zirela. Nire belaunaldikook bizi izandako 68ko Maiatza edo Trantsizioa orain izen huts dira; edukia

Irribarrea

Goizeko bederatziak dira, huskeria batek anbulatoriora eraman nau. Bidean, neska bat ikusi dut, abandonuaren traza guztiarekin. Haren ibileraren zabuak berrogeitaka urte iradokitzen baditu ere, haren aurpegiak dezentez gazteagoa dela erakusten du. Berak ere nigan erreparatu duela iruditu zait, irribarre egin baitit momentu batez, ezagutu banindu bezalako irribarre fidabera bat. Baina laster makurtu du begirada. Metadona hartzetik ote datorren pasatu zait burutik. Hortik irribarrea. Kontsultan sartu orduko, bertara eraman nauen huskeriak hartu dit ardura guztia. Bat-batean, ordea, medikua nire huskeriaz ari zitzaidala, irribarrearen izen-deiturak etorri zaizkit, ziztada baten modura, gogora. Ikasle izan nuen orain urte dezente, pertsona gutxiri ezagutu diot hain irribarre gozoa. Gaur ez naiz zirkintxo bat ere itzultzeko gauza izan haren irribarreari.

Egunak nekez berdinduko didan egonezin batek eraman nau etxera.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea idazten ari nintzela, atzokoaren antzeko gertakari bat etorri zitzaidan burura. Orain bost bat urte beste zutabe bat eskaini nion hemen bertan. Desberdinak izanagatik ere, osagarriak iruditzen zaizkit biak.

Segizioa

Hildakoaren atzetik doan lagun taldeari deitzen zaio segizioa < (seizia, gurean). Eta, hedaduraz, baita hiletara urrutitik etorritako lagunei ehorzketaren ondoren ematen zaizkien mokadutxoari eta tragoari ere.

Axentxio Ondarzabal hil da, bere organo oparoenak

Bidaia

Zortzi bat egunez Mexikoko Guadalajara noa, hango Liburu Azokara. Bitarte horretan, ez dakit txoko honetako leiho egunerokoa irakitzen segitzerik izango dudan. Ez bada hala, barkatu eragozpenak eta Mexikotik itzuli arteko luzamendua.

“Bidaiari diozun beldurra, eutsi egiten dizun eta babestu egiten zaituen errutina galtzeko beldurra da”, Miguel Sanchez Ostiz.

Oroitzapentxoa

Orain bi egun, ETB2n The Night of the Generals (Jeneralen gaua) ikusten hasi nintzelarik, Omar Sharif-ek, pelikulako protagonistak, oroitzapen zahar batzuk ekarri zizkidan gogora.

Hamabost bat urte ditut, Donostiako apaiztegian nago. Goiz batez albistea zabaltzen da, olioa zartagin beroan bezala, apaiztegiko korridoreetan barrena. Atzerriko aktore bat etorri omen da, nahiko famatua, egun batzuk gure artean pasatzera! Aktoreak Omar Sharif du grazia! Seguru asko ez genuen inork ezagutzen, baina berehala irudikatu genuen Hollywood-eko izar nagusi gisa.

Pelikula bat egin behar omen zuen apaiz jantzian, eta sotanarekin ohitzeko etorri zen apaiztegira. Hainbat egun egin zituen bertan, eta apaizgai nagusienekin ibiltzen zen, beti galdezka sotanarekin nola ibili, eskuak patrikan nola sartu, botoiak nola lotu, lepoko zuria nola atondu

Argien gozatua

Azpiroztik pasatu, Elena Asins eskultorea autoan hartu, eta berriro ere Balerdiko mazeletara, berriro ere Araitz bailara ederrera, baina gaurkoan Intzara, egun pasa egiteko asmoarekin adiskide batzuek han duten baserri batean. Egun errea, solas atsegina.

Bost notatxo Balerdiko maldan

*Ortiz de Elgea erosoago sentitzen omen da formatu handian. Bere pinturak arnasa behar duela esan digu. Baina formatu txikiko koadroetan ere formatu handietako elementu guztiak daude. Pintoreak ez du ezer eliminatu. Hala ere, eta logikak besterik iradokitzen badu ere, ez dira itogarriak.

Askatasun beraren arnasa darie hauspoka.

*Pintura bizi eta pinturan. Argia bizi eta argian.

*Koadroak esaten digu pinturaren egia, pintorearen diskurtso landuenak baino zehatzago esan ere.

*Iragana eta tradizioa, oinarri gisa. Ez nostalgia moduan, are gutxiago iragana imitatzeko edo garai joanak errebindikatzeko.

*Artistak, benetako artista batek, badaki egiten ari dena ez dela behin betikoa. Baina artistak, benetako artista batek, behin betikotasuna eman nahi dio obrari, horretara jartzen ditu kemena eta bizia.

Nahiaren eta ezinaren arteko tentsioa bizi du beti benetako artista batek.

(Ortiz de Elgeak Nafarroako Gaintzan daukan estudioan orain bizpahiru egun zirriborratu nituen notatxoetatik)

Aitona paseoan

Aitondu, aspaldi aitondu nintzela esaten didate, baina orain hiru hilabete egin ninduten aitona. Gaur goizean umea zaindu beharra egokitu zait. Liburutxo bat neukan patrikan, baina ez dut aulkiren batean eseri eta irakurtzeko astirik hartu nahi izan. Bi ordu egin ditut atzera eta aurrera, paseoan. Aldian behin, begiratzen nion, eta, denbora guztian, umea lo. Denbora gutxi barru, nire mundualdia bukatuko da, eta berak hamar, hogei urte izango ditu. Tarte horretan ez dakit mundua zenbat aldatuko den, ez dakit zer ekarriko dion bizitzak, baina orduan ere izango dira gaur goizean bezalako giroak, lainotuak eta bero handirik gabeak. Izango da lorezainen bat gaur bezala lanean arituko dena, eta belar moztu berriaren usain sarkorra zabalduko duena bilobaren mundualdiko parajeetan. Izango da haize kirririk kresala ekarriko duena itsas aldetik. Izango da gaur bezalako hozbero atseginik. Izango da gaur ni bezala ume bat paseatzen ibiliko den aitonaren bat ere. Beharbada, ni orain paseatzen ari naizen ume honen umeren bat, ni orain paseatzen ari naizen ume honexen aita aiton egin berriak zaindua.

Umeari begiratu diot.

Lotan segitzen zuen.

Keinuka

Lagun pintore batek Nafarroako Gaintzan daukan baserri eder batera eraman gaitu. Asentu ederreko eraikin sendo bat da, aspaldikoa. Harrizkoa da eraikin osoa, baina ez baleuka harrien arteko tarterik, ez baleuka leihorik, gotorleku itsu bat litzateke. Ilunpe erabateko baten ostatu.

Laguna azken boladan margotutako kuadroak erakusten hasi zaigu. Bere azken lanen giltzak ez dira errazak: arreta jarri behar da, zeure baitatik irteten ez zaizun argi baten beharra duzu.

Eguzkia keinuka hasi da Balerdi mendiaren gain-gainetik.