Gastu soziala

Bardeako ariketa militarra gastu soziala dela entzun, eta jendea sutan jarri da, sare sozialek eztanda egin dute, bonbardaketa baten itxura hartu du protesten ugariak. Ez dut ulertzen zergatia. Aitzitik. Txalo-zapartak merezi ditu Ejertzitoak egiten dion mesedeak arma-industriari eta bertan lan egiten duen langile jendeari. Ez da perdigoi galdu bat hestebete-fabrikei eta okinei egiten zaien faborea ere, soldaduentzako txorixopanplona ogitartekoekin. Bardeako ariketarik gabe, erremateko tiroa hartuta bezala geldituko litzateke krisian dagoen hainbat enpresa: helikopteroena, erregaien negozioa, prismatiko-dendak, uniformeen prêt-a-porter tailerrak, eztandak ez entzuteko tapoigileak…

Soldaduen komuneko papera ez da onuradunen zerrenda osoa hartzeko lain. Aurreiritzirik gabe erreparatzen bazaio irabazi sozialen kateari, justiziazkoa da txalotzea ministroaren hitzak.

Gerrarako zer nolako gogoa duen jendeak!

Permalink-a 3 erantzun

Mozorro dantza

Ostegun gizen, mozorro dantza, nadin odolki, betor buzkantza!

Nadin hordi Barrikan, asto zurrutero Zaldibarren, txikitero jator Baraibarren. Izan nadin atso tronpetari Elorrion, konfiteru fin Otxandion, uzker-artillero Donostian. Izan nadin izan iraultzaile Baigorrin, moderatu Urepelen, jotaketarra Jataben. Nadin nadila apustuzale Erronkarin, muslari trebe Tuteran, hordago-jole Muskitzen. Nadin eta nadin Errenterian dendari, markesaren alaba Mutrikun, sardina saltzaile Santurtzin, damatxo gazte Donazaharren, krabelina Arrosan. Nadinean nadin bisexual Amorebietan, behi susara Mugiron, asto mandako Tolosan. Izan nadila fabulatzaile Alegin, adarjole Burlatan, Txanogorritxo Otsozelain. Nadinka nadin brokerra Bankan, soldadu raso Guardian, galerista Artean, legelari zahar Foruan. Nadintxoan nadin logopeda Bokalen, dentista Ortzaizen, langile zahar Olaberrin, enterratzaile Errexilen.

Ostegun gizen, mozorro dantza!

Permalink-a 7 erantzun

Nomofobia

Urduri baldin bazaude, izerdi hotzez, eta uneoro zure patrikak miatzen bazabiltza falta zaizun zerbaiten bila, nomofobia daukazu. Edo nomophobia. Bi eratara irakurria dut modan jartzen ari den hitz berria. Eritasunak aurrera egin baino lehen, entzun Mikel Laboaren Lekeitioren bat, inkomunikazioaren antsietateak jota baitzaude mugikorrik gabe gelditu zarela konturatu zarenetik. No adberbioa, mo laburdura ( mobiletik) eta fobia ditu osagarri mugikor faltaren izuak, eta orain sentitzen ari zaren egonezin horixe da hitz —eta gaitz— berriaren funtsa. Zure telefonoa hedadurarik gabe gelditzen denean, edo bateria ahitzen bazaio, edo mugikorra etxean ahazten bazaizu, Laboak ez dizkizu sendatuko, baina ulertzen lagundu bai, izua, angustia, noraeza.

Gaur jakingo dugu desarmearen begiraleen eta ETAkoen artean nomofobiarik egon den edo beren arteko komunikazioak iragarritako ondorioak dakartzan. Laboaren musikarekin.

Justizia itsu

Orain lau bat hilabete, bi lagun errusiarrek Kanten gaineko eztabaida baten kausaz izandako tiroketa batez mintzatu ginen Erro izenkide tokaioa eta ni orrialde hauetan, nor bere zutabetxoan. “Dostoievskiren lurraldeko orrialdeetan horrelakoak gertatzea, ez da harritzeko”, pentsatuko genuen bi aingeruok. Lau hilabete geroago antzeko beste albiste bat datorkigu berriro Dostoievskiren lurraldeko orrialdeetatik. Oraingoan, ordea, eztabaidagaia ez da Kant izan, genero literarioen arteko matraka baizik, erabaki ezinik zer den goratsuagoa, poesia ala prosa. Erabilitako armari dagokionez, ez da orduan bezala pistola bat izan, aizto bat baizik. Aldiz, orduko zirkunstantzia bera azpimarratu du oraingo albisteak ere: zurrutaren oparoa.

Justiziaren itsua! Hiltzaileak, poesia zalea bera, aizto baten justizia prosaikoa baliatuz hil du laguna; hildakoak, prosa zalea bera, vokdaren hats poetikoa jareginez eman du azken arnasa.

Punta ateratzen

Bertsio xumearen arabera, Espainian aurten jaiotako lehen umea katalana da. Bertsio sofistikatuagoak, ordea, ziriko zotzari punta zorroztu dio: Espainian jaiotako lehen umea katalana da, eta aita euskalduna du. Harrapaitzank identitatearen hiru lore, piper-pote bakarrean sartuta!

Nik nioen neuretzat: hain gai apal batek ere ematen al du lurralde baten obsesioa gurintzeko? Prentsa frantsesera jo nuen. Titular batzuentzat, lehen ume frantsesa arabiarra izan da; beste batzuentzat, musulmana. Le Pen-ek kus-kusari dion gorrotoa hedatzen ari da.

Geurera etorri eta manipulatzen hasi nintzen neu ere: bikiak izan dira EAEn lehen jaiotakoak, jaitsiera demografikoari kontra egiteko. Nafarroako lehen umearen Ane izenak nafarren euskararen aldeko joera berresten du. Hegoaldean Iparraldean jaiotakoen berririk ez izateak badu punta mingarria…

Ikasi dut: komenientziak zernahi manipula dezake, zernahi bihurtu sinbolo.

Kimika

Honek txotxak ekarri, honek sua piztu, honek… Amonak gure hatzei eraginez kantatzen zigun ume-jolasa imitatzeko eguna genuen atzokoa, hatzari hatz ibiliak gara urtatsean: omeprazolek sabela babestu, ibuprofenok kaskarreko zama arindu, sintromek tentsioa orekatu, enfalytek beherakoari eutsi, bexidentek halitosia uxatu…

Dutxa bero-beroa hartu, poroak oxigenatu, eta ispiluaren aurrean jarritakoan, hango begi-zuloak eta begipeko poltsak ikusita, aitorpen filosofiko sakona atera zigun ispiluak —kimika gara!—, eta Sabinaren hura etorri zitzaigun eztarri lakarrera: “ehun urtez bizi nahi baduzu, ez probatu plazeraren edaririk”.

Urte berriak oso eskailera-maila malkartsuen aurrean jarri gaitu, gogoz eta sanoz urruti gaude ehun urte harrapatzetik, eta, biharamunak biharamun, eskura segitzen dute plazeraren edariek. Konformaerrazak baikara, ea urte berriarekin ligatu eta kimika pixka bat lortzen dugun.

Urquijote

Herodesek ehunka soldadu bidali omen zituen lurbira osora boterea kolokan jarriko omen zion ume jaio berri baten bila, baina mundua mundu denetik egunero jaiotzen baita ume asko, eta lurbira osoan erruz baitaude agintari arbitrarioak eta errurik gabeko inuxenteak, soldaduen orduko txikizioak gaurko Inuxente Eguna ekarri zigun, kontu jakina da.

Oroeta deitzen duten gure baztertxoan ere bada soldadu urquijote bat errotaren bat hegalak mugitzen hasi orduko balizko erraldoi baten ukabilak ikusten dituena, behinolako Quijote paregabearen antzera bezala, eta burutik pasatu zaigu txit egokia litzatekeela urtero eta gaurko egunez Urquijote izeneko kontra-sari bat ematea Oroeta deitzen duten auzoan lastoa eta garia bereizten ez dakitenei.

Hartan, inuxente xaloez osatutako epaimahai laño batek erabaki berri du historiako lehen Urquijote sariak Carlos Urquijo duela irabazle, begi-bistakoak diren arrazoiengatik.

OHARRAK (Post scriptum)

—Uste nuen Urquijotearekin zerbait orijinala asmatu nuela, baina zutabea argitaratu eta gero, honako hau —ederra eta zutabeari primeran dagokiona— topatu dut sarean:

“…en cuanto a la elaboración del Quijote conviene tener en cuenta la hipótesis que data de principios del siglo XX referente a la existencia de un texto primitivo anterior a las dos partes conocidas del Quijote, el que recibiría el nombre de Ur-Quijote o Quijote primitivo, planteamiento sugerido por J. J. A. Bertrand de acuerdo al modelo del Urfaust de Goethe. Este hipotético Protoquijote acabaría en el capítulo seis cuando se produce la primera vuelta de don Quijote a la aldea”.

—Hasieran Danadaeta deitu nion auzoari, gero egokiagoa iritzi nion Orodaeta deitzeari, halaxe diot paperezko bertsioan, baina orain nago Oroeta ez ote den labur esankorragoa, eta halaxe utzi dut sareko bertsioan…

Ea aurten

Euskaldunon batazbestekoaren galga betetzen baduzu, loteria gorrotatzen dutenen eta loterian konfiantza itsua dutenen arteko koska erdi eszeptiko erdi itxaropentsu horretan baldin bazaude, aurten 72,7 euro gastatu dituzu loterian, hala dio behintzat estatistikak. Loteria-postu batera —edo gehiagotara— joan zinen, zeure buruari esaten zeniolarik: “ea aurten…” Gustuko zenbaki bat hautatu zenuen, loteria-saltzaileak zorte ona opatu zizun, eta zuk erantzun zenion: “Ea aurten…”.

“Ea aurten” esanez itzuli zinen etxera, baina aspaldi utzi zenion amets egiteari: badakizu ez zaizula tokatuko, badakizu probabilitateen kalkuluak hogeita hamaika eskutik egiten duela beti. Baina, hala ere, behin loteria tokatu zitzaion lagun baten aitzakia jarri, eta errituala betetzen duzu urtero, zure printzipiotxoen kontra egin duzu aurten ere, eta zenbaki nagusia kantatzen dutenean, txartelak begiratuko dituzu.

Ea datorren urtean…

Saka eta saka!

Kamera atera, eta saka!, gustatu zaizun arbolari, herriko parkea estali duen orbelari, zubi erromaniko bati… Bidera ateratzen zaizun zernahiri ateratzen diozu argazkia. Zerbait polita iruditu, eta saka!, zure kamerak hor gordetzen dizu parean egokitu zaizuna. Ostiralak baino ostialakoagoak dira kamera berri hauek! Ehunka argazki dituzu. Milaka, agian. Sekulako artxibo bat. Atera zenituenean, ez zenien ez arretarik ez denborarik eskaini argazkietako lekuei. Ez zenituen arbola, parkea, orbela, zubia kontenplatu. Ez zenuen astirik izan. Baina kameraren tripetan daude. Eta egunen batean…

Egun hori ez da iritsiko. Eta iritsiko balitz ere, frogatu berri omen dute: zuzeneko kontenplazioarekin buruan erregistratuko lekuak zehatz gardenago gogoratzen omen ditugu kamera batekin jasoak baino. Kamera langa bat omen, gu eta paisaiaren arteko harresi halako bat.

Kontenplazioaren heriotza ere iragarri dute. Leihora noa.

Omeleta

Espainiako hainbat familiatan modan omen dago seme-alabak etxean hezitzea. Zenbat diren, ez dago zifra zehatzik. Frantzian, Kanadan edo Estatu Batuetan legeztatuta dago homeschooling edo formazioaren (h)omeleta etxeko eskolan prantatzea. Espainian, ez. Laster etorriko da hori ere, etxeko eskolaren alde diren familiak ez baitira garai bateko ikastolak edo hippyak, neoliberaltasun muturrenekoan oinarritutako (beren) askatasun totalaren maitaleak baizik, eta irakasle pribatuak dira (nortzuk, bestela!) bideratzen dituztenak aberaskumeen neurriko kurrikulumak.

Eskola publikoak ematen duen kultur talaia zibil adostuaren kontzertuak guztiz desafinatzen du familia elitista horietako umeek ikasten duten musika eta letrarekin: my future is to be rich.

Aberatsek arrunton plazatik guztiz aparte aparte nahi izaten dute bizi (internadoak, unibertsitate pribatuak klubak…), baina orain, ederra da gero!, askatasuna banderatzat hartuta.