Nostalgia

Hego haizeen eta eguraldi nahiko opelen ostean, euria eta hotza omen datoz. Elurrik ez. Non dira garai bateko elurrak?, galdetzen zuen François Villon-en poema ezagunak, non dira garai bateko elurrak?, galdetzen dugu ia seiehun urte geroago ere. Aldaketa klimatikoen kezkak asko izango du garai joanen nostalgiatik. Ez dakit. Melankoliak haurtzarora eramaten gaitu eskutik, elurra ari du, leihotik ikusten ditudan malutak airean eta haizearen mende dabiltza, nire begiek mundu zuri-zuri baten distira jasotzen dute oroimenean gordetzeko. Nostalgiak bere oin arrastoak utzi ditu elurretan. Eta nire memorian.

Mutil lerden beltz bat sartu da euritatik kafetegira. Artilezko galtzerdi batzuk eskaini dizkit. “Beroak dira, ukitu, ukitu!”. Senegaldarra omen da. Bustita dago, sorbaldetan hondoratua dauka burua. Hotzez. Bururatu zait Senegalen ez duela elurrik egiten, ez duela nirea bezalako nostalgiarik.

Kafesne batera gonbidatu dut.

Aforismoak eta… (II)

—Zientziaren hizkera zuzen zehatza iritsi ezin daitekeen tokietara heltzen dira metaforak, paradoxak, kointzidentziak, hitz jokoak.

—Abila zen hizkuntzaren baliabideak behartzen, harik eta, koska bat estuago eginik, hainbeste maite zuen hizkuntza zintzurra guztiz estututa ito zuen arte.

—Sistemaren bat asmatu beharko dugu sistemaren atzaparretatik askatzeko.

—Azarra da arraza.

—Hagoan egon: hil ala bizian egon.
Hizkuntza ahoan bageneuka, ez legoke hagoan.

—Bertan goxo atsegina bertan nagi bihurtzen du errutinak.

Permalink-a

Ikonoa

Sebastian bat ba omen da zeruan. Meritua du: hirugarren mendean jaioa izateko, ikaragarri dakigu santuaz. Narbonan jaioa, gurasoek Erromara eraman zuten. Mutil zinez ederra omen zen, nesken eta bere sexukoen begiradak erakartzen zituen gazte atsegina. Arkulari aparta izaki, haren arkuaren eta begiraden geziek beti asmatzen omen zuten nori noiz eta non jo. La grande bellezza film (zentzu askotan) zoragarrian ikusten den bezalako giro hedonistaren ezti gozotan bizi zen. Konbertitu zen arte. Biografiaren bigarren parteak xehetasun are zehatzagoez kontatzen digu martiri izaterainoko bide luze malkartsua.

Gayek ikonotzat daukate, santuaren iruditeriak irakurketa asko eragin ditu, literaturak Sebastian izeneko pertsonaia homosexual dezente eman… Ikonoek gure munduan duten tokiaz mintzo da Michel Tournierren nobela asko, eta santuaz dio: “Harrigarriena da den-dena dakigula Sebastiani buruz. Baita ez zela sekula existitu ere”.

OHARRAK (Post scriptum)

Erdi aroko Legenda urretsua santu-hagiografien bildumatik hartuak dira Sebastiani buruzko erreferentzia biografiko nonbait asmatuak. Hortik, beste deus ez dago nonbait.

Informazio gehiago nahi duenak Michel Tournierren Célébrations (Celebraciones) artikulu liburuan aurki dezake.

Kafkaren sagua

Zutabe honen enegarren arrankea duzu hau. Azkena izateko esperantzan ekin diozu honi ere. Ez zaitu, hasieratik dakizu, asebeteko. Ase eta beteko ez zaituen testu bat irakurtzen ari zara. Atzokoa bezalako egunek hori dute: unetik unera ezer ez da berdin, eskema ezagun betikoen arrailen gainean. Hori kontatu nahi zenuke.

Gizona —kasu honetan, zutabegilea— bere bakardadean. Atzoko egunak eman zuenari so. Kafkaren sagua bezala sentitzen zara: kabitu ezin itogarriz, estutzen eta estutzen ari dela iruditzen zaizun mundu batean. Kafkaren sagua bezala zaude: asmatu ezinik nola buelta eman asfixiari; leihoak zabaltzeko premiaz, leihoak hautsak janda dituen ganbara-zulo batean.

Urtetako eskarmentuz dakizu zein garesti ordaintzen ari zaren arnasaren lehengaia, munduari begiratzeko higiene mentala. Eta, hala ere, sinestu nahi duzu zure egitekoa ez dela mundua gehiago estutzea, leihoak zabaltzen laguntzea baizik.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabearen enegarren bertsioa gaurko manifestaziorako deialdiaren berri izan aurrekoa da.

Segidan doana ipuinaren itzulpen libre bat da:

“Ai! —esan zuen saguak—. Mundua gero eta gehiago ari da txikitzen. Hasieran, beldurra nion, hain egiten zitzaidan handia. Korrika eta korrika egiten nuen, eta egia esan, eskuin-ezkerreko hormek poztu egiten ninduten, urruti zeudelako. Baina horma horiek oso agudo estutzen dira eta dagoeneko azkeneko gelan nago eta hor bazter horretan dago gainditu behar dudan tranpa.

“—Egin behar duzun guztia norabidea aldatzea da —esan zion katuak. Eta hantxe bertan irentsi zuen”.

Beraiek jakin gabe

Joan den asteburuan Noticias taldeko egunkariek euskal itzulegintzari buruzko nire artikulu bat argitaratu dute. Itzulpengintzak guretzat duen garrantziaz da. Jokatzen ari garenari buruz zein gutxi dakien jendeak.

Euskaraz ekin nion artikuluari, baina laster gaztelaniara pasatu nintzen. Uste dut —nahiz eta gero eta eszeptikoagoa naizen— ona dela gure arazo, kezka eta lorpenen berri gaztelaniaz ere ematea. Ez dakit. Etsipenaren kartak iristen zaizkit beti…

Ilusioa

Olentzerok ekarritako pakete bati begira dago, pentsakor. Urtea ez zaio orain hamabi hilabete imajinatu bezala atera. Laster, dardara sentitzen hasi zen eskuetan, erlojua esan nahi zuen momentuan telefonoa trabatzen zitzaion gogoan. Medikuarenera joan zenerako, gaitza hasia zegoen arrakala sakonak egiten haren memorian. Kontziente da zer etorri zaion, kontziente da aurki kontzientzia galduko duela. Folio batzuk hartu, eta inoiz egin ez duena nahi du egin: gutunak idatzi. Senideei, lagunei. Lehendabizikoa emazteari idatzi dio, bizitzan esan ez dizkionekin eta erdizka esandakoak osatuz. Emazteak nekez kontrolatu du emozioa gutuna irakurtzerakoan. Senarrak bigarren gutun bat idatziko omen dio estrainekoan kabitu ez zaizkionekin. Eta hirugarren bat ere bai, bigarrenean sartu ez direnekin.

Olentzerok ekarritako paketea ireki du, kolpean, urduri. Txikitako opariek ez bezalako ilusioa egin dio paper-mazo bat ikusteak.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabean kontatzen dudana erreala da, orain gutxi ezagutu nuen. Horrelako asko gertatu dira, kontatzen dudanak aldaera asko izan ditzake. Zutabea sarera nenkarrela, Italia hizpide izeneko kronika-liuruan kontatu nuena etorri zait burura. Ez da gauza bera, baina bi kontakizunek oinarri bera dute: memoriari eusteko premia. Hona Triesten izan nintzenean kontatu zidaten istorioetako bat:

“[Juan Octavio Prenz idazleak] Triesten sortu duten Pen Club-aren berri ere eman dit. Taldearen ezaugarririk nabarmenena, bertako kide diren idazle triestearren sorkuntza-hizkuntzak: italiera, serbo-kroata, alemana, gaztelera, friulera, eslobeniera, inglesa, frantsesa eta orain gogoan ez dudan bederatzigarren bat. Udalak lokal bat utzi zien beren bilerak egiteko. Zahar-etxe baten ondoan dago lokala, eta idazleek, alokairu gisa, tailer literario bat sortu zuten edadetuekin lan egin eta haien memoriak biltzeko. Album familiarra deitzen diote iniziatibari, eta zahar-etxean dauden askok eta askok idatziak dituzte jada beren memoriak. Gerran-eta izandako esperientzien memorandum izugarri bat osatzen ari direla esan digu Prenz-ek: “Naufragio asko bizi izan ditu hiri honek. Naufragiootatik salbatu edo erdi salbatu zirenen memoria gordetzea da gure asmoa”.

Noela

Etxe bateko atean kas-kas jo, noel bat kantatu (Etxeberri Ziburukoak noelac deitu zien gabon-kantei), jaiotza erakutsi-edo, sosak hartu, eta aide. Herenegundik, txerri-gantxo baten moduko galdera gakodun askoa daramat kaskoan zintzilik: ume-koadrila guztiek zergatik kantatzen ote dute kanta bakarra? Presa izan liteke kausa: ahalik etxe gehien pasatzeko premia dute umeek ahalik diru gehien bildu ahal izateko, time is gold, ekonomiak eta ingelesak esaldi bera dute atari. Noelen errepertorio laburra ere pisuzko kontsiderazio bat izan liteke: soberan da kanta bakar bat ikastea, hor ere ekonomia nagusi. Ume-koadrilek zekartzaten jaiotzak ere presaka eginak ziren, ez beste mundukoak, agian zerurako bidea estalpe batean hasten omen dela irudikatzeko.

Ohart naiz ez niela bigarren kanturik eskatu, apenas erreparatu niela umeei… Jaiotzari dagokionez, helduon bizimodu presatua islatzen zuten bertako ibai zimur aluminiozkoek.

OHARRAK (Post scriptum)

Etxeberri Ziburukoaren noeletako batek:

“Errezibi zazu, otoi:
Gure ahal tipia:
Obra falta bada ere,
Ezta izanen nahia”.

Nire kasuan —ez dakit umeenean— ahala eta obra faltatu ziren, halaber nahia.

Altzoa

Bizitza ulertzen, bizitza bizitzen laguntzeko pilula labur zorrotzak dira aforismoak. Filosofia-dosi konprimituak. Twitter-ek eta aire berria ekarri diote generoari, liburugintzan ere arrakasta dute aforismo-bildumek. Zerbaitegatik izango da: gorputzak Ibuprofeno bezalakoak eskertzen dituen bezala, espirituari ere on zaio laguntza, pilulatan emana badarik ere. Nik, behintzat, kontsumituko nituzke Aresti edo Mitxelena bezalakoen testuetatik ateratako pilula labur esanguratsuen bildumatxoak, bizitzaren patrikan eramateko.

Igandean horiek eta horrelakoak nituen buruan, telebistaren aurrean. Zer dira erremate asko, ez badira aforismoak?, nerabilen kabutan. Eta amesten ari nintzelarik bertsolaritzaren historiako erremate ederrenen, aforismo zorrotzenen bilduma bat, Juanito Dorronsorok doinuekin egin duen antzeko lan bat, Maialen Lujanbio aforismo eder batekin irten zitzaidan bidera:

“Altzoa da helduok dugun sehaska”.

Santu, santu, santua

Chamfort-ek kontatzen du izan zela behin santu bat hil aurretik ehun mila ezkutu utzi zituena bere kanonizazioko gastuak ordaintzeko. Ederra da. Eta baita eredugarria ere (eredugarria ez izatekotan, zertarako santu?): bizi honetan bere burua santutzat daukana, hil ondoren ere santua izaten jarraitzeko kalkuluak egiten.

Uste dugun baino gehiago funtzionatzen santuaren mekanismo egolatrak. Begiratu, bestela, osperen bat izan duen jendearen memoria-liburu eta autobiografia asko (egunotan, Zapatero eta Solbesenak), iragana makilatu eta etorkizun aratz santua ziurtatu nahian, gizartearen aurrean santu gisa agertzeko ahaleginean eta historiaren orrialdeetan izen ona kontserbatzeko berme bila.

Santu-bizitzen kontakizun eredugarriei hagiografia deitzen zaie. Memoria-liburu gehienei hagiografia deituta, kontsumitzaileek iruzurra salatu beharrik ez. Eta santurik gabeko memoria-liburu benetakoak, irabazian.

Kontsolamendua

Ez dut nire inguruan inor ezagutzen intelektual deiturak ile-sustraiak gorritzerainoko lotsa eragiten ez dionik. Eta ez hitzak aspaldian hartu duen gaitzezpenezko atzera kargagatik soilik. Hitzaren eduki duinena —klasikoa— oso da itzal handikoa, arrunt gutxiren esku dagoena. Baina jendeak hitz horri eusten dio idazleoi-eta kontuak eskatzerakoan zerbaiten aurrean gure ahotsa entzunaraz dezagun. Horrelakoen esana segitzera, etengabeko errestoan ibili beharko genuke norbaitek euskal komunitateari edo euskarari (zinez edo itxuraz) eraso eta min egin dion aldiro. Baina gaztelaniaz izaten baitira horrelako kasu guztiz gehienak, eta inoiz berdinduko ez dugun tsunami bat bezalako anplifikazioa izaten baitute medioetan, eta gure ahotsa mutu batena bezain urruti iristen baita, isilik gelditzea hitz egitea bezain intelektuala dela esan, eta geure buruei esandako gezur txikiarekin kontsolatzen gara.