Koldo Mitxelenak ditu kulpak

Azkoitiarra naizela esan, eta zenbat aldiz ez ote dut entzun berehala: “Baina ez duzu azkoitiarrez hitz egiten!”.

Hori entzutean, desenkusa gisa edo, erantzun luze eta nahasi samarra ematen dut gehienetan, alfer samarrekoa seguru asko. Baina egun hauetan —Koldo Mitxelenaren jaiotzaren lehen mendeurrreneko aipamenek hartaratuta— pentsatzen hasia nago hemendik aurrera labur erantzungo dudala horrelakoetan: “Koldo Mitxelenak ditu kulpak”. Euskara batuari diodan oniritzia, konfiantza eta atxikimendua hari zor dizkiodala uste baitut, neurri handi batean bederen.

Ez nuen inoiz irakasle izan Mitxelena. Izan nuen, ordea, Mitxelenak euskara batuari buruz zuen ideia, iritzia edo ikuspuntua transmititu zidan irakaslerik, eta haien artean bereziki bat aipatu nahi dut Mitxelena ohoratzen ari garen egun hauetan: Felipe Yurramendi Larburu, duela hilabete pasatxo hil zen mitxelenazale amorratua.

Patxi Altunak apailatutako Koldo Mitxelenaren idazlan hautatuak liburua eskuetatik askatzeke eta begien aurretik kentzeke, “nola esango zenukete?” galdera gidari eta lemazain jartzen zigun beti Felipe Yurramendi zenak, eta nik uste dut eskola ordu haietan euskara batua noranahi aise iristeko balio duen tresna delako konbentzimendua geureganatu genuela ikasle guztiok. Beti baitzuen erantzun bat “nola esango zenukete?” galdera bultzatzaileak.

Miren Azkarate, Juan Mari Lekuona, Patxi Altuna, Lordes Otaegi eta beste hainbat eta hainbat irakaslek ere euskara batua modu natural eta bizian erabiltzen zen giro batean murgilarazi gintuzten, geu ohartu ere egin gabe. Baina Felipe Yurramendik izan zuen, nire ustez, horretan eraginik zuzenena izan zuena; horixe baitzen, izan ere, haren eskola orduen funtsa: gu euskara batuaren ezagutzan eta erabileran trebatzea.

Irakasle haien eraginez hitz egiten dut, azkoitiarra izanagatik ere, euskara batuan; haiek Koldo Mitxelenaren ideiak sartu zizkidatelako buruan. Hitz egiten dut azkoitiarrez ere, azkoitiarrekin; nahiz eta batzuetan, gero eta sarriago zoritxarrez, batukadak eskapatzen zaizkidan. Ez nator bat, ordea, Azkoititik edo azkoitiarren arteko giroetatik kanpo azkoitiarrez hitz egin beharko nukeela diotenekin.

Ulertzekoa da batzuei pena ematea azkoitiar bat batuan hizketan entzuteak, eta neuk ere konpartitzen dut pena hori. Baina niri horrek baino askoz ere pena handiagoa ematen dit oso jende gutxirengan aurkitzeak euskara batuari oniritzia, konfiantza eta atxikimendua izateko behar izaten den oinarri nagusietako bat: euskararen ezagutza sakon eta batez ere zabal bat, norberaren txokoko euskara jatorraz gaindikoa eta ahozkotasun hutsetik haragokoa; euskararen ezagutza kultural, integral eta moderno bat; edo, euskararen ezagutza nazional edo abertzale bat, hala esan nahi bada, ikuspegi politiko batetik begiratuta.

Pena ematen dit, baita ere, euskararen ezagutza sakon eta batez ere zabala duen hainbat euskaltzale —eta euskalzulo— euskara batuaren aurkako —edo behintzat ez oso aldeko— iritziak eman eta zabaltzen sumatzeak; Iñaki Segurola eta Patziku Perurena ditut bereziki gogoan, euskara batuak izan dezakeen indar espresiboaren adibiderik onenetakoak biak ere, paradoxikoki, bide batez esanda.

Ez dut uste, ordea, batuak huts egin dienik Segurola, Perurena eta gisakoei. Euskaldun gehienek ez diete euskara batuari inolako oniritzirik, konfiantzarik eta atxikimendurik, eta horrenbestez euskara batua oso urrun dago izan lezakeen indar espresibotik eta are urrunago —Fermin Etxegoienen terminologian esanda— erakargarri izateko beharko lukeen masa edo bolumenetik. Hori begien bistan dago. Baina hori ez da gertatzen euskara batua, berez eta izatez, esentziaz, hotzegia eta motzegia delako; baizik eta ez dugulako behar adinako indarrik egiten euskara batua erretzeraino berotzeko eta puskatzeraino luze-zabaltzeko. Oinarrizko arazoak, zakar eta gordin esanda, ezjakintasuna, zabarkeria eta inkultura dira; edo espainolismoa eta frantseskeria, hala esan nahi bada, ikuspegi politiko batetik begiratuta.