Xabier Amuriza ia-ia K.O. utzi nuenekoa

Hedabideetan agertu da albistea: plazako bertsolaritza behin betiko utzi du Xabier Amurizak, 75 urte betetzearekin batera. Horrek gogorarazi dit duela mende laurden pasatxo ere, 1991ko martxoan, bertso mundua behin betiko uztetik oso gertu izan zela Amuriza, eta neuk oharkabean eta nahi gabe emandako ukabilkada gaizto bat izan zela ia-ia behin betiko azken kolpea, atzera-bueltarik gabekoa. Zorionez, ez nuen eraitsi; edo, eraitsi banuen, ez nuen behintzat K.O. utzi eta altxatu zen, eta indartsu gainera.

Amurizaren Enaz banaz liburu autobiografikoa (Bertsolari Liburuak, 1999) argitaratu berritan irakurtzen ari nintzela jabetu nintzen zortzi urte lehenago egindakoaz. 9. kapituluko Barriro errezelopean atala (324-327 orr.) irakurtzean izan zen zehazki.

Atal horretan, Amurizak gogora dakar, etenaldi baten ondoren plazetara itzulia zelarik, “saihetsetako bat” jaso zuela 1991ko martxoaren 21ean, Gasteizen Jon Sarasuarekin batera egin behar zuen saiora zihoala, Urkiola gainean Euskaldunon Egunkaria irakurtzeko geldialdi bat egin, eta Inazio Etxanizen artikulu hau begien aurrean agertu zitzaionean:

Nere errezelua

 Garai batetik ona aldaketa aundia bizi izan duela bertsolaritzak ez da dudarik. Joan den igandean lau orrialde agertzen ziren EGUNKARIAren erdi-erdian, Nafarroako Bertsolaritzaren txapelketa dela-eta. Telebistak ere astero badu edozein bertsozalek gustora ikusteko moduko saio atsegingarri bat. Irratian ere ageri oi dira bertsolariak eta irrati batzutan dexente gaiñera. Ala ere, aitortu bearra dago irratiak leendik ere tarte ederrak eskaini izan dizkiola norbaitek “euskaldunon kirol nazionala” deitu zion oni. Esan bear, beraz, garai onak bizitzen ari dela bertsolaritza.

 Nik ez det kontrakoa esango, ez naiz nor eta, baiña esan bearra daukat ez dedala garai batean aiña gozatzen bertsoak entzuten. Jakiña, normala ere bada ori, eta ez nau kezkatu bear. Nik neurea esango det bakarrik, besterik ez: Xabier Amurizaren bertso moldea ez zait gogoko. Errespeto guztiarekin esan nai det ori, noski. Gizon au jakintsua dela ezin da ukatu eta euskara oso berea duela, asko dakiela, eta bertsogintzaz ere bai, eta bertsolaritzaren istoriaz… Ori ez dago ukatzerik. Eta ez dago ukatzerik Amuriza euskaltzaleen artean euskaltzaleena denik ere.

 Baiña nik betidanik gogokoenak izan ditudanak Uztapide, Lasarte eta Basarri izan dira eta iru izen aundi oiek aipatzen ditudanean, jende askok buruan dituenak aipatzen ari naizela uste det. Eta Amurizaren bertso-moldea, dudarik gabe, diferentea da aienaren ondoan. Askoz gustorago entzuten ditut Sebastian Lizasoren bertsoak Amurizarenak baino. Lizaso da neure bertsolari eredutik gertuen dagoena. Segurtasun osoa ematen dit gizon orrek, eskuak poltsikoan sartuta eta purua erreaz kantuan asten denean.

 Beste bat gustatzen zaidana Andoni Egaña da. Au Lizasoren kontrakoa dela uste det ala ere. Lizaso segurua baldin bada, Egañak noiznai pott egingo duela ematen du, nola segitu ezin asmatuta totelka asi bear duela eta lotsa-lotsa eginda eszenariotik aldegin burumakur. Baiña ala ere, tak, tak eta tak, bota egiten ditu bereak eta grazi aundiz gaiñera beti.

 Eta aipatu det itza eta ori da gaurko bertsolariei (neure uste apalean) falta zaiena: grazia. Orixe da beintzat nere errezelua.

“Durditurik geratu nintzen”, dio Amurizak liburuan, Urkiolan irakurritako artikulu hark barruan eragin zion urraduraren berri ematean. “Barriro honetan hasi behar al dogu? Heurt eta dana popatik hartzera bialtzeko gogoak emon eustan. Txapeldun izan nintzenetik hainbat urte igarota, pare bat urte isiltasunean erretiraturik egina, bertsolaritzaren zirkuito nagusitik kanpora nengoela, berrogeita hamar urte bizkarrean nebazela, ondino be ‘gaurko bertsolaritza’ nire izenagaz identifikatzeko maniaren plazara itzuli behar al neban? Bide bazterretik ibiltzen be ez dauste itzi behar? Artikuluaren xedea ez zegoen ulertzerik, nire berragerpena zapuzteko klabean ez bazen, harrera onen bat edo arrakasta apurren bat izango ete neban bildurrez, antza”.

Adoregabetuta joan zen Gasteiza, baina pozik zen etxera itzultzean, han Sarasuarekin batera saio ederra egin eta gero: “Eta hara, erdi derrotaturik hasita, saio garaileak urten ebala, entzuleen ustez behintzat. Neure pozean kabitu ezinik nengoen eta bueltan, gauerdi lainotsuan, San Antoniori turutaka pasatu nintzen Urkiola gainetik”.

Amurizaren liburu argitaratu berri hura ohean irakurtzen ari nintzela, 1999an, pasarte horrek jo eta ma utzi ninduen. Lotarako ezindua, ohetik altxatu eta Inazio Etxanizen artikulu hartaz gogoratzen hasi nintzen. Bai, nik banekien nor zen Inazio Etxaniz, edo, hobeto esanda, banekien ez zela Inazio Etxaniz izeneko inor artikulu horren egilea, neu baizik, zortzi urte lehenago, 1991n.

Euskaldunon Egunkariaren hasierako garai hartan, Bidezidorretik atala argitaratzen genuen astero Kultura sailean: euskalkietan idatzitako zutabe koxkor bat izaten zen, eta egileen artean, besteak beste, Amale Arzelus, Santi Onaindia eta Inozentzio Ayerbe izan zirela dut gogoan. Ordurako nahiko zaharrak denak ere.

Nik bihurrikeria bat egiteko baliatu nuen aukera hura, eta Gipuzkoako euskalkian aritzen zen zutabegile bat asmatu nuen, Inazio Etxaniz izenekoa. Ez dut gogoan zenbat zutabe idatzi nuen sail hartan, baina bai artikulu haietan, Inazio Etxanizen bitartez, urte batzuk lehenago, 1981 eta 1987 artean gutxi gorabehera, egur-lanetan aritzen nintzenean, ezagututako gizonen mundu-ikuskera islatzen saiatu nintzela. Osaba egurzalea genuen, egur-tratantea edo, eta, artean ikasle nintzela, batzuetan lana ematen zidan, saltzen edo erosten zuen egurraren neurketetan oholen neurrien apunteak hartzen –luzera, zabalera eta lodiera, erdaraz emanak beti: “Uno otxenta, beintizinko, kintze”–, gero kubikatu eta tasatzeko. Zeregin hartan ezagutu nituen gizon haiek Amuriza baino urte batzuk zaharxeagoak ziren, eskola gutxiko euskaldun petoak denak, ideologiaz nazionalistak eta tradizionalistak; eta, bertsozale zirenen kasuan behintzat, Gipuzkoako bertsolari klasikoen miresleak: Lasarte, Uztapide eta Basarri ororen buru, jakina. Amuriza aldiz, haien iritziz… ez zen bertsolaria!

Niretzat garrantzirik gabeko jolas inozo bat izan zen Amurizari buruzko –Amurizaren aurkako– zutabe hura, Inazio Etxanizen izenean idatzi nituen guztiak bezala. Dibertitzeaz gain, harri bakarrez bi txori hiltzen nituen haiekin: batetik, Euskaldunon Egunkariari sail bat betetzen laguntzen nion; bestetik, Euskaldunon Egunkariarekin loturarik ez zuen euskaldun batzuen ahotsa jasotzen nuen gure hedabidean. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin artikulu koxkor hark Amurizari inolako zirkinik eragingo zionik.

Enaz banaz liburuaren irakurketak ohartarazi zidan, zortzi urte geroago, emandako minaz eta egin ahal izan nuen kalteaz. Horretaz jabetuta, pentsatu nuen Amurizari nekiena esatea egokitzen zitzaidala, hain mingarria gertatu zitzaion artikulu haren arduradun bakarra ni izan nintzela aitortzea.

Gutun bat idatzi nion, orain artean azaldu dudana kontatuz, gutxi gorabehera. Zorionez, Amurizak harrera ona egin zion nire gutun hari, eta honela erantzun zion, beti eskertuko diodan beste gutun batez:

Berriz, 1999-11-26

Kaixo, Juan Luis:

 Honezkero zalantzan egongo hintzen beharbada pentsatuz: “Ez ote dik nire gutuna hartu? Ala ez ote zidak erantzun nahi?”. Bolada honetan nahikoa katigaturik nabilek eta, gaur egingo, bihar egingo, hire erantzuna atzeratuz etorri nauk, baina lehen-lehenetik pentsatua nian egitea. Zer esateko? Ba, eskertzen diadala hire aitortza. Horretan behintzat azkoitiar jokatu duk. Azpeitiar batek ez zakiat hori egingo zukeen. Nik Inazio Etxaniz hura benetako izentzat hartu nian eta ez ninduan ahalegindu nor zen ezagutzen. Goitizena zela jakitera, beharbada abiatuko ninduan lorratzean. Urteak igaro dituk eta horra. Eskertzen diat aitortzagatik, baita bide batez perfil mota bat hain ondo zehazteagatik ere. Ni batetik bertsolaritza modernoaren abiarazletzat joa izan nauk eta bestetik eta aldi berean, Kafka-eta, heuk dioanez, maite dituzten idazle eta kulturgile modernoen aldetik jaso diat muzinik gogorrena. Ez duk, ba, neuk beren-beregi bilatutako paradoxa izan. Halaxe gertatu zuan hasera-haseratik eta zer egingo nian, ba? Liburuan nonbait diodanez, giputza izan banintz, oso beste era batera bizi izango nian historia hau guztia. Xalbadrorri askoz okerragoa gertatu zitzaioan. Sekula irabazi den txapelik jenialena irabazi eta horren ordez txistuak entzunda joan behar. Hire gutuna berriro eskerturik, agurtzen hau, ez betiko,

 Xabier Amurizak

Ez nago egin nuenaz harro, jakina, eta lotsa ere ematen dit duela 25 urte Inazio Etxanizen mozorroa jantzita argitaratu nuen artikulua berreskuratzeak, baina gustatzen zait istorio hau kontatzea, uste dudalako –balizko erru, bekatu, damu, barkamen eta penitentzia kontuak alde batera utzita– ertz interesgarriak dituela. Oso istorio gizatiarra iruditzen zait, eta ulergarriak egiten zaizkit bi alderdi antagonistetako protagonisten jarrerak, egur-lanetan izan nituen lankide haiena bezala Amurizarena. Eta honako hau une egokia iruditu zait istorio hau plazara atereaz Xabier Amurizari omenaldi txiki bat egiteko, horretarako ni baino prestatuago dauden beste batzuek (Iñaki Muruak eta Andoni Egañak, adibidez) egin duten bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude