Hiru une aparta Joxean Agirreren ‘Gizajoen katalogoa’ eleberrian

Ez dira bakarrak, baina hiru pasartek astindu didate bereziki barrena Joxean Agirreren Gizajoen katalogoa eleberriaren irakurketan:

  • 45. orrialdea: “Mundu guztiari gustatuko zaion eleberri bat idaztea arrunkeria bat iruditzen zait”.

Azalpena: sekulako kontsolamendua da hori irakurtzea eleberrigile ia guztiontzat.

  • 140. orrialdea: “Barandiaran, Joxemigel. Etxera itzuli ezinik Saran eman zituen urteetan, tarteka Larrun mendira igo eta Ernioko gailurrari begira egoten zen, Ataungo bere etxetik ere Ernio ikusten zuelako”.

Azalpena: badakit ez naizela Barandiaranen pareko, eta nire egoera ere ezin dela harenarekin alderatu, baina Berriaren Andoango erredakzio nagusitik, han lanean ari nintzela, Erniora begiratzen nuen askotan, eta Azkoitiko jaiotetxetik ere Ernio ikusten zela gogoratzen nuen.

  • 188. orrialdea: “Goizean dutxatu ondoren bainugelako ispiluaren aurrean gorputza lehortzen ari nintzen bitartean ezin izan ditut begiak desbideratu hanka artean nuen zintzilikario meharretik, eta oso itxura tristea hartu diot. Hain ikusi dut abaildua, eroria eta buru-makur, non ez dela inoiz berriro gora begira jarriko iruditu baitzait. Aurreikuspenik  txarrenak egin ditut eta mirari bat beharko duela pentsatu dut garai batean bezala goititzen hasi eta zutik jartzeko”.

Ez du azalpenik behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude