Aproposko idazlea

Eddy Merckxek Frantziako Tourra ia areriorik gabe irabazten zuen garaian ikasi zuen bizikletan ibiltzen, 1970eko hamarkadaren hasieran. Bi gurpilen gainean jarri eta pedalei eraginez etxe aurreko errepide estu eta ia autorik gabean hara eta hona ibiltzeari ekin zion orduan, txirindularien erasoak, ihesaldiak, jazarpenak eta esprintak itxuratzen eta bere baitarako haien zuzeneko telebista-kontaketa alegiazkoak egiten: “Eddy Merckxek aldaparik tenteenean jo du erasoa, eta ezin izan dio inork jarraitu. Luis Ocañak, Joaquim Agostinhok eta Joop Zoetemelkek antolatu dute jazarpena baina ezin dute aldea murriztu…”.

Ez zuen txirrindulari izatera iristeko ametsa bete, baina, zaletasunari eutsiz, udako egun batzuetan behintzat hartzen zuen bizikleta, inguruko herrietatik zehar ibilaldiak egiteko. Hogeitaka urte zituela, arratsalde eguzkitsu batean, eskolatik oporrak hartu berritan, bizikleta gainean eseri zen aspaldiko partez, txirrindulari arropak jantzita. Horrelakoetan ohi zuen moduan, sasoiko eta indartsu sentitu zen, eta pedalei Bernard Hinaulten —garaiko txirrindularirik onenaren— pareko indarrez eta freskotasunez eragin ahal izango zielako irudipena izan zuen. Bazekien, jakina, irudipen hutsa zela hura, eta aurreneko aldapak utziko zituela agerian entrenamendu faltaren ondorioak, baina une hartan zoriontsu sentitu zen. “Honezkero ez dut lortuko inoiz ziklista izatea, baina ziklista izatera jolas naiteke”, esan zuen bere artean, pozik. “Aproposko ziklista izateko aukera daukat nahi dudanean”.

Irrati bateko grabazio-estudiotik irtetean etorri zaizkio oroitzapen horiek burura idazleari, argitaratu berri duen liburuari buruz egin dioten elkarrizketa amaitu eta gero. Txirrindulari izatera iristeko ametsa ez bezala, idazle izatera iristekoa bete egin du: sariak, liburuak, elkarrizketak hedabideetan, leku bat bere hizkuntzako literaturan eta kulturan… Horretan ez dago dudarik: txirrindularitzan egindako ahaleginen aldean, askoz arreta handiagoa jaso dute literaturan egindakoek.

Hala ere, ez da guztiz ohitzen idazlea dela esatera. Oraindik ere, egoera batzuetan behintzat, halako lotsa edo konplexu baten ondorioz, uko egiten dio bere burua idazle gisa aurkezteari. Horretaz egin du gogoeta hiriko liburu denda bateko erakusleihoari begira. “Nola izango naiz ba idazlea, ezin diot-eta nire denboraren zati txiki-txiki bat baino eskaini literaturari, nire mantenurako beste lanbide bat behar dudanez? Nola izango naiz ba idazlea, nire auzoan ia inork ere ez daki-eta liburuak argitaratu izan ditudanik, edo areago: ezta nire hizkuntzan idatzitako nobela, ipuin bilduma eta poema liburu garaikideak argitaratzen direnik ere? Nola izango naiz ba idazlea, iritsi ezina begitatzen zait-eta literatur aldizkarietan eta egunkarietako literatur gehigarrietan elkarrizketatzen dituzten idazleen —benetako idazleen— erudizioa, haien iritzien sendotasuna eta sakontasuna, haien begiraden zorroztasuna? Nola izango naiz ba idazlea, ausaz harrapatutako edozein nobela kaxkar Proust, Faulkner edo Borgesen obra gorenak baino gusturago irakurtzeko gauza naiz-eta? Neure burua idazle gisa aurkezteak, batzuetan, otorduetan ardoa gaseosarekin nahastuta edaten duen enologo baten pare sentiarazten nau”.

Ipuin bat idazteko ideia egokia iruditu zaio ardoa gaseosarekin nahastuta edatea maite duen enologoarena, eta irribarre egin du liburu dendako erakusleihoa begiratzeari utzi eta etxera eramango duen autobusaren geltokirantz jo duenean. “Horrela ikusita, honezkero ez dut lortuko inoiz idazle izatea, baina idazle izatera jolas naiteke,”, esan du bere artean, pozik. “Aproposko idazlea izateko aukera daukat nahi dudanean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude