Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen

Joan den larunbatean estreinatu zen, arrakasta handiz, Martutenen (Donostia), Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen bideoa, Ander Edok zuzendua eta nik Martuteneko Euskara Batzordearen enkarguz idatzitako ipuin honetan oinarritua:

Engraxi Martutenen bizi izan zen ia ehun urtez, baina duela hamar urte hil zenean bere gorputza Polloeko hilerrian utzi eta zerura igo behar izan zuen, berak nahi ez bazuen ere. Zerua esaten diogu hildakoak gorputza utzita joaten diren lekuari, baina inork ez daki hori duen benetako izena, ezta non dagoen ere. Dena esateko, benetan zerurik edo dena delakorik ba ote den edo ez ere ez daki inork.

Zeruan lasai eta gustura bizi dira hildakoak, hala bizi zirenean zintzo izandakoak nola gaizto izandakoak, bertutetsuak zein bekatariak, denak berdin-berdin, arazorik gabe. Handik mugitu gabe munduan gertatzen denaz enteratzen dira, baina munduan parte hartu gabe. Ondo bizi dira, baina batzuetan aspertu egiten dira.

Engraxik, hildako guztiek bezala, mundu guztian gertatzen den guztiaren berri daki, berez, baina Martuteneko kontuekin du beti interes berezia. Hil eta gero ere, bizi zenean bezala, Engraxi oso-oso-oso Martutenekoa da.

Horregatik, hilean behin, zeruan baimena ematen diotenean, Engraxi Martutenera itzultzen da, bertakoen artean egotera. Batzuetan bakarrik, beste batzuetan ez.

Hilda dagoenez, gorputzik gabe itzultzen da Engraxi Martutenera, eta, berak dena ikusi eta entzun arren, inork ez du Engraxi ikusten edo entzuten. Sentitu, ordea, batzuek sentitzen dute ondo-ondoan jartzen zaienean, nahiz eta ez jakin zer den sentitzen duten hori.

Aurreko batean, hilean behingo bisita horietako bat egin zigun Engraxik, eta Klaus izeneko gizon bat ekarri zuen ondoan, alemaniarra, zeruko bere (orain arteko) azken nobioa, edo, beste era batera esanda, zeruko nobio berria.

Martutenera iritsita, Engraxik eta Klausek egin zuten lehenengo gauza zubi berriko obretan sartzea izan zen. Gorputzik ez dutenez, bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten lanak, arriskurik gabe eta langileei enbarazurik egin gabe. Engraxik auzoa nola geratuko den jakin nahi zuen, eta poz berezia sentiarazi zion Martutene, behingoz!, uholdeen arriskutik libre izango dela pentsatzeak.

Gero, Martutene bisitatzen duen bakoitzean bezala, auzoko baserrietara jo zuen Engraxik, Klaus atzetik zuela; banan-banan erakutsi zizkion nobioari oraindik ere bizirik eta lanean jarraitzen duten Martuteneko baserriak: Antondegi, Lizarrategi, Parada, Olatxo, Agirretxe, Okendotegi, Goiatz… Baserri horietan, bertako barazki, okela eta fruta jan zuten, mauka-mauka, plazer handiz.

Guk, bizi garenok, ezin dugu oso ondo ulertu nola jan dezaketen hildakoek, ez baitaukate gorputzik, ez baitaukate ahorik, eztarririk edo triparik. Baina jan egiten dute, bai, eta Engraxirentzat plazer handia da baserrietako produktuak jatea Martutenera itzultzen den bakoitzean. Klausek ere gustura irentsi zuen Martuteneko janaria, Alemaniako saltxitxekin asko akordatu gabe.

Ondoren, nola ez ba!, Martuteneko hiru sagardotegiak bisitatu zituzten: Barkaiztegi, Lizeaga eta Gartziategi ; eta, beren erara, hildakoen erara, guretzako ulertezina den moduan, sagardoa edan zuten.

Engraxi oso sagardozalea izan da beti, eta gustura edan zuen. Klausi hasieran kosta egin zitzaion sagardoaren zapore mingotsera ohitzea, baina erronda amaitu zutenean Engraxiri galdetu zion ea ez al zegoen sagardotegi gehiago Martutenen. “Lehen bai, bazen gehiago, baina orain, zoritxarrez, hiru hauekin konformatu behar dugu”, esan zion Engraxik.
Zubi berriko lanen inguruko jakin-minaz gain gosea eta egarria ere ondo aseta, ibaian buelta bat egin zuten gero, traineru batean baleude bezala, arraunean, eta gero Pilarreko etxeen artean buelta bat, bertako dendetan sartu-irtenak eginez eta erosleen eta saltzaileen arteko solasak entzunez. Engraxik jende ezaguna ikusi zuen, baina jende ezagunak ez zuen Engraxi ikusi. Horrelakoak dira hildakoen lur gaineko ibilerak.

Eskolatik irten berriak ziren umeekin egin zuten topo arratsaldean parkean, eta Engraxik bere hiru birbilobak ezagutu zituen: bat bizikleta txiki batean batetik bestera, bestea baloi baten atzetik eta amaren bularretik esnea hartzen txikiena…

Bizikletan zebilena Martuteneko trena eta Ran Rober Ran kantatzen ari zen, Imanol Urbietak aspaldi hementxe, Martutenen, irakasle zela sortutako kantuak biak ere.

Pozik geratu zen Engraxi umeei begira, baina pena handia sentitu zuen ezin zituelako besoetan hartu.
Klausek eten zuen Engraxiren une sentikor hura, sagardo gehiago edan nahi zuela eta taberna batera eramateko eskatu zionean.

Zerura itzultzean, Engraxik esan zion Klausi zorte handia zela Martutenen bizitzea, eta zorte handia, baita ere, hilda egon arren, hilean behin Martutenera itzuli ahal izatea, nahiz eta martutenetarrekin hitz egiterik ez izan.

“Berriro itzultzen zarenean, abisatu eta zurekin etorriko naiz”, esan zion Klausek. “Martuteneko sagardoaren pareko edaririk ez da zeruan”.