Behiei mintzo

Izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide batek esan du euskara “behiei hitz egiteko hizkuntza” dela, eta aberrazio barkaezina, horrenbestez, euskara gaztelaniaren pare jartzea, ospeari zein eskubideei dagokienez. Euskaldun askori barruan min ematen digu halakoak entzuteak, eta tertuliakide horren adierazpenak biral bihurtuak ditugu dagoeneko geure foro birtualetan.

Ez dauka arrazoirik tertuliakide zital horrek, jakina, nola ba!, besteak beste, Iñaki Segurolak ongi gogorarazi zigun bezala, arrazoia ez dagoelako edukitzerik. Baina aitortu behar da esan duena esateko arrazoiak ez zaizkiola falta, askotan geuk emanak, euskaldunok, geuk halakorik uste gabe, geure hizkuntza behiei, txakurrei, umeei eta –asko jota, onen-onenean– etxekoei eta lagunei hitz egiteko hizkuntza dela usteko bagenu bezala jokatzen dugulako.

Izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horren adierazpena egunero gosaldu beharko genuke euskaldunok, egunari tinko, indartsu eta fier ekiteko, tertuliakide horri ileak lazteko gogoa gidari nagusi dugula. Onak gara ba gu, alajaina!, norbaitek kontra egiten digunean!

Horretarako, izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horri ileak lazteko, batzuetan euskalkia beharko genuke, beste batzuetan Xabier Amurizak sukalkia deitzen duena –norberaren bailarako, herriko, herrixkako, auzoko, kaleko, etxeko edo baitako euskara–, baina batua artifiziala dela gogorarazten, geza dela salatzen eta gupidarik gabe gutxiesten hasten bagara jai izango dugu, izenik gogoratzen ez dudan –eta gogoratu nahi ere ez dudan– tertuliakide horri esan duena esateko arrazoiak ematen jarraituko baitugu, haren buru gaineko gominari ikararik txikiena ere eragin gabe.

Honaino nire gaurko hausnarra, Euskal Herriko behi maiteok. Behiez aparteko irakurle bakanei, goraintziak eta esker bereziak zuen arreta finagatik.

Lehen post-data: Saiatu arren gogoratzea lortzen ez dudan norbaitek –barkatuko ahal dit!– Bitoriano Gandiagaren poema hau berreskuratu du, egokitasun handiz nire ustez, gai hauen harira, Twitterren: “Hemen / euskaldun izatea bezalako / gudaririk ez dago. / Hemen euskaraz irakurri / eta euskaraz idaztea bezalako / iraultzailerik ez dago. / Hemen / euskara indartzea bezalako / indar politikorik ez dago. / Hemen ez dago / euskara adinako desafiorik / inperio zurrupariaren / aurka. / Hemen ez dago / euskara adinako / askatasunaren aldeko / itxarobiderik”.

Bigarren post-data: Interesgarriak iruditu zaizkit Maribi Unamunoren hitzak, atzoko Berrian: “Nik uste dut hor ekarpena egin dugula, euskalkiei prestigioa emateko. Gertatzen da beste muturrera joaten garela ere, eta batua ez dela ezertarako behar esaten dutela batzuek. Eta gainera ez du euskalki landua egingo, bere etxean egiten dena baizik. Hori ere ez da, hizkuntzak komunikazio baliabide den heinean, komunikatzeko balio behar baitu. Eta ez gurean zein ondo egiten den erakusteko. Bestalde, euskalkia egitea ere denari deitzen zaio, baita euskalki pobre bat egiteari ere, eta hor identifikazio faltsu asko daude. Batzuetan nahi dugu hizkuntza izatea norbere identitatearen parte, baina orduan urrunegi eramaten dugu, eta esaten dugu norbere identitatea dela beste inorena baino gehiago”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude