KMKz, ezin ulerturik

Denbora gutxian Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneari buruzko bi elkarrizketa irakurri ditut El Diario Vasco egunkarian –eta gehiago ere argitaratuko ziren seguru asko, ezin nik hori jakin–, eta batean bezala bestean elkarrizketatutako adituak nahitaezkotzat jotzen du bi urte barru hasiko den eraldaketa, zentroa hainbat urtez itxita egotea eragingo duena.

Beharbada neuk ditut kulpak, egunkariak gero eta arreta gutxiagoz irakurtzeko dudan joera deitoragarriagatik, baina bi kasuetan elkarrizketa irakurri eta gero jabetu naiz ez dudala ulertu zergatik eta zertarako itxiko den KMK, eta norbaitek gaiari buruz galdetuko balit ez nukeela asmatuko erantzuten.

Beharbada neuk ditut kulpak, oinarririk gabeko susmoak gero eta erraztasun eta axolagabekeria handiagoz izateko eta zabaltzeko dudan joera tamalgarriarengatik, baina Artelekurekin gertatu zena ekarri didate gogora KMKren etorkizunaz irakurri ditudanek. Orduan ere, agintariak eta haien gogaide ziren adituak entzuten eta irakurtzen nituenean, ez nuen ulertzen zen egin nahi zuten. Gero, Artelekuren azken arrasto gisako hura, Kalostra deitutakoa, ixterakoan, Denis Itxasok esan zuen, gutxi gorabehera, Tabakalera edukita bikoizketa ekonomikoki jasanezina zela Kalostra. Ordurako Arteleku, gune fisiko bezala, itxita zegoen, eta, Kalostrarekin batera, Artelekuren espirituaren azken izpia desagertu zen.

Ez dakit nire zalantzak argitzerik eta nire susmo gaiztoak ezeztatzerik ahal izango lituzkeen inor dagoen, baina halakorik balego, zinez eskertuko nioke ahalegina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude