Gaur egungo liburu baten aburuak

(Berriako Hirudia zutabea, 2017-12-28)

Duela urtebete pasatxo 1980ko hamarkadako euskal literaturako liburu bat elkarrizketatu nuen, Liburu baten aburuak artikuluan. Oraingo honetan, hamarkada honetako liburu baten gogoetak dakartzat, berak zuzenean kontatuak. Bada alderik bien arranguren eta kontsolabideen artean, baina funtsean ez dira guztiz desberdinak:

«Ez dira urte asko igaro argia ikusi nuen egunetik. Ondo gogoan dut. Editorearekin batera etorri zen egilea inprimategira. Goxo-goxo hartu ninduen eskuetan, ilusioa begien distiran, irribarre zabala ezpainetan. “Iritsi da inoiz ez zela iritsiko ematen zuen eguna”, esan zion editoreari. Oso une hunkigarria izan zen.

»Biltegi handi batera eraman zituzten nire ale fisiko gehienak editorearen autoan, baina egileak hogei bat eraman zituen etxera kartoizko kutxa batean.

»Handik astebetera prentsaren aurreko aurkezpena egin zuten, kriptan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, bospasei kazetariren eta egilearen dozena bat adiskide eta ahaideren aurrean. Editorearen laudorio suharren, egilearen azalpen eta aitorpen hunkituen eta bildutako jendearen mirespenezko iruzkin goxoen artean, hazita eta puztuta sentitu nintzen, euskal literaturaren historian leku garrantzitsu bat bereganatzera deitua.

»Bezperako egunkarietan dotore agertu nintzen. Batzuetan besteetan baino leku gehiago eskaini zidaten, baina gehienek zekarten egilearen argazki bat ni eskuetan hartu eta kameraren objektiboari erakusten, irribarrez, lan luze eta gogor baten ondoren emaitza eskuratu duenaren poza agerian. Irratira eta telebistara ere joan zen egilea, nitaz hitz egiteko, eta hainbat webgunetan ere aipatu gintuzten, nahi zuenaren eskura liburu-dendetan nengoela gaztigu emanez.

»Hurrengo asteetan hiruzpalau kritika agertu ziren egunkari-aldizkarietan, ez laudorio sutsuz beteak, dena esan behar bada, baina bai egilearen lana eta ahalmena aitortuz idatziak behintzat, baita iruzkin pare bat ere 111 Akademiako webgunean, bata ni irakurtzeko gomendioa eginez, bestea ez dudala irakurtzen hasterik ere merezi esateko. Hiru irakurle-klubetan izan nintzen mintzagai, eta elkarrizketa pare bat egin zizkioten egileari, ni “aitzakiatzat hartuta”.

»Aste distiratsu eta zoriontsuak izan ziren haiek, esperantza handikoak, guretzat.

»Gero, ordea, ia-ia oharkabean, une traumatikorik gabe, alegia deus ez, isiltasunak eta ahanzturak bereganatu gintuzten, mantso baina tinko, ezarian baina gupidagabe, egilea eta biok.

»Beste asko bezala, liburu ahaztua naiz orain, literaturari buruzko eztabaida eta antologia guztietatik kanpo geratua betiko eta erremediorik gabe, liburu berrien ekoizpen zoro etengabeak bazterrean utzia eta berreskuratua izateko esperantzarik gabe, ez dudalako horretarako inongo helduleku egoki eta baliagarririk eskaintzen, eta egilea ere hasi da, ikaragarri kostata bada ere, horretaz ohartzen eta errealitate horrekin etsitzen eta bizitzen ikasten.

»Ondo pentsatuta, ez gaude kexatzeko moduan. Bizi egin gara eta, geure apalean, bizirik gaude oraindik ere. Egileak idazten jarraitzen du, nahiz eta badakien zaila izango zaiola nirekin iritsi ez den inongo ostertzera iristea beste libururen batekin, gero eta jabetuagoa baitago bere mugez eta ezintasunez. Ni ere konforme nago neure egoerarekin eta estatusarekin, euskal literaturaren historia bere berantiarrean luze eta aberatsean, bere apalean hain meritu handikoan, puntu ñimiño infinitesimal ikusezina izatearekin.

»Horregatik, ez nau jada minduko nire ale fisiko batzuk azoka txikietan merke saltzen direla ikusteak, edo liburutegietan nahi duenak doan hartzeko ezarritako liburu multzoetan daudela, ni baino askoz zaharrago ez diren liburu batzuk dauden moduan. Badakit nire ale fisiko batzuk suntsitu egingo dituela aurki argitaletxeak, biltegian lekua gehiago izateko. Ez zait axola. “Azken batean”, galdetzen diot sarritan neure buruari, “liburuon zeregina ez al da ba giza bizitzaren aintzak eta miseriak islatzea, gizakiaren handitasuna eta txikitasuna erakustea?” Nire zeregina ondo betetzen ari naizela pentsatzeak lasaitu egiten nau eta bakean bizi naiz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude