Lanbropeko bazter

(Berriako Hirudia zutabea, 2018-01-18)

Indar handiko argazkia argitaratu zuen berripaper honek joan den larunbatean, 30. orrialdean, Joxan Artzeren heriotzaren albisteari eskainitako tarte oparoan. Joxan Artze, Mikel Laboa eta Xabier Lete agertzen dira argazki horretan, elkarrekin solasean. Imanol Otegik Argazki Press agentziarako 2007ko maiatzean egindako argazkia da, Artzeren Isturitzetik Tolosan barru liburuaren berrargitalpenaren aurkezpenekoa. Gure kulturako hiru erreferente erraldoi, dagoeneko hilak hirurak, hortxe, ia ukitzeko moduan, oraindik orain, hamaika urte ere ez baitira pasatu.

Cesare Pavese aipatuz (“Izan zen gizon bat / saiatu zena, / baina ez zuena asmatu”), Letek esan ohi zuen artista edo sortzaile gisa huts egin zuelako irudipena zuela, eta benetan esango zuen hori, azken batean arrakasta erabatekorik ez baita, ez adierazpen artistikoan ez beste ezertan, baina guk ondo dakigu Letek eta argazkiko beste bi lagunek –beren garaiko beste kide batzuek bezala– ez zutela huts egin, lortu zutela beren hitzekin, doinuekin eta jendaurreko agerpenekin hartzaileengana bete-betean iristea; are gehiago: lortu zutela artean ere “herria” deitu zitekeenarengana bete-betean iristea.

Bere buruarekin kritiko izan arren, Letek bazekien hori, eta halaxe adierazi zuen, 2009ko urtarrilean argitaratutako elkarrizketa batean: “Orain dela gutxi esan dit Ez dok Amairuko adiskide batek batzuetan oso modu inprudentean mintzatzen garela gure iraganaz, oso autokritikoak agertzen garelako, eta ez garelako konturatzen zenbateraino izan ginen jende askorentzat erreferentea. (…) Jendeak askotan agertzen dit Ez dok Amairuk egindakoagatik esker ona, esanez euskalduntzen, euskalzaletzen, euskara ikasten eta gure aberriarekin bat egiten lagundu geniela. Eta hori egia da. (…) Baina neuk egin dudan lan pertsonalari, batez ere kantari gisa egindakoari, ikuspegi autokritiko batez eta jendeak pentsa dezakeenetik harago begiratuz gero, nik ikusten dut ahaleginak badaudela, asmoak eta anbizioak badaudela, baina gero lortu dudan hura beti txikiagoa geratu dela”.

Artze, Laboa eta Leteren –eta Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Julen Lekuona eta beste askoren– lanaren berezko indarrak ondo baino hobeto erantzun zion historiak parean jarri zion hartzailearen egarri biziari, eta lehergarria gertatu zen konbinazioa. Hobeto egin nahiko zuten, eta azterketa formal zorrotz bat eginez gero agertuko lirateke akatsak eta hutsuneak, baina argi dago ez zutela huts egin. Lanbropeko bazter eder izan ziren. Lanbroak edertu egin zituela? Akaso. Baina berezko edertasunik izan ez balute lanbroak zatartu baino ez zituen egingo.

Joana da garai hura. Onerako zein txarrerako. Orain, ez gara lanbropean bizi, eguzkipe itsugarri eta agortzaile baten mendean baizik. Orain, sakon aztertuz gero, moroak izaten jarraituko dugu beharbada behe-lainopean, baina oso bestelako itxura daukagu, oso bestelako kontzientzia eta oso bestelako egarria. Orain, euskal artistari –alferrik egingo ditu kalitate ikaragarriko lan formalki hutsik gabeak– ez zaio hain erraza parean egokitzen zaizkion hartzaileen egarriei erantzutea, hartzaile horiek, edo hartzaile horietako gehienak behintzat, aseta eta are enpo eginda baitaude hango eta hemengo denetariko eskaintzekin. Orain, ez dauka euskal artistak garai batean “herria” deitu zitekeenarengana bete-betean iristerik, “herria” izan zen hori mila puskatan deseginda eta disolbatua dagoelako, guztiz likido bihurtua ez bada.

Hala ere, oharkabean edo jakinaren gainean, argazkiko hiru horiek eta horien garaikoek irekitako bidean egiten du aurrera euskal artistak, baita bide hori, oharkabean edo jakinaren gainean, ukatzen duenean ere. “Gu ez ginateke hemen egongo lehen halakorik ez balitz”, esan zuen Maialen Lujanbiok, Baionan, Joxan Artzeren omenez, hura hil zen egun berean. “Gero etorri diren guztiak ez ziren horrela sortuko hura egon ez balitz”, esan zuen Benito Lertxundik, Usurbilen, biharamunean, Joxan Artzeren hiletaren egunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude