Joxan Artze, oroitzapen batzuk

Usurbilgo Noaua aldizkariak gehigarri bikaina eskaini dio Joxan Artzeri. Ohore bat izan da artikulu honekin parte hartzea:

2000 edo 2001 urtearen bueltan hitz egin nuen lehen aldiz aurrez aurre Joxan Artzerekin, Santuenea auzora bizitzera joan berri nintzela. Akaso aurretik, kultura arloko kazetari lanetan, telefonoz hitz egina izango nintzen harekin, baina gogoratzeko moduko harremanik izan gabeak ginen.

Santueneko zubia pasatu berria zuen berak, eta ni pareko janari dendara nindoala uste dut, erosketak egitera. Nik ezagutu egin nuen, jakina, nola ez ba! Joxan Artze! Ez nuen uste, ordea, berak ni ezagutuko ninduenik. Horregatik, ikusi nuenean ez nuen hari kasurik egiteko asmorik. Baina berak egin zidan kasu, ni ezagututa, adeitsu eta abegikor, adiskide hasieratik, eta aspalditik ezagutuko banindu bezala hitz egin zidan. Hika mintzatu zitzaidan eta neuk ere halaxe egin nion, naturaltasun osoz.

Bizpahiru urte geroago, 2003ko udaberrian, berak egin zidan Jesus Mari anaia zendu berriari buruzko liburua idazteko enkargua. Eskertu nion konfiantza, eta berehala hasi ginen lanean. Nire sinadura du Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila liburuak (Zumarte, 2003), baina Joxan eta bion artean idatzi genuen neurri handi batean; edo, beste modu batera esanda, neuk idatzi nuen baina Joxanek gidatuta, zuzenduta eta behar nuen guztian lagunduta. Azken muturreraino eta azken xehetasuneraino lagunduta, jakina, Joxanekin lan eginez gero, izan ere, ezinezkoa baitzen azken muturreraino eta azken xehetasuneraino iritsi gabe gelditzea.

Gogoan dut bazkalondo batean Joxanen etxera lanera joan eta konturatu ginenerako afalordua ondo pasatua genuela, eta lotarakoa ere ondo iritsia. Baina ez pentsa nitaz arduratzen ez zenik edo bihotzik gabe esplotazen ninduenik. Gustatzen zitzaion ni Patrira berarekin bazkaltzera eramatea, ondo zainduta senti nintzan. Gustatzen zitzaion ni gustura ikustea.

Jesusen biografia idazterakoan familia ere ezagutzeko eta tratatzeko aukera izan nuen, batez ere Beatriz Azaldegi, Jesus zenaren alarguna, eta oso oroitzapen goxoak gordetzen ditut harreman hartaz. Pena handia hartu nuen 2008an Xanpol Harreguy hil zela jakitean, Joxean eta Jesusen arreba Txaroren senar zena.

Dozena bat urte da Usurbilen bizitzeari utzi nionetik, eta aitortu behar dut harrezkero ez dudala harreman askorik izan ez Joxanekin ez haren ingurukoekin. Joxani pare bat bisita egin dizkiot hala ere tarte horretan. Batean, argazki batzuk atera nizkion etxeko egongelan, bere poemak ordenatzeko arotz bati enkargatu zizkion panelen ondoan. Bestean, duela lau urte, Berria egunkarirako elkarrizketa egin nion, heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) liburu argitaratu berriei buruz. Sekulako lanak hartu ondoren, lortua zuen idatzita zeukan poema mordoaren zati bat behintzat ordenatu eta argitara ematea. Dena den, uste dut argitaratu gabe ere geratu zaiola pila handi bat.

Adeitsu eta abegikor hartu ninduen bisita horietan ere, beti bezala, eta Himalaiako tea hartu genuen elkarrekin, etxeko leihotik Zubietako erraustegia egiteko aukeratutako lekua erakutsi eta proiektu horren burugabekeriari buruzko komentarioak egiten zizkidan bitartean.

Adeitsua eta abegikorra zela esan dut. Baina oso koherentea ere bai, azken muturrerainokoa eta azken xehetasunerainokoa horretan ere. Eta oso zorrotza; zorrotza bere buruarekin lehenik eta batez ere, eta besteekin ere bai, hala izan behar zuela irizten zionean. Badut txorakeria bat dirudien arren zorroztasun hori ondo erakusten duen oroitzapen bat. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren aurka zegoen Joxan, eta erakutsi behar zen lekuan ere erakutsi zuen hori, nagirik gabe. Baina ez zuen batere gustuko langile ohiok, itxieraren aurka protesta egiteko, Egunkaria aurrera! leloa idatzita zuela atera genuen bisera, “guztiz yankia” zelako. Egunero galtza bakeroak janzten ditugunoi zer pentsatua eman beharko ligukeen anekdota txiki hori da Joxan Artzerengandik gordetzen dudan oroitzapen partikukar eta kutunenetako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude