Ba ni batuene banauk ni

“Ni euskera batuen ez naun ni”, entzun diot, Azkoitiko Maxixatzen aldizkariak sareratutako bideo batean, Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak lurrin irratsaioko kide bati, Miguel Angel Rodriguez Miel azkoitiar gazteari. Eta sinetsi eta ulertu diot, benetan, neuk ere bizi izan dudalako, eta bizi dudalako oraindik ere neurri batean, sentimendu hori. Nik, bestalde, tarteka baino ez bada ere, interes handiz eta oso gustura entzun izan dut Hankak lurrin irratsaioa, zinez gomendagarria iruditzen zait, eta oso ondo irizten diot saio horretan hitz egiten duten bezala hitz egiteari, herriko euskaran. Seguru asko horixe da, izan ere, saioaren arrakastaren gakoetako bat. Bejondeiela!

Hori guztia hala izanik ere, ni kezkatu egiten nau gazte euskaldun bati “Ni euskera batuen ez naun ni” entzuteak. Uste baitut euskaldunok batuan (ere) geu izaten ikasi eta ohitu ezean, euskara txokoko hizkuntza izatera kondenatuko dugula, erlikia antropologiko guztiz eder eta miresgarri baina batere malgutasunik, zabalkunderik eta etorkizunik gabea, eta –batua, oinarrian, arau-emailea dela izanik paradoxikoa badirudi ere– batere askatasunik gabea.

Horregatik, jakin-minez eta asmo gaiztorik gabe (Mielen esaldia eta Mielek bere herriko euskarari dion atxikimendua gaitzesteko inongo asmorik gabe), gustura galdetuko nioke Mieli:

1) Erderaz i al aiz?
2) Ze izkuntzetan letzeittuk liburuk ta periodikuk?
3) Ze izkuntzetan ikusteittuk pelikulek?
4) Ze izkuntzetan ikustek telebixue o aitzek radixue?
5) Aguraingo, Larresoroko, Sarrikota-Piako, Faltzesko, Lanestosako, Kopenageko, Parisko, Kairoko, Uagaduguko edo Brisbaneko lagun euskaldun bati karta bat eskribiu berbaixok, ze izkuntzetan eskribiukoixok?
6) Letzekanin, telebixue ikustekanin o radixue aitzekanin, karta bat eskribitzekanin, i al aiz?
7) Iñoiz seme-alabaik baldin badek, ze izkuntzetako eskolie nai izengok aixentzat, (eskolaik nai izetekotan, klaro)?
8) Ba ni batuene banauk ni (usteiat beintzet). Ze mouz ik ere probatzen badek? Etzak damutuko. Animo, motel!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude