Gertuko mendien alde

Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberriaren pasarte bat berrirakurtzen ari naizela, esaldi hauek geldiarazi naute: “Abaituak ibiltzeko beharra du ordea, gorputza nekatzekoa. Atseginak ditu zeharkaldiak, menditik begiztatutako herri hartara iristea, beren intimotasunean atzematen dituela iruditzen zaio lehendabiziko etxe baratzedunetara heltzen delarik, ibilitako landa, apurka, kale bihurtzen hasten den eremura”.

Hitz gutxirekin laburbiltzen du Saizarbitoriak mendian ibiltzeak eman didan plazerik handienaren funtsa: edozein herri, auzo, baserri, borda edo mendi-txoko anonimotako intimitate printza txikiak dastatzea inor gogaitzen edo inori traba egiten ari naizela sentitu gabe, leku batera oinez iristeak zilegitasun moduko baten irudipena ematen baitio ibiltariari. Irudipen hutsa da zilegitasun hori, badakit (José Saramagok aspaldi idatzia da, gaur egungo munduan zakur etxe-zaintzaileek oinezkoei egiten dietela zaunka eta mehatxu, eta ez autoei, eta seguru asko zakur etxe-zaintzaileek bezala pentsatzen dute kasurik gehienetan haien jabeek.) Baina berdin dio. Leku arrotz batera iristean, beti sentituko zara askoz ere bertakoago oinez iritsi baldin bazara, autoz iritsita baino; eta leku horretan aurkitzen duzun lehen ostatuan jandakoa eta edandakoa hobeto asentatuko zaizu, dudarik gabe.

Horregatik, paisaia ederrek baino askoz gehiago hunkitu nau beti, mendira joan naizenean, jendea bere egunerokotasunean ikusteak, kalea landa bihurtzen den eremutik gora, kale-baserrietatik hasi eta gailurretako gurutze eta buzoi txikietaraino, bidean goragoko baserriak, auzo txikiak, baseliza ezkutuak, iturri apalak, ardiz, behiz edo zaldiz zipriztindutako belazeetatik pasatuta. Batzuetan jendea ikusten duzu, Saizarbitoriak aipatzen duen bere eguneroko bizitza intimo horretan; beste batzuetan, berriz, jenderik ez, baina bai jendeak utzitako arrastoak, ia denak xumeak eta gizatiarrak.

Mendizale gisa, nahiago izan dut beti geure inguruko mendietan ibili Pirinioetako edo urrutiagoko goi-mendietan baino, urrutiko mendialde handi horietan ez baita ia jenderik ikusten, eta ikusten den apurra ez baitago egunerokotasunean, hartatik ihesean baino (aterpetxeetako langileak salbu, jakina).

Giza ahotsik gabeko musika instrumentalaren antzekoak iruditzen zaizkit Pirinioetako eta urrutiagoko goi-mendiak eta mendialdeak, beren edertasuna giza arrastorik ezean oinarritzen duten paraje horiek. Ederra da musika instrumentala, ederrak dira Pirinioetako eta urrutiagoko goi-mendiak, bai horixe!, baina, musikak ahots batek urratzen duenean bezala, bestelako gertutasun ukigarri eta hunkigarri bat dauka mendiak gizakiaren egunerokotasunaren ikuskizun biluzia txikitasunaren lotsarik gabe erakusten dizunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude